euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Unai Arzubiagak nazioarteko aitortza jaso du Family Business Review aldizkarian egindako lanagatik

EHUko ikertzailea bi aldiz saritu dute familia-enpresen ikerketako aldizkari garrantzitsuenean egindako berrikuspen-lanagatik

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/03/20

Unai Arzubiaga | Argazkia: Mitxi

Unai Arzubiagak, EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakasle eta ikertzaileak, 2025eko Family Business Review Outstanding Reviewer Award saria jaso du. Aitortza horrek ikerketa akademikoen ebaluazioan egindako lana saritzen du.  «Nire lana  beste ikertzaileek bidalitako lanak modu zorrotz, independente eta konstruktiboan aztertzea da: ikerketaren planteamendua eta metodologia egokiak diren egiaztatzen dut, baita erabilitako datuak benetakoak diren ere», adierazi du Arzubiagak. 

Halaber, Arzubiaga irakaslearentzat adituen berrikuspen-lana ikerketa-sistemaren funtsezko zutabeetako bat da eta ezinbestekoa da ikerketaren nazioarteko proiekzioa indartzeko: «Berrikuspen-prozesuak funtzio bikoitza betetzen du: alde batetik, kalitatezko ezagutza zientifikoa argitaratzen dela bermatzea, eta bestetik, komunitate akademikoan konfiantza, sinesgarritasuna eta estandar partekatuak sendotzen laguntzea». 

Saria Family Firm Institute erakundeak ematen du, familia-enpresen arloan nazioartean erreferentzia nagusietako bat denak. Aitortza, gainera, Family Business Review aldizkariari lotuta dago, familia-enpresen ikerketan mundu mailako aldizkari entzutetsuenari. 

Bestalde, Small Business Economics aldizkariko 2024ko ikerlanari jarraiki, Arzubiaga 2012-2022 artean nazioarte mailako familia enpresen alorreko 50 ikerlari onenen artean egoteaz gain, EHUko Familia Enpresaren Katedrako kidea ere bada, eta bere ibilbidean zehar nabarmendu da ikerketa-lanen argitalpen zein ebaluazioan egindako ekarpenengatik. Arzubiagaren arabera, familia-enpresak «ekonomiaren bizkarrezurra dira»; izan ere, enpresa-sarearen zati handi bat osatzen dute (%80 inguru), eta enpleguaren zein barne produktu gordinaren sorreran funtsezkoak dira. 

«Familia-enpresak ez dira enpresa arruntak,  berezitasun batzuk dituzte: hala nola, familiaren eta negozioaren arteko elkarreragina, belaunaldien arteko trantsizioak edo epe luzerako ikuspegia. Elementu horiek aukera handiak sortzen dituzte, baina baita erronka bereziak ere, adibidez, gobernantzan, profesionalizazioan edo estrategian», azaldu du ikertzaileak.  

Horregatik guztiagatik, Arzubiaga sari hori bi aldiz jaso duen lehen errebisore bihurtu da: lehen aldiz 2022an saritu zuten, eta aurten berriro aitortu diote egindako lana. Sariak, gainera, 2.000 dolar estatubatuarreko diru-zenbatekoa du. 

Arzubiagak sariak asko poztu duela aitortu du: «Batetik, Euskal Herriko Unibertsitatea nazioartean ezagunagoa egiten laguntzen duelako; eta bestetik, erakusten duelako hemen sortzen dugun ezagutzak munduan balioa duela eta, aldi berean, bertan ere eragina duela, familia-enpresen arloan bezala».