euskaraespañol

Redes sociales campusa

Aritz Obregón Fernández

Aurten amaituko da Guterresen agintaldia: nola aukeratzen dute Nazio Batzuen Erakundeko idazkari nagusia?

Nazioarteko zuzenbidearen arloko ikertzailea eta irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2026/06/01

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Nazio Batuen Erakundeko egungo idazkari nagusiak, António Guterresek, 2026ko abenduan amaituko du bost urteko bigarren agintaldia. Bere etorkizuna aztertzen duen bitartean (zalantzarik gabe, karguan izandako esperientziari buruzko memoriak idaztea izango da etorkizunean egingo dituen zeregin posible horietako bat), erakundea hura ordezkatuko duena aukeratzeko prozesuan murgilduta dago.

Nazio Batuen Gutunak idazkari nagusia Segurtasun Kontseiluaren gomendioz Batzar Nagusiak aukeratzen duela bakarrik zehazten du. Gainera, bost kide iraunkorrei (Txina, Estatu Batuak, Frantzia, Erresuma Batua eta Errusia) hautaketaren gaineko kontrola ematen die, beto eskubidearen bidez.

Hamarkadetan zehar, Segurtasun Kontseiluak aukeratzen zuen idazkaria, eta Batzar Nagusiak berretsi besterik ez zuen egiten. Baina behin eta berriro prozesu gardenagoa eta inklusiboagoa eskatu ondoren, 2015etik hautaketa prozesua etengabeko hobekuntza helburu duen hautaketa prozesu egituratu bidez egiten saiatzen ari dira.

Hala, apirilean hasi zuten modu formalean prozesua hautagaiek estatuekin eta gizarte zibilarekin egindako elkarrizketa publiko interaktiboarekin. Bertan, Nazio Batuen Erakundeari buruz zuten ikuspegia azaldu eta galderei erantzun zieten.

Hurrengo fasea, maiatzean edo ekainean, Segurtasun Kontseiluko kideekin ateak itxita egingo diren bilerak izango dira, eta ondoren haien arteko eztabaida pribatuak etorriko dira. Uztailean hasiko dira organo baitako inkesta informalak. Hasiera batean, kide guztiek boto paper berdinak erabiltzea aurrez ikusi da: “babesten du”, “ez du gomendatzen” edo “iritzirik ez” aukerak jasoko dituzte paper horiek.

Geroago, boto paper bereiziak erabiliko dituzte kide iraunkorrek eta hautetsiek. Une erabakigarri horretan jakingo dugu, filtrazio interesatuen bidez, bost estatu handietakoren batek hautagairen bati “ez du gomendatzen” botoa eman dion ala ez. Era berean, Batzar Nagusiko estatu guztien artean ere bestelako kontsulta informalak egitea espero da.

Segurtasun Kontseiluaren eztabaidek hilabete batzuk iraun dezakete, gutxienez eztabaidarik sortzen ez duen hautagai baten inguruko adostasuna lortu arte. Orduan, gutxienez aldeko bederatzi botorekin eta kide iraunkorren aurkako botorik gabe, hautaketa gomendatzen duen ebazpena onartuko da.

Une horretan adieraziko du Batzar Nagusiak proposatutako hautagaiari buruzko iritzia. Urteko azken hiruhilekoan jakingo dugu nork ordezkatuko duen Guterres.

Gaitasun diplomatikoak, komunikatiboak eta eleaniztunak

Hautagaiek eraginkortasun, gaitasun eta zintzotasuneko estandar gorenak ordezkatu behar dituzte, eta Nazio Batuen Gutunaren helburu eta printzipioekiko konpromiso sendoa erakutsi. Gainera, komenigarria da lidergo eta kudeaketa gaitasun egiaztatua izatea, nazioarteko harremanetan esperientzia zabala edukitzea eta trebetasun diplomatiko, komunikatibo eta eleaniztunak izatea. Bestalde, askotan azpimarratzen da independentea izan behar duela; hori erakundeko goi karguak babesak bermatzeko “erreserbatzeko” ohiturarekin lotutako aipamen kritikoa da.

Hautaketan kontuan hartu beharko da, era berean, eskualde mailako txandakatzea. Hain zuzen ere, onarpen handia duen irizpidea da hori, Nazio Batuen Erakundeko kargu nagusien hautaketan eskualde oreka bermatzeko, nahiz eta irizpide hori beti errespetatzen ez den. Oraingoan irizpide hori betetzen bada, itxuraz, hautagaia Karibeko eta Latinoamerikako 33 estatuetako batekoa izango da.

Irizpide horri, gainera, generoarekin lotutakoa ere gehitu behar zaio; izan ere, prozesu honetan zehar protagonismo berezia lortu du. 2024ko Etorkizunerako Itunean, estatuek kexa agertu zuten orain arte izandako bederatzi idazkari nagusien artean ez delako oraindik emakumerik aukeratu, eta hori kontuan hartzeko deia egin zuten. Egindako ikerketa baten arabera, gutxienez 92 estatuk hartu dute horretarako konpromisoa jendaurrean eta horietako bi dira Erresuma Batua eta Frantzia. Txinak ere, orain gutxi, antzeko iritzia agertu du.

Nor dira hautagaiak?

Maldivasek Virginia Gambaren hautagaitza erretiratu ondoren, lau pertsona daude idazkari nagusi bihurtzeko lehian. Latinoamerikako estatuek, hautagaitza komuna adostu beharrean, hiru pertsona aurkeztu dituzte. Brasilek, Txilek eta Mexikok Michelle Bachelet, presidente ohia, NBE-Emakumeak ataleko zuzendari ohia eta giza eskubideetako goi mandatari ohia, izendatu zuten. Baina Txileko egungo Gobernuak babesa kendu zion boterea eskuratu bezain pronto.

Argentinak, bestalde, Rafael Mariano Grossi argentinarra, Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeko egungo zuzendaria, izendatu zuen. Costa Ricak, berriz, Merkataritzarako eta Garapenerako Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia, Rebeca Gynspan, izendatu zuen.

Eskualde hartatik kanpo, aurkeztutako hautagai bakarra Macky Sall Senegalgo presidente ohia da. Burundik izendatu zuen eta Afrikako Batasunak hautagaitza hori baztertu zuen.

Hautagaitzetako batek ere beharrezko adostasuna lortuko ez balu, ez da baztertzen hautagai berriak agertzea.

Hurrengo idazkari nagusiaren lana zailagoa izango da

Ez da ahaztu behar idazkari nagusia erakundeko funtzionario nagusia dela. Bere boterea, neurri handi batean, elkarrizketarako, negoziaziorako, adostasuna lortzeko eta irudimenez jarduteko gaitasunetatik dator.

Aukeratutako pertsonak finantza krisian dagoen erakundea gidatu beharko du, Estatu Batuen desfinantzaketa presioen pean. Gainera, premiazkoa eta beharrezkoa den, baina iristen ez den (eta ez dirudi, gainera, halakoa lortzeko benetako aurreikuspenik dagoenik) erreformari egin beharko dio aurre, eta nazioarteko bake eta segurtasun arloan gero eta garrantzi txikiagoa du erakundeak. Eta hori guztia oso nahasita dagoen nazioarteko testuinguruan egin beharko du. Aukeratutako pertsona edozein izanda ere, lan korapilatsua du aurrean.