euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

EHUko ikertzaile batek Parkinson gaixotasunari buruzko nazioarteko proiektu batean, 9 milioi dolarrekin finantzatutakoan, hartuko du parte

Cristina Miguélez Parkinson gaixotasunarekin lotutako depresioa, antsietatea eta bestelako sintoma ez motorrak tratatzeko estrategia berriak garatuko dituen nazioarteko kontsortzio bateko zuzendaritza zientifikoko taldekidea izango da.

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2026/09/16

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Farmakologiako irakaslea, Cristina Miguélez.
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Farmakologiako irakaslea, Cristina Miguélez. | Argazkia: Egoi Markaida. EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Farmakologiako irakaslea, Cristina Miguélez, Parkinson gaixotasunari buruzko nazioarteko proiektu berri horretako bost ikertzaile nagusietako bat izango da, eta proiektuak 9 milioi dolarreko finantzaketa jaso du Aligning Science Across Parkinson's (ASAP) ekimenaren eskutik.

Datozen hiru urteetan, proiektuak Europako eta Estatu Batuetako taldeak elkartuko ditu, gaixotasunaren sintoma psikiatriko eta kognitiboekin lotutako garuneko mekanismoak hobeto ezagutzeko. Azken helburua sintoma horientzako tratamendu eraginkorragoak garatzea da; izan ere, Parkinson gaixotasunarekin bizi diren pertsonen artean, horixe da, oraindik ere, estali gabeko behar kliniko nagusietako bat.

Proiektua Åsa Mackenzie neurozientzialari suediarrak (Lund Unibertsitateko ikertzaile nagusia) zuzentzen du eta Lund Unibertsitateko, Bordeleko Unibertsitateko, Northwestern Unibertsitateko, Kaliforniako Unibertsitateko (San Diego), Kaliforniako Unibertsitateko (San Frantzisko) eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak biltzen ditu. Ekimena ASAP en Collaborative Research Network (CRN) sarearen barruan dago. Nazioarteko programa horrek ikerkuntza kolaboratiboa sustatzen du, Parkinson gaixotasunaren erronka nagusietako batzuei heltzeko. Michael J. Fox Foundation for Parkinson’s Research (MJFF) fundazioa proiektuaren bazkide finantzario eta estrategikoa da.

“Proiektu honen zuzendaritza zientifikoko taldeko kide izatea mugarri oso garrantzitsua da, bai maila pertsonalean, bai profesionalean”, adierazi du  Cristina Miguélezek . “Oso deialdi lehiakorra da, eta Parkinson gaixotasunaren alorrean nazioartean ospe handia duten ikertzaileak biltzen ditu. Gainera, EHU da sare horretako kide den Espainiako erakunde bakarra”.

Parkinson gaixotasunaren sintoma ez motorrak ulertzea

Kontsortzioaren barruan, ikertzailearen taldeak sistema noradrenergikoak gaixotasunaren sintoma ez motorretan betetzen duen funtzioa aztertuko du. Zehazki, garuneko estimulazio sakonak (gaur egun Parkinson gaixotasunaren zenbait sintoma arintzeko erabiltzen den terapia kirurgikoak) gaixotasunaren adierazpen psikiatriko eta kognitiboei nola eragiten dion aztertuko du lantaldeak.

Proiektuak Parkinson gaixotasunaren hasierako faseetan (sintoma ez motorrak agertzen hasten direnean) ere jarriko du arreta; izan ere, sintoma horiek diagnostiko klinikoa egin ahal izan baino urte batzuk lehenago agertzen dira askotan.

Miguélezek azaldu duenez, sintoma ez motorrak dira oraindik ere Parkinson gaixotasunaren alderdirik ezezagunenetako bat, nahiz eta pazienteen bizi kalitatean eragin handia izan.

“Depresioak, antsietateak, apatiak eta narriadura kognitiboak, oro har, erantzun eskasa ematen diete gaur egun dauden tratamenduei, eta Parkinson gaixotasunaren ikerketarekin lotutako erronka handienetako bat izaten jarraitzen dute”, azaldu du.

Pazienteengan zuzeneko eragina izango duen proiektua

Proiektuaren helburuetako bat garuneko estimulazio sakonak eragiten dien garuneko eskualdeak hobeto karakterizatzea da. Ikertzaileek eskualde horietan dauden neurona populazioek tratamenduaren emaitzetan nola eragiten duten aztertuko dute, garuneko estimulazio sakonaren zehaztasuna hobetzeko eta haren onura terapeutikoak sintoma ez motorretara zabaltzeko helburuarekin.

Proiektuak ikerketa klinikoa eta neurozientziaren arloko ikerketa esperimentala uztartuko ditu, inplikatutako garun zirkuituak hobeto ulertzeko eta estrategia terapeutiko pertsonalizatuagoak garatzeko.

“Gure helburua tratamendu kirurgiko horiek eragiten duten garuneko eskualdeen definizioa berriz zehaztea da, azken buruan pazienteen bizi kalitatea hobetu ahal izan dezagun”, adierazi du Miguélezek.

Emaitzek Parkinson gaixotasunaren tratamendua hobetzeaz gain, garuneko estimulazio sakona dagoeneko erabiltzen den beste nahasmendu neurologiko eta psikiatriko batzuen inguruko ezagutzan ere lagun dezakete, hala nola tratamenduarekiko erresistentea den depresioan eta nahasmendu obsesibo-konpultsiboan.

Parkinson gaixotasunari eskainitako ikerkuntza ibilbidea

Cristina Miguélez EHUko Farmakologiako irakasle agregatua eta Neurofarmakologiako Ikerkuntza Taldeko arduraduna da. Bere ikerketak Parkinson gaixotasunarekin lotutako garuneko alterazioak ulertzea du ardatz, eta arreta berezia jartzen du sintoma ez motorretan.

2008an doktore bihurtu zen EHUn, eta ikerketa egonaldiak egin ditu Bordeleko Unibertsitatean eta Lund Unibertsitatean. Bere ibilbidean zehar, ikerkuntzako deialdi lehiakorretako hogei proiektu baino gehiagotan parte hartu du; horietako zortzitan ikertzaile nagusia izan da, eta bost doktorego tesi zuzendu ditu.

2021etik, CoMorPD mugaz gaindiko laborategia zuzentzen du Jérôme Baufretonekin batera (azken hori ere nazioarteko kontsortzio honetako kidea da). Laborategia Parkinson gaixotasunaren komorbilitate ez motorrak aztertzeaz arduratzen da.

Miguélezek, gainera, nazioarteko lankidetza handietan ikertzaileen parte hartzea errazteak duen garrantzia azpimarratu du. “Garrantzi handiko proiektuen lidergoa irakaskuntza ardurekin uztartzea erronka da. Laguntza instituzional arina eta etengabea, bai eta ikerkuntzako bikaintasunaren aintzatespena ere, ezinbestekoak dira irakasle eta ikertzaileek hau bezalako nazioarteko ekimen anbiziotsuetan erabat parte hartu ahal izan dezaten”.