Oskar Aguado-Cantabrana
Zentzuzkoa al da Nolanen ‘Odisea’ri zorroztasun historikoa izateko eskatzea?
Antzinako Historia arloko irakasle laguntzaile doktorea, Ikasketa Klasikoen sailean. EHU.
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2026/07/14
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
“Ulisesek Bostoneko azentua du ‘Odisea’ filmean, New Yorken dagoen Itakakoa izan arren”.
Iruzkin horrek, sarkasmo puntu batekin nik uste, Matt Damon jatorriz Bostonekoa izateari eta, New York estatuan, Ithaca izeneko hiri bat egoteari egiten dio erreferentzia. Nire ustez, Christopher Nolanen ‘Odisea’ filmaren bigarren trailerra maiatzaren 5ean kaleratu zenetik testuinguru digitalean ugaritu diren txantxa eta kritiken artean zorrotzenetako bat da.
Halako erreakzioak ohikoak dira iraganean girotutako film bat (historikoa zein mitologikoa) estreinatuko dela iragartzen den bakoitzean. Baina Homeroren testuan oinarritutako superprodukzio bat, gainera hain zuzendari ospetsu baten eskutik iritsi dena, beste maila bateko kontua da.
Horregatik, maiatzean eta ekainean, Troia benetan sutan egon dela esan dezakegu.
Antzinaro (mitikoa) pantailan
Egia esan, zaila litzateke trailerrak eragin dituen erreakzio guztiak hitz gutxitan laburtzea. Ildo nagusietako batzuk hauek izan dira: eskandalua da aktore beltz batek antzeztea Helena Troiakoa; nolatan izango da burusoila Menelao; Akiles ezin da trans aktore bat izan; girotzea ez da inondik inora klasikoa/mediterraneoa; atrezzoa eta jantziak ez datoz bat testuinguru historikoarekin; aktoreen azentuak ez du antz handirik heroi mitikoek izango luketen azentuarekin; elkarrizketak presentistak dira; etab.
Kritika horietako bakar bat ere ez da berria. Antzeko gaiak mahaigaineratzen dira, adibidez, Antzinaroan edo Erdi Aroan kokatutako filmak estreinatzen direnean. Hala ere, oinarrian bertan badago alde garrantzitsu bat oraingoan: poema epiko baten egokitzapena da. Eduki mitologikoko epopeia honen aurrean, zaila da kritika bat egitea girotze historikoko zineman aplikatu ohi diren baldintza berberetan.
Egiaz, eskertzekoa izango litzateke zuzendariek konplexurik gabe onartzea haien egokitzapenak urrutiko iraganean kokatutako sortze lanak direla, baina egiatasun historikoa lortzeko inongo asmorik gabekoak. Onar dezagun ez direla historialarik, filologoak, arkeologoak edo dibultzagaileak; hori beharrean, beren erabakiak sustatzen eta defendatzen saiatzen diren artistak dira.
Zinema nekez egokitu daiteke saiakera historiografiko baten eskakizun metodologiko eta teorikoetara. Ez da beharrezkoa. Beste helburu eta baldintzatzaile batzuk ditu, ekonomikoak, ludikoak, teknikoak eta ideologikoak. Antzinaroaren ikus-entzunezko harrera aztertzea lagungarria da polemika hau dagokion lekuan kokatzeko.
‘Espiritu homerikoa’
Alde horretatik, luze-zabal hitz egin liteke “gai homerikoari” buruz. ‘Odiseak’, bere narrazioan, hainbat aro historiko (mizenastar aroa, arlo iluna eta aro arkaikoaren hasiera) batzen ditu elementu mitologikoekin eta literatur fikzioekin. Bestalde, osagai horiek funtsezko iturri historikoa dira gure aroaren aurreko VIII. mendeko gizartea ezagutzeko, baita aurreko mendeetakoa ere, hein txikiagoan.
‘Odisea’ren duela gutxiko itzultzaileren batek ere —ogibidez filologo— galdetu izan du, jatorrizko testuarekiko leialtasunaren harira, “nori egin behar diogu zin leial jokatuko dugula: ustezko ‘espiritu homeriko’ bati apika? Zorioneko ginateke, espiritu hori zer ote den ere jakiterik bagenu”.
Egiatan, Homeroren lana etengabe berridatzi eta eguneratzen da Antzinarotik bertatik aurrera. Hortik datorkio, hain zuzen ere, lan klasikoaren izaera. Nolanek bere estiloa aukeratu du, besterik gabe.
Nolanen zinema eta beste erreferentzia bisual batzuk
Nolanen sinadura daramate bitarteko teknikoen erakustaldiak, aktoreen hautaketak, koloreen gamak, superheroien generoari egiten zaizkion erreferentziek —Batman barne— eta trailerrak aurreratzea eragozten duen askoz elementu gehiagok. Haren ‘Odisea’ da, hots, Nolanena eta produkzio taldearena eta, jakina, askatasun artistiko osoa daukate berdingabea eta berria izan dadin.
