Omenaldia maisuari
Nazioarteko komunitate penala eta kriminologikoa Donostian bildu zen merezitako omenaldia egiteko José Luis de la Cuesta Arzamendiri
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2026/09/23
Bi egunetan baitan ‘Sistema penal humanista eta birsozializatzailea, pertsonaren, justizia sozialaren eta bakearen zerbitzura' izeneko Nazioarteko Biltzarra egin zen EHUren Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko ekitaldi aretoan, erretiroa hartzear dagoen Gizarte Zientzietako eta Humanitateetako Ikerkuntzako Euskadi Saria (2008) den José Luis de la Cuesta Arzamendi irakasleari eskainitako omenaldi gisa. Berriro elkar topatzeko une aproposa izan zen, biltzar hutsa baino gehiago.
Agintari akademiko eta instituzional nagusiak bildu zituen irekiera ekitaldian, aurkezle lanetan aritu ziren Ana Isabel Pérez eta Gemma Varona irakasleak. EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak, bere hitz hartzean, omenduaren ibilbidea goraipatu zuen: “José Luisek lortu du uztartzea, unibertsitate honetan beste inork ez bezala, gure 2026-2028 plan estrategikoan nabarmendu ditugun alderdi guztiak. Bere buruaz harro egon nahi duen unibertsitate orok lantzen dituen eta landu behar dituen arlo nagusiak. Transferentzia, nazioartekotzea, unibertsitate gobernantza, irakaskuntza eta, jakina, ikerkuntza, ezagutzaren dibulgazioa, konpromiso soziala eta pertsonen zaintza. Horiek guztiak ditugu gure plan estrategikoaren ardatzak. José Luis eredu izan da eta maila gorenera heldu da horietan guztietan”.
Iñaki Subijana EAEko Auzitegi Nagusiko presidente eta omenduaren ikasle izandakoak gogora ekarri zituen José Luis de la Cuestak berak bere izendapenaren harira eskaini zizkion hitzak: “ibil zaitez lasai, abarrotsaren eta presaren artean. Eta ez ahaztu isiltasunean dagoen bakea”. Subijanak deitoratu zuen askotan ez duela lortzen helburu hori betetzea, “baina hor dago beti. Bide erakusle gisa. José Luis, bizitzan egin duzun ibilbidean, izan beharko litzatekeen horretara hurbiltzea lortu duen pertsona izan zara. Gainera, hori egin duzu beti arlo existentzialari begira, lehenengo aldiz izango balitz bezala, baina ikasitakoa ahaztu gabe. Eskerrik asko, maisu”.
Irekiera ekitaldiaren amaieran, hitza hartu zuten María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak eta Enara Garro Zuzenbide Fakultateko dekanoak. Omenaldian izan zen ere Bingen Zupiria Segurtasun sailburua.
Hasierako hitz hartzeak amaituta, lehen mahaiari ekin zitzaion, ‘José Luis de la Cuesta, maisua’ izenekoa, batzar osoa izango zenaren erakusle garbi. Norberto de la Mata, Isidoro Blanco eta Virginia Mayordomo irakasleek omenduaren ibilbidea zirriborratu zuten, bikaintasun akademikoak eta giza konpromisoak ezaugarritutako bidea. Bereziki aipatzekoa da ponentzietako baten izena —"Zer erein, hura jaso"—, ezin hobeki laburbiltzen baitu batzarraren funtsa. Hitz bat errepikatu zen bereziki, mahaiz mahai, hitza hartu zuten pertsona ia guztien ahotan: eskuzabaltasuna.
Izan ere, ondoren etorri zena —nazioarteko kriminologia, justizia klimatikoa eta ingurumeneko zuzenbide penala, adimen artifizialak ikerketa kriminalean duen zeregina edo kriminologiaren eta zuzenbide penalaren arteko ezinbesteko harremana aztertu zituzten bost mahai— ez zen izan lehen mailako jardun akademiko hutsa. Programak bildu zituen nazioarteko aditu entzutetsuenetako batzuk —Lorenzo Picotti (Verona), John Vervaele (Utrecht), Luigi Foffani (Módena), José Luis Díez Ripollés, Juan Luis Gómez Colomer, Enrique Echeburua edo Esther Giménez-Salinas, besteak beste—. Eta ez kasualitatez. 2004an, Beijingen (Txina), José Luis de la Cuesta izendatu zuten Zuzenbide Penaleko Nazioarteko Elkarteko (IAPL) buru, eta hamarkada batez izan zuen ardura hori. Bere alorreko elkarterik zaharrena da, Parisen 1924an sortua, Zuzenbide Penaleko Nazioarteko Batasunaren oinordeko gisa —1889an Franz von Liszt, Gerard van Hamel eta Adolphe Prins hirukoteak Vienan sortua, Lehen Mundu Gerran desegina—. Hitza hartu zutenetako asko IAPLko arduradunak eta José Luisen lankide eta dizipuluak dira gaur egun: haien presentziak ponentziek adina balio izan zuen. Hala nola Katalin Ligeti (Luxenburgo), elkartearen egungo presidentea —IAPLren historian ardura hori izan duen lehen emakumezkoa—, José Luisen bigarren agintaldian idazkari nagusi izan zena. Oinordekoa, beraz, gaur egun zuzentzen duen etxea bere garaian zuzendu zuena ohoratzen.
Aintzatespen akademikoari gehitu zitzaion programatzen zailagoa den zerbait: estimua. Hizlarietako asko José Luisen adiskideak dira, Zuzenbide Penalari eskainitako ibilbide bete batean ezagutu dituen pertsonak —Friburgoko Max Planck Institutuko egonaldietan ere bai—. Arlo profesional hutsetik askoz harago doazen loturak egin ditu haiekin. Mirespena eta adiskidetasuna, eskutik hartuta. Eta hori agerian gelditu zen ekitaldi aretoan.
Omenezko Liburua
Biltzarraren azken zatian, gehien espero zen unea iritsi zen. Ikasle eta dizipulu izandakoek Omenezko Liburua eman zioten —hiru liburuki osotara, 200 ekarpen baino gehiagorekin—, eskutik eskura, lehenengotik azkenekora, keinu sinple bezain esanguratsu batean. Orduan, José Luis de la Cuestak hartu zuen hitza, eta sakontasun akademiko handiko hitzaldia eskaini zuen, entzuleria osoa hunkitu zuen emozioz beterikoa.
Ekitaldia amaitzeko, dizipulu izan duen Leire Berasaluzek Agur Jaunak abestu zuen, Enrike Solinis tiorba-jotzaileak lagunduta —Euskal Barrok Ensemble taldearen sortzaile eta zuzendaria—.
Ikasle izandakoek eginiko omenaldia da maisu bati egin dakiokeen gorazarrerik hoberena. Denek goratu zuten José Luisen eskuzabaltasuna, eta horixe bera itzultzen ahalegindu ziren, hitzez, musikaz eta maitasunez beteriko bi egun ahaztezinetan.
