-
EHUren Adimen Artifiziala, Ingeniaritza Kimikoa eta Hezkuntza, munduko 200 onenen artean, gaikako Shanghaiko Rankingaren arabera
-
Karabela portugesa, alga toxikoak eta Kantauri itsasoko beste biztanle berri batzuk
-
2050erako autosufizientzia energetiko justu eta publikoa lortzeko aukerak
-
Unibertsitate eredu propioa aldarrikatu du errektoreak EHUren ikasturtearen irekieran
-
Iván Pérezek nautika arloko MAL onenaren saria jaso du
Koldo Lopez Guridi, Amaia Castaños Urkullu eta Jon Ander Gonzalez Martin
Zergatik zorabiatzen gara itsasontzian?
Medikua, Osakidetzako Baheketa Programak, EHUko irakaslea (Nautika); irakaslea eta ikertzailea EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa sailean; eta irakaslea EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa sailean Bilboko Ingeniaritza Eskolan
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2026/09/15
Artikulu honen jatorrizkoa The Conversation argitalpenean dago argitaratuta.
Artikulu hau The Conversation Júnior atalean argitaratu da. Atal horretan unibertsitate eta ikergune garrantzitsuenetako espezialistek 12-16 urteko gazteek, jakin-minak bultzatuta, aurkeztutako galderei erantzuna ematen diete. Galderarik baduzu, idatzi helbide honetara: tcesjunior@theconversation.com
Galdera hau Berriz Bigarren Hezkuntzako Institutuko 3. mailako ikasle batek egin zuen. Berriz (Bizkaia)
Uda da, Mallorcan zaude oporretan eta, gainera, zure urtebetetze eguna da. Eguna ospatzeko, zure aitak ideia bat izan du: itsasontzi bat alokatu eta nabigatzera ateratzea itsasontziz bakarrik joan zaitezkeen aparteko kalak ezagutzeko, turkesa koloreko ur ederdunak. Iragarkietan agertzen den plan bikaina, ezta? Eguzkia, itsasoa, argazki ikusgarriak eta etxeko lanik gabe... Zer atera daiteke gaizki?
Hasieran, ezin hobeto. Eguzkia, itsasontzia badoa po-po-po aurrera, eta itsasertza gero eta urrunago. Baina, handik gutxira, zerbait arraroa igartzen hasten zara. Eskuak izerditan, aurpegia zurbil, urdaila nahastuta, eta buruan pentsamendu bakarra: geldi dadila lehenbailehen itsasontzia! Zorabiatu egin zara. Eta okerrena da oraindik ez zaretela heldu lehenengo kalara.
Zer gertatu da? Nola da posible hain plan ederra itsasontzitik jaitsi eta lurra musukatzeko gogoz amaitzea? Erantzuna zure buruaren barruan dago, leku txiki baina garrantzitsu batean: barne-belarrian.
GPS ezkutua belarrietan
Belarri bakoitzaren barruan, kotoizko zotz baten luzera baina sakonago, aparatu bestibularra izeneko organo harrigarri bat duzu. Likidoz betetako kanal txiki batzuk dira, milaka ile mikroskopikok estaliak. Burua mugitzen duzunean, likidoa mugitu egiten da, ileek mugimendu hori antzematen dute eta garunari mezu bat bidaltzen diote:"aurrera goaz", "biratzen ari gara", "gora goaz".
Zeure buruan ezkutatuta dagoen GPS edo burbuiladun nibel bat bezalakoa da. Horri esker, uneoro dakizu zutik, etzanda edo itzulipurdi bat egiten ari zaren, begiak itxita izan arren. Kontrol gabeko bideo joko bateko pertsonaia bat bazina legez erortzea saihesten duen sistema da.
Zentzumenak norgehiagokan
Arazoaren muina da gorputzak kontraesanean dagoen informazioa jasotzen duela. Batetik, barne belarriak primeran nabaritzen du kulunka: gora, behera, alde batera, bestera... Bestetik, zorura, mugikorrera edo itsasontziaren barrualdera begira bazaude, begiek zurekiko geldirik dauden gauzak ikusten ditu.
Orduan, gauza bitxi bat gertatzen da: belarriek “izugarri mugitzen ari gara!” oihukatzen diote garunari; begiek, bestalde, lasai-lasai, “dena geldirik dago” esten diote. Garunak kontraesaneko bi mezu hartzen ditu eta ez daki nori sinetsi. Zientzialariek zentzumen gatazka deitzen diote horri, eta zorabioaren arrazoi nagusia da; hizkuntza teknikoan zinetosia deritzo.
Baina, zergatik daukazu oka egiteko gogoa?
Hona hemen gauzarik harrigarriena: zer zerikusi dauka begien eta belarrien arteko eztabaidak oka egiteko gogoarekin?
Badago azalpen bat zientzialari askoren ustez egokia dena. Milaka urteko eboluzioan, egoera bakar batean hartu izan ditu garunak hain seinale nahasiak, hain zuzen ere nerbio sistemari eragiten zion zerbait jatean, hau da, egoera txarrean zegoen zerbait edo gauza pozoitsuren bat jatean. Horregatik, nahasmendu hori antzemanda, garunak larrialdiko erabakia hartzen du: "agian, intoxikatu egin gara, hobe dugu, badaezpada, urdaila hustea". Ondorioz, goragalea eta oka egiteko gogoa.
Itsasontzian, baina, ez dago pozoirik: alarma faltsua da, baina garunak benetakotzat hartzen du, eta horregatik sentitzen zara hain gaizki.
Zenbait trikimailu garunari ziria sartzeko
Baina badago albiste onik: arazoa zein den behin jakinda, baduzu modurik gorputza lasaitzeko. Trikimailurik onena zerumugara begiratzea da: itsasoak zeruarekin bat egin duen lerro horretara. Begiek mugimendua antzemango dute, eta, horrela, ez da kontraesanik egongo begien eta belarrien artean. Bat-batean, zentzumenak ados jarri dira eta garuna lasaitu egingo da.
Beste trikimailu on batzuk: itsasontziaren bizkarrera irten aire freskoa hartzera, ez ezer irakurri eta ez mugikorrik erabili, aurrera begira jesarri eta ez larregirik jan itsasora irten aurretik. Eskumuturreko berezi batzuk ere badaude: eskumuturreko puntu batean presio apur bat egiten dute eta batzuentzat lagungarri izaten da. Badira ere zenbait botika, medikuaren edo farmazialariaren gomendioei jarraikiz hartzen direnak.
Bukaera zoriontsua: lehorrean, azkenik
Beraz, ez kezkatu: itsasontzian zorabiatzeak ez du esan nahi itsasoa ez denik zuretzat. Jende askori gertatzen zaio: esperientzia handiko marinelei ere gertatzen zaie, baina badago egoerari aurre hartzeko modurik.
Baina, bai, gaurko abenturaren ondoren bihar oso argi izango duzu: itsasontzirik ez. Erabili nahiko duzuen eskumuturreko bakarra hotelean “dena barne” adierazten duen horietako bat izango da, lehorrean bertan, itsasoratu gabe, igerilekurako, etzatekorako eta buffeterako eskubidea emango dizuna. Eta, aizu, hori ere bada urtebetetze eguna bikain ospatzeko aukera bat. Ez du izango, ez, itsas epikarik, baina ez duzue oka gurerik izango. Ez da gutxi!
EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak hitzarmena dauka The Conversation Júnior aldizkariarekin.