UPV/EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak Euroeskualdeko Bikaintasun Campusa sendotuko dute
II. Euskampus-Bordeaux Simposioak 350 lagun bilduko ditu, mugaz haraindiko lankidetza proiektua bultzatzeko asmoz
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2015/11/26
UPV/EHUk, azaroaren 26 eta 27an, Gipuzkoako Campusean, II. Euskampus-Bordeaux Simposio egingo da. Bordeleko Unibertsitateak eta UPV/EHUk antolatu dute topaketa hori, Euroeskualdeko Nazioarteko Bikaintasun Campusaren proiektuaren harira. Gaur ospatu den inaugurazioan izan dira: Fernando Plazaola, UPV/EHUko errektorea jardunean; Manuel Tuñón de Lara, Bordeleko Unibertsitateko presidentea; Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, eta Solagne Merival, Akitaniako Kontseilu Erregionaleko presidenteordea.
Bi unibertsitateek bultzatu dute Euroeskualdeko Nazioarteko Bikaintasun Campusa, 2014an Bordelen egindako I. Sinposioan formalizatu zutena. Euroeskualdeko Campusa prestakuntza, ikerkuntza eta ezagutza transferentziaren esparru komuna da. Campusak Akitania-Euskadi ezagutzan oinarritutako euroeskualde gisa sendotzen laguntzen du, baita nazioartean zabaltzen ere. Unibertsitate bietako kideek eta haien bazkide estrategikoek (DIPC eta Tecnalia, UPV/EHUri dagokiola; eta Bordeleko Unibertsitatearen kasuan, CNRS, INSERM, Université de Bordeaux Montaigne, Bordeaux INP, Bordeaux Sciences Agro eta Bordeaux Sciences Po) egindako jarduera partekatu jakin batzuen bidez egituratzen da: titulazio bikoitzak, elkarlaneko zuzendaritzak, Europako proiektuak, ikerketa egitura elkartuak, ekintzaile programak, lan praktikak, etab. Plan anbiziotsu horrek 120.000 pertsona baino gehiago hartzen ditu: unibertsitate bietako ikasleak (110.000), irakasle eta ikertzaileak (9.000), eta administrazio eta zerbitzuetako langileak (5.000). Inola ere, eragin ekonomiko handia izango du euroeskualdean. Gainera, erakundeen konpromiso maila eta esparru guztietan (prestakuntza, ikerkuntza eta transferentzia) eman den aurrerapena direla eta, mugaz haraindiko proiektu paregabea da Europan.
Euskampus-Bordeaux II. Simposioak erakunde akademiko bien arteko lankidetza sendotzen lagunduko du. Halaber, harremana indartuko du bi unibertsitateen kideen komunitateekin, eta baita Akitania-Euskadi Euroeskualdearen ezagutza triangeluan ezinbesteko proiektuak gauzatzen dituzte beste gizarte eragile eta organizazioekin ere.
Lankidetza horren fruitu izan dira, dagoeneko, emaitza hauek:
- Graduondoko 6 titulazio bikoitz, unibertsitate bien artean.
- 22 tesi zuzendu dira elkarlanean, eta, aurtengo ikasturtean, beste 10 abiatuko dira. ikertzaileen komunitate bat osatu da; elkarlaneko tutoretza edo zuzendaritzapean dauden doktorego aurreko ikertzaileek eta haien zuzendariek osatzen dute. Elkarlaneko tutoretza edo zuzendaritzapean dauden ikertzaile horientzat, UPV/EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak aitortutako prestakuntza ibilbidea abiatu da.
- Nazioarteko proiektuen 14 proposamen aurkeztu dira H2020, Erasmus+ eta EIT programetarako, eta horietatik 3 onartu dira. Bestalde, KIC Raw MatTERs partzuergoan ere parte hartu da. Halaber, beste 15 proiektu prestatuko dira hurrengo deialdietarako.
- Euroeskualdeko Campusa ezinbesteko elementu bihurtu da 2014-2020 Akitania-Euskadi Plan Estrategikoa garatzeko. Plan estrategiko horren barruan, pasa den urrian, lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Euskampus Fundazioak (UPV/EHUren Nazioarteko Bikaintasun Campusaren gobernantzaz arduratzen den fundazioa) eta Euroeskualdeak, Euroeskualdeko Campusa osatzeko. Horretarako, Euroeskualdeak finantzazioa emateko konpromisoa hartu du.
- Euroeskualdeko Campusa garatzeko, Euskampusek eta IdEx Bordeaux-ek (Bordeleko Unibertsitatearen bikaintasun ekimena) abian jarri dute Tresna Euskarri bat: Euskampus Bordeaux International Support – EBIS. Horren bidez, giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak komunitatearen zerbitzura jartzen dira, lankidetzak sustatzeko eta kudeatzeko.
- Euroeskualdeko Campusaren nortasun digitala zehaztu eta abiarazi da (http://www.ehubaq.eu).
- Lehendabiziko Euskampus-Bordeaux Euroeskualdeko Sinposioa egin zen 2014an: 300 pertsona baino gehiago bildu ziren, 14 zientzia saiotan eta 6 administrazio saiotan. Lehenengo edizioak Euroeskualdeko Campusaren proiektua unibertsitate komunitateetan gizarteratzeko, lankidetza berriak sustatzeko eta zeudenak bultzatzeko.
II. Sinposio honetan bi erakundeetako 350 pertsona bilduko dira. Programan saio, bilera eta topaketa mota ezberdinak daude. Denetan helburua da ikerkuntza, prestakuntza eta ezagutza-transferentzia arloetan lankidetza-ekimenak ezarri edo zabaltzea, hala nola bi unibertsitateen administrazio egituren artean lankidetza prozedurak harmonizatu eta hobetzea. Zehatzago:
- Denera 14 zientzia saio egingo dira, hainbat gairen ingurukoak: osasuna, fabrikazio aurreratua, materialak, ekosistemak eta gizarte berrikuntza, besteak beste. Saio horiekin, ikertaldeen arteko harremanak eta lankidetzak sendotu eta indartu nahi dira, eta aurrera egin nahi da nazioarteko proiektuetan, elkarlanean zuzendutako tesien proiektuetan eta graduondoko titulazio bikoitzen egitasmoetan.
- Bi Lankidetza Memorandum sinatuko dira, bi unibertsitateen artean Mugaz haraindiko bi Lankidetza Laborategi abiatzeko fabrikazio aurreratuaren eta nanomaterialen arloan (azken arlo horretakoa DIPCrekin batera jarriko da martxan). Mugaz haraindiko Lankidetza Laborategi horiek elkarlan handiagoa ahalbidetuko dute, epe luzeko lankidetzarako programa finko bat ezarriko baita.
- Gainera, administrazio eta zerbitzuei buruzko 6 saio egingo dira eta ezagutzaren balorizazioari eta transferentziari buruzko saio berezi bat egingo da, Tecnalia Venturesek koordinatua. Saio horretan bi unibertsitateetako kideek ez ezik, enpresak eta inbertsiogileek ere parte hartuko dute, besteak beste.
- Erakunde bietako tutoretza edo zuzendaritza jasotzen duten doktoregaientzat, zeharkako gaitasunen bigarren workshopa egingo da, balorizazioari buruzkoa, unibertsitate bietako master eta doktorego eskolen bermearekin.
- Alde biko topaketak antolatu dira ‘P2P meeting' direlakoetarako: formatu txikiko bilerak dira, eta ez dute zientzia esparru zehatzik lantzen, gai jakin batzuetarako etorkizuneko lankidetzak planteatzen edo sustatzen dituzte.
Argazkiak: UPV/EHU