Noski, nahi beste laidoztatzeko aske gara, baina kritikoki aztertzea interesgarriagoa iruditzen zait. Besteak beste, Mediterraneoko hainbat kokapenetan filmatu dute. Dena den, Mikonoseko hondartza bateko oporraldien itxura bera ez badauka, arrazoia zera izan daiteke, filmeko jolas kromatikoek istorioari buruzko zerbait adierazteko asmoa daukatela: alegia, gerrak traumatizatu duen eta etxera itzultzeko itsututa dagoen gizon baten nondik norakoak.
Orobat, ez dugu ahaztu behar estetika hori, beharbada, azken-azken aldiko zinema historiko/fantastikoan oso ohikoa den joera baten ondorio izan daitekeela. Nolabaiteko ironiaz, “Erdi Aroko iragazki” esan izan zaio horri, baina Antzinaroari buruzko produkzio berriek ere aplikatzen dute, eta laburpena hau izan daiteke, izan ere: iragana zikina eta iluna zen, eta larru asko zegoen.
“Neoerdi Aroko” formula bisuala eta estetika hedatu dira ‘Vikingos’, ‘Juego de tronos’ eta prekuelen tankerako produkzioen bitartez. Eta funtzionatzen du. Nire iritziz, lestrigonen karakterizazioa edota itsasontziena (bikingoak) ez da ezustekoa.
Homero eta kultura unibertsala
Nolanen ‘Odisea’ bere garaiaren emaitza da, odisea guztiak bezala. Ideologia dario, jakina, eta Homerorenari ere bai: gure aroaren aurreko VIII. mendeko Greziako elite aristokratikoen ideologia, hain zuzen. ‘Odisea’ betiereko lan bat, preseski, formatu artistiko mota guztietan berrasmatu delako etengabe, baita mendebaldekoak ez diren kulturetan ere; adibidez, Erdi Aroko islamean edota 80ko hamarkadako Japoniako mangan.
Hala ere, noski, Europako eta AEBko kulturak izan dira horretan aritu direnak batik bat. Pintura guztiaz —Atenaseko zeramika, Erromako freskoak edota William McGregor Paxton pintorearen ‘Nausicaa’ — edo eskulturaz harago, kontakizun klasikotik gertu-gertukoak ez diren egokitzapenak daude lan gorenetan; esate baterako, Kostantínos Kafavisen poema, James Joyceren ‘Ulises’, Nikos Kazantzakisen ‘Odisea’ edo ‘O Brother, Where Art Thou?’, Coen anaien filma.
Lan homerikoa hainbat bider eraman dute pantailara; dena den, Ulisesen pertsonaia ‘Iliada’ren edo Troiako zikloaren beste hainbeste egokitzapenetan agertzen da. ‘Troya’ (2004) da, ezbairik gabe, XXI. mendeko iruditeria kolektiboan eragin handiena izan duena. Bere garaian asko kritikatu zuten film hori ere, eta orain muturreko eskuinetako sektore batzuek berreskuratu dute, galdutako maskulinitatearen eta epikaren ustezko enblema gisa. Haien esanetan, Akiles eta Helena Troiakoa behar bezala adierazi dituzte film horretan, ez trans aktore batek eta aktore beltz batek antzeztuta.
Kultur aurrekariak bilatuz gero, Helena antzeztu zuen lehen aktore beltza, guk dakigula, Orson Wellesekin aritu zen 1950eko Parisen. Eta oso gomendagarria den ‘La cólera’ komikian (2020), Akilesek genero trantsizioa bizitzen du.
Norena da ‘Odisea’? Gizadiarena, esango nuke.
Zein Antzinaro, XXI. menderako?
Trailerra dela-eta sortu diren askotariko erreakzioak ikusita, ezin ukatuzko ondorio bat atera dezakegu: XXI. mendean geure iruditeriak eta nortasunak eratzeko Antzinaroko figura historiko eta mitikoei oraindik ematen diegun garrantzia.
Ez da txantxetako gaia. Elon Muskek eta nazioarteko ultraeskuinek beren “gerra kulturalaren” beste elementu baten gisara ulertzen dute, “mendebaldeko zibilizazio” asmatuaren eta supremazista zuriaren defentsan.
Bestalde, Helena beltz batek afro-amerikar nortasun kulturalari dei egiten dio, ustezko arraza egiantzekotasun bati tinko atxikiz, bere garaian pizgarri garrantzitsu izan ziren baina jada gainditu diren argudio historiografikoak baliatuta.
Mitoaren bertsio (eko)feministak, bakezaleak edo LGTBIQ+-en aldekoak ugaritu dira, agertzeari sekula uzten ez dioten irakurketa erreakzionarioen aurrean. Iragan mitikoarekiko betiereko elkarrizketa da, jarraitzen baitu oraina birpentsatzeko baliagarri izaten.
Antzinako zientzietako profesionalek ederki dakite hori. Hur-hurreko estreinaldia Homerori eta harrerari buruzko dibulgazioa eta ikerketa pizten ari da dagoeneko. ‘Odisea’ko oihartzunek eta bidaiek durundi egiten dute beti. Zalantzarik gabe, Ulisesen itzuleraren aurrean gaude. Horrenbestez, garai ona da gure proiektuko ekitaldiarekin bat egiteko eta XXI. menderako zer Antzinaro nahi dugun hausnartzeko.