Gertuko Komunikazioa Mehatsupean

Egoitza: Bizkaia Aretoa

Irudia

Eraikina Bilboko gune enblematiko batean kokatzen da; "L" formarekin, itsasadarrari eta Guggenheim museoari begira, Abandoibarra etorbidearen erdi-erdian dago, Pedro Arrupe eta Deustuko zubien artean. Eraikitako azalerak 9.000 metro koadro baino gehiago ditu, sei solairutan banatuta. Beheko solairuak 2.300 m² ditu, eta bertan daude 450 pertsonarentzako entzunareto nagusia, 400 m²-ko atarte zabala, eta denda eder bat. Lehen, bigarren eta hirugarren solairuek 1000 m² baino zertxobait gehiagoko azalera dute, eta bertan ditugu errektorearen eta Gobernu Kontseiluaren bulegoak, 161 pertsonentzako biltzar-areto bat, prentsaurrekoak emateko areto bat 64 plazekin, erakusketak egiteko lau gune eta zerbitzu nagusietako bulegoak. Eraikinaren lurpeko solairuan aparkaleku bat eta hainbat biltegi daude.

Eraikin enblematiko hori Álvaro Siza arkitektoak diseinatu du, eta lehentasuna eman dio "inguruaren eskala mantentzeari, erlaitz batzuk errespetatuz eta oinezkoaren zerbitzuetarako beheko solairua bultzatuz. Irekia eta barrualdea bistan izanik, beheko solairuak hegal zabalak ditu, eremu pribatua publikoan txertatzeko, eta alderantziz".

Altzairu forjatuko eta hormigoiko egitura mistoa du, eta iparralde eta ekialdeko fatxadek; hots, eraikinaren sarbide nagusiek hainbat leiho errektangeluar dituzte. Liburutegiari, Deustuko zubiari eta Euskadi Plazari begira dauden fatxadak marmol zuriz estali dituzte, eskailerak eta fatxada nagusiaren artisau-azulejoen juntak bezalaxe.

Álvaro Siza Matosinhos-en (Portugal) jaio zen 1933an. 1988an, Europako Mies van der Rohe lehen saria jaso zuen, eta 1992an, berriz, arkitekto onenari emandako 'Pritzker' sari ospetsua. Irakasle izan zen Arte Ederretako Goi Eskolan eta Oportoko Arkitektura Fakultatean, eta irakasle bisitaria izan da, halaber, Lausanne, Pennsylvania, Bogota eta Harvard-en. Zuzendaria da Hagako Shilderseijk Berreskuratzeko Planean eta Lisboako Chiadoa Berreskuratzeko Lanetan. Lana Oporto hirian egiten du, eta American Institute of Arts and Science-ren kidea da, eta Royal Institute of British Architects-en ohorezko kidea. Bere lan nagusien artean, hauek nabarmentzen dira: Da Boa Nova jatetxea (1958), Berlingo Schlesisches tor Housing (1988), Arte Garaikidearen Galiziako Zentroa (1993), Marco de Canaveses-en eliza (1997) eta Serralves Fundazioa (1999).


Ikusi Bizkaia Aretoa mapa handiago batean

Nola heldu

Hemen informazio gehiago daukazu Bizkaia Aretora heltzeko.