Gertuko Komunikazioa Mehatsupean

IRRATI-TELEBISTA AUTONOMIKO, TOKIKO ETA KOMUNITARIOEN ATZERAKADA. GERTUKO KOMUNIKAZIOA MEHATXUPEAN

Euskal Herriko Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko IV. Nazioarteko Kongresua

Aurkezpena

Urriaren 28an, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan, Bilbon, Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko IV. Nazioarteko Kongresua izango da. Gertuko komunikabide publiko, pribatu eta sozialen panorama izango da mintzagaia. Hala, gertuko hedabideek bizi duten egoera zalantzagarriaz arituko gara, izan ere, gertuko komunikazioa bidegurutzean dago, tokiko hedabideek erronka berriei aurre egin behar diete, besteak beste, agintari politikoek erabakitako erregulazio-sistemak, teknologia eraldaketak, Internet eta ikus-entzunezkoen erabilera berriak, aurrekontuen murrizketak, pribatizazioak, zenbait kanalen desagerpenak eta publizitate merkatuaren krisiak eragindako egoera dela eta.

Gertuko komunikabideek funtsezko zeregina bete dute urte askoan gure gizarteak egituratzen, kultura eta informazioa hedatzen eta aniztasuna bermatzen. Garapen teknologikoak ekarri duen audientzien zatiketarekin eta egun bizi dugun krisialdi ekonomikoarekin, ordea, gogortu egin da gertuko hedabideekiko presioa eta murrizketak eta pribatizazio mehatxuak etorri dira. Kudeaketa modu desegokiek eta botere politikoarekiko menpekotasunak lagundu egin dute tokiko hedabideen gainbeheran.