«Teknologia emergenteak gero eta presentzia handiagoa dute unibertsitateko irakaskuntzan, baina irakasleek ez dute beti horiek modu eraginkor, kritiko eta pedagogikoki egokian erabiltzeko behar duten prestakuntza». Ideia horren inguruan aurkeztu dituzte Nahia Idoiaga eta Idoia Legorburu ikertzaile nagusiek EmTech4HE Europako proiektuaren emaitzak, urriaren 14an Bilboko Hezkuntza Fakultatean egindako jardunaldian.
Teknologia berriak, irakaskuntza eraldatzeko
Adimen artifiziala eta errealitate hedatua EHUko irakaskuntzan txertatzeko baliabideak aurkeztu dira Bilboko Hezkuntza Fakultatean egindako jardunaldian
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2026/10/16
Erasmus+ programaren baitan garatzen ari den EmTech4HE proiektua ez zen sortu teknologia berrien erabilera sustatzeko soilik; irakaskuntza eta ikaskuntza hobetzea du xede, ikuspegi pedagogiko, etiko, inklusibo eta arduratsu batetik. Topaketaren helburua orain arte garatutako lana EHUko komunitateari ezagutaraztea izan da, baita teknologia emergenteek unibertsitateko irakaskuntzan eskaintzen dituzten aukeren inguruko hausnarketa sustatzea ere. Proiektuaren aurkezpenarekin batera, Carlos de Aldama Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakasleak hitzaldia eskaini du, teknologia berrien erabileraren ikuspegi pedagogikoan sakontzeko. Horrela, jardunaldiak irakasleen arteko esperientzia-trukea eta eztabaida sustatzeko gunea ere eskaini du.
Proiektuaren emaitza nagusietako bat 19 prestakuntza-moduluen garapena izan da. Modulu horien helburua da unibertsitateko irakasleei Adimen Artifiziala (AA) eta Errealitate Hedatua (XR) irakaskuntzan modu pedagogiko, kritiko eta arduratsuan erabiltzeko prestakuntza eskaintzea. Unibertsitateko irakasleei zuzendutako material horiek malgutasunez erabiltzeko diseinatu dira, bakoitzak bere erritmoan eta beharren arabera ikasteko aukera izan dezan. EmTech4HE proiektuaren webgunean egongo dira eskuragarri.
Prestakuntzak, gainera, teoria hutsetik harago doan ikuspegia eskaintzen du. Moduluetan jarduera praktikoak, autoebaluaziorako ariketak, tresna digitalen bildumak, erabilera-adibideak eta irakurketa osagarriak aurki daitezke, irakasleek eskuratutako ezagutza beren eguneroko jardunean aplikatu ahal izateko.
Orain arte egindako lanaren balorazioa positiboa da. “Alde batetik, irakasleen prestakuntzarako baliabide zehatzak garatu ditugu; bestetik, hainbat herrialdetako unibertsitateen arteko lankidetza indartu dugu, esperientziak eta ikuspegi desberdinak partekatzeko aukera emanez”, nabarmendu du Nahia Idoiagak. Gainera, proiektuaren bidez berretsi dute “teknologiaren erabilerak, berez, ez duela hezkuntzaren kalitatea bermatzen. Garrantzitsuena ez da tresna berri bat erabiltzea, baizik eta zertarako, nola eta zein baldintzatan erabiltzen dugun hausnartzea. Horregatik, irakasleen prestakuntza eta irizpide pedagogikoak funtsezkoak dira”.
Urriaren 14ko jardunaldia EmTech4HE proiektuaren azken emaitzak aurkezteko eta zabaltzeko ekitaldia izan da. Hala ere, proiektua amaitzeak ez du esan nahi egindako lana hor bukatzen denik. Hemendik aurrera, hausnarketa bat egin beharko da EHUn, eta bereziki Hezkuntza Fakultatean, proiektuan garatutako ezagutza eta baliabideei zer jarraipen eman aztertzeko.
Irudi galeria
-
EmTech4HE Europako proiektuaren emaitzak aurkezteko urriaren 14an Bilboko Hezkuntza Fakultatean egindako jardunaldia. Argazkia: Hibai Agorria -
EmTech4HE Europako proiektuaren emaitzak aurkezteko urriaren 14an Bilboko Hezkuntza Fakultatean egindako jardunaldia. Argazkia: Hibai Agorria -
Carlos de Aldama Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakaslearen hitzaldia. Argazkia: Hibai Agorria -
EmTech4HE Europako proiektuaren emaitzak aurkezteko urriaren 14an Bilboko Hezkuntza Fakultatean egindako jardunaldia. Argazkia: Hibai Agorria -
EmTech4HE Europako proiektuaren emaitzak aurkezteko urriaren 14an Bilboko Hezkuntza Fakultatean egindako jardunaldia. Argazkia: Hibai Agorria
