Abian da Caf-Elhuyar sariketa, zubigileen lana aitortzeko asmoz

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/25

Abiatu da Caf-Elhuyar sariketa, zientziaren eta teknologiaren mundua gizarte osoarekin lotzeko asmoz. Zubiri-zubiri da aurtengo leloa. Izan ere, eremu zientifiko-teknologikoa eta gizartearen artean zubigintzan dabiltzanen lana aitortzea, saritzea eta bultzatzea da CAF-Elhuyar sariketaren xedea.

Kategoria hauek ditu sariketak:

  • Dibulgazio-artikulu originalak. Bi azpikategoriatan banatuta dago: dibulgazio-artikulu orokorrak  eta egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak. Azpikategoria bakoitzaren irabazleak 2.000 euroko saria, urtebeteko harpidetza Elhuyar aldizkarira, eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eskuratuko du.
  • Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak. 2.000 eurorekin, urtebeteko harpidetza Elhuyar aldizkarira, eta eskulturarekin saritzen da.
  • Zientzia Gizartean sorkuntza-beka. Zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duen proiektuak onartzen dira kategoria honetan. Aukeratutako proiektuaren egileak hura gauzatzeko 5.000 euroko diru-laguntza jasotzen du, baita eskultura ere.

Horrez gain, aurten ere NEIKER sari berezia emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; saria 2.000 eurokoa izango da eta beste sariekin bateragarria; alegia, lehen sektoreko lan onenak beste kategoria bateko onena ere baden kasuan, bi sariak jasoko ditu.

cafelhuyarsariak.elhuyar.eus helbidean dago informazio guztia, eta 2020ko otsailaren 7ra bitartean aurkez daitezke lanak.