-
Euskara eta Literatura II irakasgaiak ez du portaera berezirik erakusten USaPeko emaitzak osotasunean aztertzen direnean
-
EHUk errekurritu egingo du USaPen harira epaileek hartutako erabakia
-
Oceanus Plasticus proiektua saritu dute diseinu grafikoko lehiaketa garrantzitsuenetan
-
Proiektu arkeologikoa Cabo Verden
-
Euskal kazetarien artean Adimen Artifizialaren erabilera zalantza etikoek baldintzatzen dute
Milaka graduatu elkartu ditu EHUk San Mamesen, aurrekaririk gabeko ekitaldian
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetako 3.500 ikasle baino gehiago izan dira protagonista EHUren ikasketa-amaierako lehen ekitaldi bateratuan. San Mames ezagutzaren, talentuaren eta euskal unibertsitate publikoaren ospakizun handi bihurtu duen jardunaldi historiko izan da
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2026/06/12
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) ekitaldi historikoa izan du gaur San Mamesen. Hiru campusetako graduko eta graduondoko 3.500 ikasle baino gehiagok parte hartu du unibertsitatearen ikasketen amaierako lehen ekitaldi bateratuan. Aurrekaririk gabeko ospakizun honek milaka lagun bildu ditu eta Bilboko estadioa ezagutzaren, ahaleginaren eta etorkizunaren agertoki handi bihurtu du gaurkoan.
Horrela, euskal unibertsitate publikoak proiektu berritzaile eta anbiziotsu bati ekin dio. Ekimen horri esker, graduatu belaunaldi oso bati batera agur esateko aukera izan dute, EHUren tamaina, aniztasuna eta bikaintasuna erakusteko diseinatutako ekitaldi handi batean.
Arratsaldeko lehen ordutik bertatik, San Mames ingurua ikaslez, senidez, lagunez eta unibertsitate komunitateko kidez bete da, une berezi hau elkarrekin partekatzeko asmoz. Argazkiak egiteko prestatutako guneak milaka pertsonaren topagune bihurtu dira, emozioz, sinbolismoz eta harrotasun kolektiboz beteriko ekitaldiari hasiera eman aurretik.
Ekitaldia Ehunenekoak abestuz hasi da, EHUren ereserkia, EHUabesbatzaren eskutik. Estadio osoa zutik zela, ikasleek urte luzez egindako ahalegina aitortu eta gizartearen orainari eta etorkizunari egiten dioten ekarpena balioan jarri duen ospakizunari eman dio hasiera emanaldiak.
Ekitaldiaren handitasuna agerikoa izan da antolakuntzan: 44 metroko agertokia, 26 metroko pantaila erraldoiak, zelai gainean jarritako ia 3.700 aulki, 200 doktore inguruk osatutako segizio akademikoa eta fakultate eta eskoletako dekano eta zuzendarien parte-hartzea. Horri guztiari esker, gure herriko ezagutza eta eraldaketa sozialaren eragile nagusietako bat den erakundearen, Euskal Herriko Unibertsitatearen, mailako ospakizuna gauzatu ahal izan da.
Jardunaldiaren beste une aipagarri bat Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuaren eta unibertsitateko katedradunaren hitzaldia izan da. Ekitaldiko aitabitxi lanak egin ditu eta Ezagutzaren mugak hitzaldia eskaini du, ezagutzaren, zientziaren eta haien mugen inguruko hausnarketa eginez.
Ekitaldian, gainera, lehen aldiz banatu dira EHUalumni sariak, unibertsitatearekin lotutako ibilbide profesional eta pertsonal bikainak aitortzeko sortuak. Sarituak izan dira Sofia Arribas arkitekto eta diseinatzailea, Itxaso Ariza ingeniaria, Iñigo Lamarka abokatua eta EHUalumniren lehen presidentea, Teresa Madariaga ekonomialaria, Carmen Mijangos kimikaria eta Iraia Iturregi entrenatzaile eta futbolari ohia.
Graduatutako ikasleei egindako omenaldiak, fakultate eta eskoletako talde dekano eta zuzendariek gidatuta, EHU osatzen duten jakintza-arloen aniztasuna eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest dagoen profesional belaunaldi berri baten potentziala erakutsi ditu.
Kulturak ere protagonismo berezia izan du ekitaldi osoan zehar, EHUko ikasle ohien eskutik etorritako hainbat emanalditan. Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariek, Nøgen eta Janus Lesterren musika emanaldiekin batera, emozioa, nortasuna eta sormena ekarri dizkiote unibertsitateko ikasgeletan sortutako talentua ere ospatu nahi izan duen jardunaldiari. Gainera, Sol Band Gaza eta Eñaut Elorrietaren emanaldiaren bidez, Euskal Herriko Unibertsitateak elkartasuna adierazi dio Palestinari.
Ekitaldiko unerik ikusgarrienetako bat amaieran iritsi da. Joxerramon Bengoetxea errektorearen hitzartzearen ondoren, milaka ikaslek aldi berean airera jaurti dituzte txapelak San Mamesen, etapa baten amaiera eta aukera, erronka eta ilusioz beteriko beste baten hasiera sinbolizatu dituen irudia.
Ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izan da ETBOn plataformaren bidez, eta hainbat komunikabidek zuzeneko konexio bereziak egin dituzte, egun osoan zehar. Horri esker, ospakizunak unibertsitatearen esparrua gainditu eta gizarte mailako garrantzi handiko ekitaldi bihurtu da.
Izan ere, ekitaldi honen bidez, “EHUk berriro ere berretsi du goi-mailako hezkuntza publiko, inklusibo eta bikainarekin duen konpromisoa, gure inguruko eraldaketa zientifiko, teknologiko, kultural eta soziala gidatuko duten belaunaldiak prestatzeko gaitasuna duena”, adierazi du Joxerramon Bengoetxea errektoreak.
“Gaur San Mamesen egin den jardunaldia mugarri bat izan da unibertsitatearen historian, eta, gainera, jarraipena izateko asmoarekin sortu da. Ezagutzaren, ahaleginaren eta graduatu berrien talentuaren ospakizuna izan da, euskal unibertsitate publikoaren balioak bidelagun hartuta etapa berri bati ekingo dioten milaka pertsonarena”, amaitu du.