Ikerketa Proiektuak

Europako Hizkuntza Gutxituen Telebistak Espazio Geolinguistiko Gisa

Ikertzailea(k):
Edorta Arana Arrieta, Josu Amezaga Albizu, Patxi Azpillaga Goenaga, Beatriz Narbaiza Amillategi
Denboraldia:
2006-tik 2008 arte
Finantzaketa egin duen erakundea:
UPV/EHU
Zenbatekoa guztira:
€ 16400
Deskribapena:

Laburpena: Europako Batasuneko errealitate hizkuntzanitza ez da bere hogei hizkuntza ofizialetan agortzen. Gero eta gehiago, hizkuntza errejionalak (Regional Minority Languages edo RML) onarpena irabazten ari dira, horrekin batera beren garapenerako politikak ezartzen ari direlarik. Baina honez gain, bada bestelako errealitate linguistiko bat, orain arte gutxitan kontuan hartua, baina aurrekoaren antzeko dimentsio kuantitatibora iritsia: kontinente zaharrean ezartzen ari diren milioika migratzaileen hizkuntzena hain zuzen (Immigrant Minority Languages edo IML). Batzuen zein besteen bilakaeran eta garapenean telebistagintzak zer garrantzia izan dezakeen aztertu nahi dugu gure ikerketaren bidez, etorkizun laburrean Europako hizkuntzaniztasuna lehen mailako eztabaidagaia izango delakoan. Asmo horrekin, gure helburu nagusia Europako Batasuneko hizkuntza-gutxiengoen telebisten errealitatea ondo ezagutzea da, hala RML-en nola IML-en kasuan: zein diren, nolakoak diren, nolakoa den beren xede-komunitatea, zein helburu mota duten, zein estrategia erabiltzen duten helburu horietara iristeko, eta nola baloratu daitekeen beren jarduna, dagokion hizkuntzaren birsorkuntzaren terminoetan. Hau guztiau lortuz gero, bideragarri bihurtuko zaigu errealitate ezberdinen arteko alderaketa egitea, komun dituzten puntuak eta haien arteko ezberdintasunak baloratuz, eta komun diren ondorioak noraino atera daitezkeen hausnartuz. Proiektu hau apostu bat da. Orain arteko gogoetan, ikerkuntzan zein politikan modu bereiztuan tratatu diren errealitate biren puntu komunak bilatzeko apostua alegia. Helburu horren azpian, sarritan elkarren berri izaten ez duten eta maiz ia bateraezintzat jo izan diren komunitateak (Europako komunitate etniko historikoak batetik, eta etorkinen gutxiengoak bestetik) elkarrekin dituzten alderdien argitan behatzeko asmoa dago. Erreferentzia: EHU 06/41 ARANA ARRIETA