Farmazia gradua hasi zuenean Barne Farmazialari Egoiliar (BAFE) izateko probetara aurkeztea bere helburu nagusietako bat ez zen arren, Sara Caballero Bombínek, EHUn graduatuak, 57. postua eskuratu zuen 2025eko deialdian eskainitako 352 plazetako bat eskuratzeko aurkeztu ziren 1.300 lagun baino gehiagoren artean. Hala, osasun arloan oinarrizko zeregina bete ahal izango du: ospitaleko farmazialariarena.
-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
EHUren memoriaren zaindaria
Sara Caballero: «Egun batean amestu nuena bizitzen ari naiz»
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/06/05
Ikasle urteak... gogorrak izan al ziren?
Ikasketak amaitu ondoren, ahalegin guztiak merezi izan duela esan dezaket. Farmaziak diziplina asko hartzen ditu (kimika, fisika, biologia, anatomia, farmakologia) eta, beraz, denetik pixka bat kontrolatu behar da osasun arloan. Baina, egia esan, pixkanaka, osasun arloko profesional on bihurtzeko behar diren ezagutzak eskuratzen dituzu.
Zergatik aukeratu zenuen Farmazia?
Osasunaren alorrak beti erakarri nauelako aukeratu nuen karrera hori, baina ez nuen neure burua ikusten pazientearekin Medikuntzan edo Erizaintzan izaten duten bezain zuzena eta etengabea den lanbide batean lanean. Horregatik, Farmazia aukera bikaina zela iruditu zitzaidan: ikerkuntza zientifikoaren eta pazienteen ongizatea lortzen laguntzearen arteko oreka.
Nola erabaki zenuen Barne Farmazialari Egoiliar bihurtzeko azterketa egin nahi zenuela?
Karreraren hasieratik ospitale munduak arreta eman zidan, baina borondatezko praktika batzuen bidez hirugarren mailako uda arte ez nuen ikusi oso garrantzitsua dela medikuen, erizainen, laguntzaileen, farmazialarien eta abarren arteko taldeko lana. Bakoitzak ezinbesteko rola betetzen du kalitatezko arreta integrala eskaintzeko.
Zure ustez, zein da aurre egiteko garaian zatirik zailena?
Nire ustez, Barne Farmazialari Egoiliar bihurtzeko azterketarako prestatzeko garaian, zatirik zailena ez da eduki akademikoarekin lotuta dagoena. Hori beharrean, beste edozein oposiziotan gertatzen den moduan, horrek berekin dakarren konpromiso pertsonala onartzea dela esango nuke.
«Oso azterketa iragarrezina da eta, ateratzean, ez dakizu zer espero dezakezun»
Denbora tarte batez zure bizitza sozialaren zati handi bat alde batera utzi, planak baztertu, nolabait isolatu eta ia erabat ikasketetan zentratu beharko duzula kontzientziatzea da, ahalegin handi horrek espero den emaitza emango duen ala ez ziurtasunik izan gabe.
Pozik amaitu al zenuen azterketa?
Ezin nuen sinetsi azterketaren emaitza ikusi nuenean. Azterketatik sekula ez nuela lortuko pentsatuz atera nintzen. Bereziki gogorra izan zen azterketa hura eta frustratuta atera nintzen, prestakuntza guztiak ezertarako balio izan ez balu bezala. Horregatik, plaza lortzeaz gain, lehen 100en artean geratu nintzela ikusi nuenean, ezin deskribatuzko zirrara sentitu nuen.
Zer nabarmenduko zenuke EHUn izandako esperientziari buruz?
Oso oroitzapen positiboak ditut unibertsitateko urteen inguruan. Pozik nago prestakuntza sendoa jaso dudalako, eta horri esker ondo prestatuta atera naiz erronka profesionalei aurre egiteko. Bereziki eskertzen dut irakasleen konpromisoa; izan ere, oinarri akademiko ona emateaz gain, etengabe motibatu gintuzten gure ametsen alde borrokatzera eta gizartean osasungintzako profesional gisa betetzen dugun rol garrantzitsua ez ahaztera.
Otsailetik hona, zertan aritu zara?
Egia esan, Barne Farmazialari Egoiliarren azterketa egin ondoren, ezin izan nuen erabat deskonektatu. Oso azterketa iragarrezina da eta, ateratzean, ez dakizu zer espero dezakezun. Eta horrek ez dio zeure buruari atseden hartzen uzten. Hala ere, pixkanaka nire egunerokoa berreskuratzen joan nintzen, atseden hartu nuen eta farmazia batean ere hasi nintzen lanean, emaitzari buelta gehiegi ematearen gainkarga mentalean ez erortzeko
Barne Farmazialari Egoiliarren azterketak sei espezialitateren artean hautatzeko aukera ematen du. Zein aukeratu duzu eta zergatik?
Txagorritxu Ospitalean, nire hirian, Ospitaleko Farmazia espezialitatea egitea erabaki dut. Ez nuen makro ospitale bat nahi, gertu nuen ingurua baizik. Beste espezialitate batzuk baztertzen ez nituen arren, farmakoarekin lotura handiagoa duen esparrutik aldentzen ari nintzela sentitzen nuen. Gainera, laborategira bideratuago zegoenez, pazientearekin harremana izateko elementu horren falta sumatzen nuen, eta asko baloratzen dudan zerbait da hori. Ospitaleko Farmazia espezialitatea ametsa zen niretzat, eta Barne Farmazialari Egoiliar izateko azterketatik bertara sartzeko aukera lortu izanak are garrantzitsuago bihurtu zuen.
Zuekin medikuekin bezala gertatzen da... bokaziozko kontua al da? Edo beste faktore batzuek eragiten dute, hala nola irteera profesionalak?
Nire kasuan, Barne Farmazialari Egoiliar bihurtzea bokazioarekin lotutako aukeraketa izan da. Egia da espezializatzeak ateak irekitzen dituela eta aukera profesional gehiago eskaintzen dituela,
«Farmazia espezialitatea ametsa zen niretzat, eta Barne Farmazialari Egoiliar izateko azterketatik bertara sartzeko aukera lortu izanak are garrantzitsuago bihurtu zuen»
baina badakit ospitaleko esparrua ez dela denentzat egokia. Izan ere, gai konplexuak dituen ingurune zorrotzari egin behar zaio aurre.Etengabe eguneratuta egon behar da eta erantzukizun maila handiagoa hartu behar dugu geure gain. Gainera, egoera askotan, tratu delikatuagoa eskatzen du pazientearekin.
Zure ustez, zer da Farmazia ikasi izanaren alderdi positibo eta negatiboena?
Ez dut alde txarrik aurkitzen Farmazia karreran, ez bainaiz batere damutzen hura aukeratu izanaz. Justu kontrakoa esango nuke: profesionalki zein pertsonalki, egon nahi nuen toki horretara eraman nau. Oraindik ez naiz oso kontziente lortu dudan guztiaz. Batzuetan, kostatu egiten zait horrenbeste amestu nuen hura gaur errealitate bihurtu dela jabetzea. Horregatik, esaldi honek oso ondo irudikatzen du sentitzen dudana: “Gozatu; izan ere, egun batean amestu zenuena bizitzen ari zara eta”.
Eta aurrerantzean, zer?
Hemendik aurrera, nire helburua egonaldian zehar ahalik eta prestakuntza onena jasotzea da. Ikasteko, esperientzia berriak bizitzeko eta profesionalki zein pertsonalki hazten jarraitzeko aprobetxatzea. Oxala... asko maite dudan lanbide honetan lan egiteko aukera izatea beti.