#decalogoSAPDU kanpaina – SAPDU sarea

2019ko abenduaren 3a desgaitasunak dituzten pertsonen nazioarteko eguna

Espainiako unibertsitateen desgaitasunak dituzten pertsonentzako zerbitzuen sareak (SAPDU) bere 10. urteurrenean dekalogo etiko-profesional bat argitaratu du. Dekalogoa giza duintasunean, berdintasunean eta askatasunean oinarritzen da. Sarearen dokumentua jarraian eskaintzen da:

"Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Unibertsitate Zerbitzuen Espainiako Sarea ezinbesteko aldaketa motorra da gizarte inklusibo, tolerante, irisgarri eta gardenagoa lortzeko.

Aukera berdintasunaren printzipiotik abiatuta, urte hauetan asko sendotu dira gure unibertsitateetan desgaitasunen bat duten pertsonei laguntzeko zerbitzuak; hala, bere egin dituzte hezkuntza inklusioaren printzipioak, nazioarteko, estatuko eta unibertsitateko legeriarekin bat. 2009an, unibertsitateek Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Unibertsitate Zerbitzuen Sarea (hemendik aurrera, SAPDU sarea) sortu zuten, Ikasleen Gaietako EUEB sektore batzordearekin elkarlanean

Orain, SAPDU sarearen X. urteurrenean, unibertsitateko jardun profesionalak 20 urte baino gehiago bete dituenean, unibertsitateko laguntza zerbitzuetan lan egiten duten pertsonek dekalogo etiko profesional bat sortu dute, profesional gisa gauzatzen duten jarduna arautzen duten balioak eta printzipioak biltzeko. Hala, Desgaitasunak dituzten Pertsonen Nazioarteko Egunarekin bat, #decalogoSAPDU kanpaina martxan jarri nahi dugu, giza duintasunean, askatasunean eta berdintasunean oinarritutako dekalogo hori ezagutarazteko, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean eta Desgaitasunak dituzten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioan jasotako eran.

Gaur egun, zerbitzuek hogeita bi mila pertsona baino gehiagori ematen diote arreta; horrek esan nahi du hamarkada batean % 125 hazi dela arreta. Dena den, oraindik asko dago egiteko: ezinbestekoa da desgaitasunak dituzten pertsonen inklusioa indartzen jarraitzea, bai unibertsitatean bai unibertsitatetik kanpo. Zeharkako ikuspegi horrek unibertsitateko kide guztiei eta gizarte osoari eragiten die.

Kode etiko hau gauzatuta, paper gainean jarri dira zerbitzu guztiek partekatzen dituzten printzipioak, eta identitate seinale bat eskaintzen du unibertsitateetan aniztasunari ematen zaion arretan nagusi diren balio profesionalei buruz; hala, konpromiso etiko bat ezartzen du profesionalen eta egunero-egunero zerbitzu horiek erabiltzen dituzten pertsonen eskubide eta erantzukizunei dagokienez.

Hauek dira hamar printzipioak:

  1. Autonomia sustatzea, gehiegizko babesaren gainetik.
  2. Pertsona guztien aukera berdintasuna lortzeko esku hartzea, pertsona horiek parte hartzen duten esparru guztietan.
  3. Pertsonei balioa ematea, ikasketa prozesuko subjektu aktibo gisa, dagozkion eskubide eta betebeharrekin.
  4. Konfidentzialtasuna eta pribatutasuna errespetatzea, datuen babesari buruzko legeak xedatutakoarekin bat.
  5. Sareko lana indartzea esparru guztietan. Unibertsitate barruan eta unibertsitatetik kanpo, unibertsitateak gizartearekin duen konpromisoaren parte gisa.
  6. Ikasketarako diseinu unibertsala sustatzea, pertsona guztientzat irisgarriak diren inguruneak sortze aldera.
  7. Ikasleek osoki parte hartu ahal izatea, hezkuntzako inklusioa ikusgarri egiteko.
  8. Aniztasunarekiko errespetua izatea, zentzurik zabalenean, kolektibo guztiak kontuan hartuta.
  9. Genero ikuspegia ezartzea unibertsitateetako laguntza zerbitzuek egiten dituzten ekintzetan, estrategietan eta esku hartzeko proposamenetan.
  10. Lana bilatzeko gaitasun pertsonalak garatzea eta gurekin lanean aritzen diren kolektiboen laneratzea sustatzea."