Virginia Andia Muñozen ikerlanaren helburu nagusia izan da Vitoria-Gasteiz hiriko hainbat adineko talderen nutrizio egoera eta osasun hautemana, dieta, mendekotasuna eta gaitasun kognitiboa aztertzea. Lanaren emaitzak adineko pertsonen desnutrizio maila eta elikadura ohiturak eman ditu ezagutzera; era horretan, nutrizio arretaren kalitatea pertsonalizatu eta hobetu ahal izango da diziplinarteko interbentzioen bitartez. Horietan, lantalde medikoa ez ezik, sukaldeko langileak eta dietista-nutrizionistak egon behar dira.
-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
EHUren memoriaren zaindaria
Jarraipen iraunkorrak adineko pertsonen malnutrizioa eragotziko luke
UPV/EHUko tesi batek talde horren arreta integralerako zentro bateko elikadura eta osasun ohiturak aztertu ditu
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2017/05/05
Adineko pertsonen nutrizio arreta oso bihurria da. Oso biztanleria talde anitza da, eta ez dago argi eta garbi prozedura zehazten duen esku hartzeko protokolo berezirik. Gainera, desnutrizio prebalentzia handia dute, eta asistentziaren kalitatea asistentzia zentroetan dauden bitartekoei lotuta dago batez ere. Virginia Andia Muñozek egindako tesiak, ‘Osasun hautemanaren azterketa eta desnutrizio arriskuaren analisia, adinekoen arretarako zentro integral batean eginak', aztertu ditu Vitoria-Gasteizko San Prudencio egoitzan sartutako, baita zentroaz kanpokoak izanik ere (San Prudencio eguneko zentroan, adinekoen gizarte eta kultura zentroetan eta etxez etxeko janari zerbitzuaren bidez) elikatzeko hari atxikirik dauden beste adineko batzuen nutrizio egoera, osasun hautemana, mendekotasuna, egoera kognitiboa eta dieta.
Adineko pertsonei bideratutako nutrizio gomendioak ez daude oso eguneratuta eta haien elikatze ohituretara egokituta, eta ez dago ezta ere erreferentziazko metodo bakar bat nutrizio egoera baloratzeko, ezta ekintzen eraginkortasuna ebaluatzeko ere. "Ezinbestekoa da biztanleria talde horren nutrizio egoera nolakoa den ezagutzea, horrek malnutrizio egoerak eragozteko edota diagnostikatzeko balioko bailuke. Aldi berean, beharrezkoa da ezagutzea zein gaitzetan den malnutrizioa arrisku faktore bat eta kontrako egoera klinikoetan arriskua zein den, eta osasun egoera orokorrean, gaitasun funtzionalean eta bizi kalitatean malnutrizioak duen inplikazioari erreparatzea", doktore berriak baieztatu duenez. Alde horretatik, lan horren ondorioetako batek berretsi egin du balorazio antropometrikoan metodorik zehatzenak zutik jarrita neurtutako garaieran eta belaun/maleolo luzeran oinarritutakoak direla, eta, beraz, adineko pertsonen nutrizio egoera baloratzeko bitarteko guztien artean, horiek aukeratzea gomendatzen da.
Haren ikerlanaren arabera, egoitzan instituzionalizatzea onuragarria da adinekoen gorputz ongizaterako eta bizi kalitaterako eta, aldiz, arreta partziala hartzen dutenak, elikadura eta ikuspegi soziosanitarioaren aldetik, ez daude nutrizio egoera eskasak jasatetik libre. "Egoitzaren erabiltzaileek nutrizioaren eta arlo soziosanitarioaren jarraipen bat izan behar dute, beren mendekotasun eta malnutrizio edo malnutrizio arrisku mailari lotutako faktoreak detektatu eta tratatu ahal izateko. Eguneko zentroaren erabiltzaileei dagokienez, nutrizio arreta integral bat jaso behar lukete zentrora jotzen duten unetik eta, beraz, aholkularitza dietetikoa jaso behar dute haien etxeetan daudenean elikadura hobetu ahal izan dezaten. Bestalde, etxez etxeko janari zerbitzuak ez ditu adinekoen nutrizio beharrizanak asetzen: beharrezkoa da giza talde horrentzako soziosanitario eta nutrizio arloko interbentzio zehatzago bat", azaldu duenez.
Etorkizuneko ekintzak
Virginia Andiaren tesiak azterlanaren xedeko zentroan aplika daitezkeen gomendio batzuk emanez amaitzen du. Hala ere, horrelako zerbitzuak ematen dituen edozein egoitzatarako balio dezakete; hona:
- Eredu baliozko eta zehatz bat ezarri ahal izateko askotariko eredu antropometrikoak aplikatzen jarraitu.
- MNA-SF eskalaz osatutako eredu antropometriko eta metaboliko bat eta informazio dietetikoaren erregistroa inplikatzen dituen nutrizio egoeraren baloraziorako protokolo bat ezarri, erabiltzaile guztiei egoitzan hasten diren unetik eta, gero, urtean behin aplikatzeko balio dezan. Era horretan, erabiltzaileen nutrizioaren jarraipen bat egin daiteke, baita adinekoen nutrizioaren bilakaeraren profil bat zehazteko informazioa eskuratu ere, eta hura, beharbada, egoitzetan zein eguneko arreta zentroetan dauden gainerako adineko herritarrekin estrapola daiteke.
- Nutrizio arriskuko egoerak detektatu eta eragozteko, janari zerbitzua duten zentroetako arduradunen artean nutrizio interbentziorako prozedura bat ezarri.
- Elikadura egokitua behar duten egoitzetako adinekoei eskainitako dietaren nutrizio kalitatea baloratu (elikagaien ekarpen teorikoa, analisi fisiko-kimikoa, mikrobiologikoa, biskositatea eta ehundura) eta elikadura hori hobetzeko estrategia dietetikoak ezarri, kontuan hartuz, gainera, hori aurrera eramateko beharrezko material eta giza baliabideen zuzkidura.
Informazio gehigarria
Virginia Andia Nafarroako Unibertsitateko Giza Nutrizioko eta Dietetikako diplomatua eta Euskal Herriko Unibertsitateko Elikagaien Zientzia eta Teknologiako graduatua da. Gainera, Elikadura Kalitatea eta Segurtasuna masterra egin du UPV/EHUn. Vitoria-Gasteizko Udalaren adinekoen arreta integralerako ‘San Prudencio' egoitzan dietista-nutrizionista lanetan dihardu 2006. urtetik.
Bere tesia Luis Carlos Abecia Inchaurreguik eta Enrique Echevarría Orellak zuzendu dute Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia eta Elikagaien Zientzia Sailean.
