euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Nagore Iriberrik Rei Jaume I Ekonomia saria jaso du, genero-ekonomian egindako ekarpen aitzindariengatik

Haren ikerketek hobeto ulertzen lagundu dute nola hartzen dituzten erabakiak pertsonek eta nola eragiten duten gizarte-faktoreek, hala nola generoak aukera profesionaletan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/06/04

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasle eta ikertzaile Nagore Iriberri
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasle eta ikertzaile Nagore Iriberri | Argazkia: Mitxi. EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasle eta ikertzaile Nagore Iriberrik (Irun, 1976) 2026ko Rei Jaume I Ekonomia Saria jaso du. Estatuko aintzatespen zientifiko garrantzitsuenetako bat da hori, eta jokabide-ekonomiaren eta genero-ekonomiaren alorretan egindako ekarpen aitzindariak aitortu dizkiote irakasleari.

Ireberri Ekonomian doktorea da San Diegoko Kaliforniako Unibertsitatean (AEB), eta gaur egun Ikerbasque ikerketa-irakaslea da EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Analisi Ekonomikoaren Oinarriak I Sailean. Sariak nazioartean erreferente bihurtu den ikerketa-ibilbidea aitortzen du; izan ere, haren lanek lagundu dute hobeto ulertzen pertsonek nola hartzen dituzten erabakiak eta genero-faktoreek zer eragin duten aukera profesionaletan.

Ezustean hartu zuen albistea ikertzaileak. “Ez nuen batere espero. Hautaketa-batzordea osatzen duten pertsonak nor diren jakinda, aintzatespen honek are balio handiagoa du niretzat”, adierazi du. “Gainera, poz handia ematen dit genero-ekonomia bezalako ikerketa-ildo bati ikusgarritasuna emateak, urte luzez bigarren planoan egon den arren, gero eta aitortza handiagoa jasotzen ari baita”.

Epaimahaiak bereziki nabarmendu ditu lehia-testuinguruetan gizakien jokabidea aztertzeko egin dituen ekarpenak, baita genero-desberdintasunen inguruan egindako ikerketak ere, bereziki ibilbide akademikoan eta profesionalean. Haren lanek erakutsi dute itxaropenek, pizgarriek eta ebaluazio-sistemek ez dutela eragin bera emakumeengan eta gizonengan.

Ikerketa-ildo horren atzean aspalditik datorren kezka dago. Iriberrik azaldu duenez, ikertzaile gisa hasi zenetik ohartu zen emakumeen presentzia urria zela ekonomiaren arloko mintegi eta kongresuetan. “Sarritan emakume gutxi ikusten nituen. Horrek galdera bat piztu zidan: zergatik dira hain gutxi emakumeak gure arloan?”, gogoratu du.

Bere azken ikerketen artean, nabarmentzekoa da David Card, Stefano DellaVigna eta Patricia Funk ekonomialariekin batera egindako lana, ekonomiaren alorreko erakunde nagusietan bikaintasun zientifikoa aitortzeko prozesuak aztertzen dituena. Azterlanak erakusten du generoak eragina izan dezakeela nazioarteko erakunde entzutetsuetan —hala nola Econometric Society, American Economic Association edo National Academy of Sciences erakundeetan— aitortza jasotzeko aukeretan.

Emaitzek aldaketa nabarmena erakusten dute. XX. mendearen zati handi batean emakumeek aukera gutxiago izan zituzten horrelako aitorpenak eskuratzeko; azken hamarkadetan, ordea, joera hori irauli egin da. Iriberriren ustez, aldaketa hori lotuta dago emakume zientzialariek historian zehar izan dituzten oztopoen inguruko kontzientzia handiagoarekin eta aniztasunari gero eta balio handiagoa ematearekin.

100.000 euroko saria

Iriberriren ikerketen beste ardatz nagusietako bat lehia-inguruneetan emakumeen eta gizonen jokabidean agertzen diren aldeak aztertzea izan da. Haren lanek erakutsi dute, besteak beste, ebaluazio-proben diseinuak edo ebaluazioa egiten den testuinguruak eragina izan dezaketela emaitzetan.

“Genero-arrakalak hor daude oraindik, eta ez dira iraganeko kontua”, dio. “Alde horiek nola sortzen diren eta nola eragiten duten hobeto ulertzea ezinbestekoa da bidezkoagoak eta berdinzaleagoak izango diren inguruneak eraikitzeko”. Horren adibide dira unibertsitatera sartzeko probak edo soldata-negoziazioak; hainbat ikerketak erakutsi dute generoaren araberako aldeak ager daitezkeela halako egoeretan.

Rei Jaume I sarien 38. edizioa izango da aurtengoa, eta 100.000 euro banatuko dira kategoria bakoitzerako. Epaimahaia nazioarteko ospe handiko zientzialariek osatu dute, tartean hainbat Nobel saridunek.