Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saila

Berriak

In memoriam: Iñaki Eguiazabal

Lehenengo argitaratze data: 2017/02/14

Urtarrilaren 28an, larunbatez, José Ignacio (Iñaki) Eguiazabal hil zen, UPV/EHUko Kimika Fakultateko Materialen Zientziaren arloko katedraduna.

Iñaki pertsona adimentsua zen, lanerako gaitasun handia zuena, eta beti zegoen elkarlanerako prest. Lehen mailako karrera zientifikoa osatu zuen, proiektuak eta doktorego tesiak zuzenduz, liburuak idatziz eta izen handiko nazioarteko aldizkarietan 150 artikulutik gora kaleratuz. Mundu guztiko ikertzaileek ezin konta ahala aipamen egin dituzte haren lanei buruz, eta, horregatik, erreferente nabarmena bihurtu zen polimeroen propietateen esparruan. Bere ezaguera zientifiko eta teknologikoez baliatuta, graduko eta graduondoko eskolak ematen aritu zen UPV/EHUn bertan eta beste unibertsitate batzuetan, eta ikasleen artean arrakasta izugarria lortu zuen: balorazio ezin hobea ematen zioten beti irakasleak ebaluatzeko inkestetan. Haren zehaztasun zientifikoa eta laguntzeko prestasun ohikoa ikusirik, hainbat instantzia akademikok ikerketa kudeatzeko ardura eman zioten; besteak beste, Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionaleko aholkulari eta Ikerketa Jarduera Ebaluatzeko Batzorde Nazionalaren Kimika Komiteko buru izendatu zuten. Halaber, UPV/EHUko Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko idazkari izan zen urte askoan, eta saileko buru 2009az geroztik. Kudeaketa ezin hobea gauzatu zuen sailean, eta era guztietako gorabeherak gainditu zituen (batzuk unibertsitateko nartzisismo klasikoaren ondorioz sortuak) bere ahaleginari, jarrera onari, besteen larruazalean jartzeko gaitasunari eta umore sen zorrotzari esker.

Propagandak eta auto-propagandak giza jardueraren esparru guztiak inbaditzen dituzten honetan, Iñaki zuhurtasun handiko pertsona izan da: ez zituen bere arrakasta profesionalak zabaltzen eta ez zen harropuzten, nahiz eta arrazoiak sobera eduki horretarako. Egia da, baina, nolabaiteko harrotasunak irabazten ziola bere familiako hiru emakumeez hitz egiten zuenean. Nekez ezkutatzen zuen bere poza, esate baterako, bere alaba Ana nerabearekin Monte Perdidora igo zenekoa kontatzen zuenean. Mendizalea ez ezik, musikazale sutsua, txistularia, abesbatzako zuzendaria eta Irungo Betnasko parrokiako organista zen. Bere ideal sozial eta humanitarioekin konprometituta zegoen, eta eskatzen zitzaiona baino gehiago eman ohi zuen beti. Zenbait urteren ondoren azkena eman zion gaixotasunaren inguruan izan duen duintasunak eta aldarte bikainak are gehiago handitzen dute haren kalitate pertsonala.

Unibertsitatean harekin lan egin dugunok beti erakutsiko diogu esker ona eta mirespena gure zuzendari, lankide eta adiskide Iñakiri.

Antxon Santamaria
UPV/EHUko Fisika Aplikatuaren arloko katedraduna