Aurkezpena

Gasteizko Nazioarteko Zuzenbidearen eta Nazioarteko Harremanen Ikastaroek 1946an dute jatorria, eta hiri horretan egiten dira 1981z geroztik (1999an hartu zuten gaur egun duten izena). Beraz, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen historiari lotuta dagoen jarduera akademiko bat da, UPV/EHU 1980an sortu zenetik egiten dena.

Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Nazioarteko Harremanak eta Zuzenbidearen Historia Sailak antolatuta, UPV/EHUren hiru campusetako hiru ikastegitako irakasle eta administrarien ekarpenari esker egiten dira: Zuzenbide Fakultatea, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea eta Letren Fakultatea. Ikastaroak uztailean egiten dira, hirugarren fakultate horren Areto Nagusian.

Sortu zirenetik, ikastaroen helburua izan da komunikazio zientifiko eta pedagogikoko diziplinarteko espazio ireki bat sortzea Nazioarteko Ikasketen esparruan –horretara  mugatzen ez bada ere–, oinarri hartuta Nazioarteko Zuzenbidearen (Publikoa nahiz Pribatua) eta Nazioarteko Harremanen diziplinak. Gainera, UPV/EHUk bere gain hartu zituenetik, beste asmo bat gehitu behar zaio helburu horri: hots, Autonomia Erkidegoaren, haren hiriburu administratiboaren eta unibertsitatearen beraren prestigioa zabaltzea. Alde horretatik, nabarmentzekoa da programatzen diren jarduera osagarrien garrantzia: zehazki, Eusko Legebiltzarrean, Gasteizko Udalean, Arabako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritza-Lehendakaritzan egin ohi diren harrera instituzionalak. Erkidegoko erakundeak ezagutarazteko modu erakargarri bat da.

Hizlarien mailagatik, aztertutako gaiengatik –zazpi ikastaro monografiko eta eztabaida mahai bat– eta ponentzien argitalpenagatik, nazioarteko gaiei eskainitako aldian behingo ikastaro espezializatu garrantzitsuenak dira estatuan eta, garrantzitsuenetarikoak, nazioarte mailan. Urtez urte irabazitako prestigio horren adierazle dira ikastaroetan ordezkaritza duten unibertsitateak eta parte hartu duten milaka ikasleen jatorri geografikoa, oro har izan ohi direnak lizentziaturako azken mailetako eta hirugarren zikloko ikasleak, unibertsitateko irakasle gazteak, ikertzaileak eta profesionalak.

Arabako hiriburuan eginiko lehen edizioak 53 ikasle bildu bazituen, halako bi dira gaur egun, 100 ikasle izanik batez bestekoa, gehienezkotzat hartzen den kopurua ikastaroak kalitatez kudeatzeko (ikasleak zorrotz eta gardenki hautatzen dira, irizpide akademikoen arabera).

Nazioarteko gaiak aztertzen dituen komunitate zientifikoarentzat, jadanik ondare bihurtu da nazioarteko gizartearen desafio nagusien ezagutzaren inguruan UPV/EHUk ia hiru hamarkadaz etenik gabe egin duen gogoeta eta zabalkunde lana. Hala eta guztiz ere, begien bistakoa da bilkura zientifikoek, entzute handikoak izanagatik, beren esanahiaren zati handi bat galtzen dutela emaitzak modu egokian zabaldu ezean.

Informazioaren gizarteak oinarria, erabilgarritasuna eta lastertasuna exijitzen dizkie informazio eta jakintza trukerako tresnei.

Hori dela eta, Nazioarteko Zuzenbidearen Ikastaroetatik, espazio publiko bat eskaini nahi dugu Internet bidez gure jardueren berri emateko, hiru helbururekin:

  • Hasteko, informazioa ematea ikastaroen inguruan antolatzen diren jarduera guztiei buruz, haien antolakuntza izanik gure lanaren ardatz nagusia. Xedea, beraz, goi mailako urteko bilkura bat egitea ez ezik, egitasmo anitz biltzeko gai izango den kalitate zientifikoko marka bat sendotzea era bada. Hala, nabarmentzekoa da Gasteizko Udalaren sari ofizialen artean Francisco Vitoria izeneko domina dagoela, zeinaren bidez hiriak aitortu egiten duen pertsonek edo erakundeek bakearen defentsan eta Giza Eskubideen sustapenean nazioartean eginiko lana. Besteak beste, Nazioarteko Justizia Auzitegiak (Nazio Batuen erakunde judizial nagusia), ACNURek eta UNICEFek jaso dute sari hori, eta ohore handia izan da guretzat erakunde horietako goi mailako ordezkariak gurera etortzea. Gainera, Francisco de Vitoriaren busto batek harrera egiten die auzitegi horren deliberazio aretora sartzen diren pertsonei. Domina udalbatzak ematen du, ikastaroen Batzorde Zientifikoaren proposamena eta azalpenak jaso ondoren.
  • Azkenik, aspalditik bete nahi izan dugun helburu bat erdietsi dugu: mugarik gabe zabaltzea gure web orriaren bidez 1983tik aurrera argitaratutako ikastaroen testu originalak. Ondorioz, balio ikaragarria duen datu base bat sortu dugu gai hauen inguruan ikertzen duten pertsonentzat, are gehiago kontuan izanik aspaldiko edizioetako testu originalak eskuratzeko zailtasuna. Ikastaroen emaitzak formatu elektronikoan zabaltzeko erabakiak berekin dakar fideltasun osoz hedatzea ia mende laurdeneko ekoizpen zientifikoa, bai estatuko akademiarena bai europar nahiz amerikar hizlariena. Ekarpenak libreki deskarga daitezke hainbat bilaketa parametro erabilita (egilea, urtea, jakintza arloa edo izenburua). Azken batean, tradizioa sendotu eta UPV/EHUtik era dinamikoan ekiteko beharrari erantzutea, dagokion zerbitzu publikoa eskainita.

Azkenik, ikuspegi horretatik, nabarmentzekoa da Gasteizko Nazioarteko Zuzenbidearen eta Nazioarteko Harremanen Ikastaroak UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioaren eskaintzaren corpusaren barnean daudela 2014az geroztik. Horrela, lehen sakabanatuta zeuden egitasmoak ikusgai daude orain gorputz bakar, askotariko eta EAEko geografiaren arabera deszentralizatutako batean, jakintza emanez eta zabalduz, gure lemak adierazi bezala: eman ta zabal zazu.