Call for Papers

Call for Papers

BESTEA, NORBERA. Alteritatearen figurak eta diskurtsoak

Alteritatea edo, nahiago bada, bestetasuna gaur egun gori dagoen kontzeptu bat da. Orain dela hamarkada bateko finantza krisiak muga jasangaitzetaraino eraman zuen desberdintasuna mendebaldeko gizarteetan, halako arrisku batetik salbu zeudela uste bazuten ere. Barne desberdintasuna agertzearekin batera, ezinezkoa zaigu ukatzea beste bat ere badagoela are nabarmenagoa: globalki onuradunak diren gizarteak eta pobrezia gero eta hedatuago batean hondoratzen ari diren gizarteak zatitzen dituena. Eta horrekin batera intolerantzia hazi da. Arrakala ekonomikoak, barnekoak eta kanpokoak, gaur egungo politika, gizarte eta arraza arrakala ekarri du. Iritsi dira lider nazional-populista-xenofoboak; dirudienez, bertan geratzeko iritsi ere: Donald Trump Estatu Batuetan, Neil Farage Erresuma Batuan, Matteo Salvini Italian, Jair Bolsonaro Brasilen… Lider horiek, hauteskundeak irabazteko, etekina ateratzen diote jendearen frustrazioari eta haserreari; iritzi publikoa manipulatzen dute, sare sozialetatik; diskurtso erabat sexistak, xenofoboak, arrazistak eta homofoboak zabaltzen dituzte; mugen itxiera, protekzionismo ekonomikoa, nazionalismo amorratua, atzerritarrarekiko beldurra eta mespretxua proposatzen dute.

Gauzak horrela, egungo gizarteek Bestearekiko errespetua galdu dute, bestelako sexu orientazioak, sinesmen erlijiosoak edo ezaugarri etnikoak dituzten gutxiengoekiko errespetua. Horregatik, hain zuzen, beharrezkoa dugu alteritate kontzeptuari erreparatzea. Zeren eta, Platonek erakutsi bezala, ezin baita Norbera kontzebitu eta definitu, Bestearekiko edo besteen aniztasunarekiko harremanean ez bada. Zeren eta, alteritateak ez baitu esentzialetik deus, eta Bestea soilik da beste Norberaren erlazioan, eta haren aurpegiak anitzak dira, testuinguruen arabera. Hala, neurri handi batean, Norberak eraikitzen du Bestea, eta aldi berean periferian, gutxiengo egoeran, kokatzen du.

Et hori gutxi balitz, alteritatea bada ere gizakien psikismoaren barruan. Sigmund Freudek XIX. mende amaieran inkontzientea aurkitu zuenetik, ezinezkoa zaigu ukatzea poetak adierazitako hura (“Je est un autre”) adierazpen poetiko hutsa baino askoz ere gehiago dela. Inkontzientea –“kapitulu zentsuratua”, norberaren ageriko jarrera argi eta kontzientearen azpian ezkutatutako egitura– gizakiaren bizitzaren hainbat unetan neurosi (obsesiboa edo histerikoa) edo psikosi forman sortzen diren askotariko formazioen erantzulea da. Larrua ez delako Ni eta Bestearen arteko muga bakarra; bada barneko beste bat gure baitan bizi dena. Poetarentzat (Rimbaud) bezala filosofoarentzat (Lévinas) ere Nia bestearekiko topaketa guztien batura da. Ez gaitu zertan harritu, beraz, hamaika kontakizunek arazo hauen berri eman izanak ezin konta ahala modutan.

Asociación Española de Semiotica elkartearen XVIII. Nazioarteko Kongresuak, Semiotikako II Kongresu Iberiarrak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Sailaren IX. Nazioarteko Kongresuak gogoeta bat proposatzen digu semiotikak alteritateari buruz, oro har, esateko duenari buruz. Beraz, interesgarria da alteritatea nola mundu naturalean, Greimasek esango lukeen moduan, hala haren errepresentazioen aniztasun gisa. Eta nola gizarte alteritatea; hau da, guri eta gure kideei dagokiena, hala barne alteritatea.

Gauzak horrela, gonbidatzen zaituztegu alteritate kontzeptua ikuspuntu posible guztietatik aztertzen duten ekarpen mota oro proposatzera: gizarte alteritatea, barne alteritatea, eta bien errepresentazioa narrazio mediatikoetan, izan literarioak, bisualak, soinuzkoak edo ikus-entzunezkoak.