Enpresa Zuzendaritza, Ezagutza eta Berrikuntza Doktorego Programa

Esklusiboa

Aurkezpena

Enpresa zuzendaritza, Ezagutza eta Berrikuntzako doktorego programaren helburua da ikasleei prestakuntza ematea ikerketa egiteko enpresa zuzendaritzan, erakundeei buruzko ezagutzan eta enpresaren berrikuntzaren kudeaketan. Programaren ikerketa ildoak enpresari begira daude nabarmenki. Ezaugarri hori daukan programa bakarra da UPV/EHUn. Hona hemen ildook: -Finantzak, finantza informazioa eta nazioartekotzea -Gobernua, ezagutza eta portaera ekintzailea -Merkatuak eta berrikuntza -Antolakuntza berritzailea eta pertsonak -Eskualdeko politika eta marketin publikoa -Erabakiak hartzea eta hautaketa soziala Doktorego programan, lehendabizi, UPV/EHUn enpresaren ekonomiaren arloko prestakuntzaz eta ikerketaz arduratzen diren hiru egiturak daude, hau da, Finantza Ekonomia I (Enpresen Kontabilitatea eta Administrazioa) saileko, Finantza Ekonomia II (Enpresa Ekonomia eta Merkaturatzea) saileko, eta Enpresari Aplikaturiko Ekonomiaren Institutua. Gainera, Ekonomia Aplikatua I saileko, Ekonomia Aplikatua IV saileko eta Soziologia eta Gizarte Langintza saileko irakasleek ere parte hartzen dute, enpresaren ekonomiatik gertuko arloetan ikertzen dutenak. Era berean, Europako hainbat unibertsitatetako ikertzaileek, Mexikokoek eta Corporación Tecnológica Tecnaliakoek ere badihardute programan.

Kualifikazio-maila

Titulu honek Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 4. maila du aitorturik; maila hori Kualifikazioen Europako Esparruko (EQF) 8. mailaren parekoa da, urtarrilaren 23ko 22/2015 Errege Dekretuak jasotzen duenez (BOE 2015/02/07).