UPV/EHUko master bik Erasmus Mundus Europako zigilu ospetsua lortu dute

UPV/EHUk koordinatzen duen European Master in Marine Environment and Resources masterra Plentziako Itsas Estazioa izeneko ikerketa zentro berrian emango da

Lehenengo argitaratze data: 2012/09/17

Europako goi mailako hezkuntzaren kalitatea bultzatzeko asmoz, Erasmus Mundus izeneko lankidetzarako eta mugikortasunerako programak, hasiera batean, masterrak eta doktoregoak batzen dituzten programei lagunduko die, hots, garrantzitsuak diren eta kalitate akademiko bikaina duten programei. Horrela, Europar Batasuna mundu osoan ikasteko zentrorik bikainena moduan bultzatuko da, eta gainera, beste herrialde batzuekin ere lankidetzan arituko denez kulturen arteko lotura estutuko da. Baterako masterren programak egiteko, gutxienez partzuergoko hiru unibertsitateren arteko mugimendua eman behar da; programaren bidez, bestalde, Europako eta beste herrialde batzuetako ikasleentzako bekak eskaintzen dira, denek parte hartzeko aukera izan dezaten. Azken deialdian, guztira, 177 master proposamen aurkeztu dira (UPV/EHUk 4tan hartu du parte), eta horietatik 30 baino ez dira hautatu, finantzatzeko.

Orain arte, UPV/EHUk elkarteko kide gisa parte hartzen zuen Erasmus Mundus master batean eta doktorego batean (Water and Coastal Management delakoari buruzko masterra eta doktoregoa), Cádizko Unibertsitateak koordinatuta biak. Baina oraingoan UPV/EHUk lehenengo aldiz lortu du Erasmus Mundus European Master in Marine Environment and Resources (MER) izenekoan kide-koordinatzaile aren zigilu ospetsua.

MER Erasmus Mundus masterraren lehenengo edizioa 2013-2014 ikasturtean egingo da, baina UPV/EHU 2006/2007 ikasturteaz gero ari da garatzen beste MER bat (European Master in Marine Environment and Resources), Frantziako Université de Bordeaux I unibertsitatearekin eta Southampton Unibertsitatearekin (Erresuma Batua) lankidetzan. 2011/2012 ikasturtean 20 ikaslek parte hartu zuten masterrean (lehenengo edizioan soilik 10), gehienak Europako eta Europatik kanpoko beste herrialde batzuetatik iritsitakoak. Masterra 2 urtekoa da (120 ECTS kreditu) eta egonaldiak honela banatzen dira: lehenengo seihilekoa Bordelen, bigarren seihilekoa UPV/EHUn, hirugarrena Southamptonen, eta laugarren seihilekoa, azkenik, masterreko tesia idazteko erabiltzen da; azken seihilekoa kide diren edozein unibertsitate edo zentrotan eman daiteke. Master honen edizio berria irailean hasiko da, Plentziako Itsas Estazioan, hementxe egingo baitira "Marine Environment and Resources" eta "Environmental Contamination and Toxicology " masterrak eta doktoregoak. 

MER Erasmus Mundus berria ez da bakarrik azaldutako hiru unibertsitateetan egingo (UPV/EHU, Université de Bordeaux I eta Southamptoneko Unibertsitatea); aurten, Liégeko Unibertsitateak (Belgika) ere parte hartzen du kide gisa. Horrez gain, kide diren hainbat zentro garrantzitsuk ere lagunduko dute: AZTI Tecnalia Fundazioa, Cádizeko Unibertsitatea eta Ozeanografiako Espainiar Institutua (Espainia), Centre for environment, fisheries & aquaculture science (CEFAS) (Erresuma Batua), Centre de recherches insulaires et observatoire de l´environne (CRIOBE), IÉPHEkoa, eta Ifremer (Institut français de recherche pour l exploitation de la mer, Polinesia Frantziarra), HR Wallingford limited (Erresuma Batua), Station de recherches sous-marines et océanographiques (STARESCO) eta Rivages pro Tech (Suez-Lyonnaise des eaux GRP) (Frantzia), Administrazio, Finantza eta Teknologia Eskola (Kolonbia), Nanjing University eta Marine Environmental Research and Innovation Technology-HKU (Txina), University of Western Australia (Australia), University of North Carolina at Charlotte (AEB), University of Aegean (Grezia), Ekuadorreko Unibertsitate Zentrala (Ekuador), Kalifornia Beherako Unibertsitate Autonomoa (Mexiko) eta Norwegian Institute for water research (NIVA) (Norvegia). Erasmus Mundus finantzaketari esker urtero 36 ikaslek parte hartu ahal izango dute; izan ere, ikasle hauek Europako Batzordeak ematen dituen bekak jaso ahal izango dituzte hurrengo gastuak ordaintzeko: bidaia, ostatua, matrikularen zenbatekoa, aseguruak eta hileko gastuak. Ionan Marigómez irakasleak koordinatuko du EM MER; hala, hasiera-hasieratik MER masterra koordinatzen eta Erasmus Mundus proposamena prestatzen irakasleak egindako lana aintzatetsi da.

Erasmus Mundus zigilu ospetsua European Masters Program in Language and Communication Technologies (LCT) delakoari ere eman zaio, baina ez du finantzaketarik jasoko; UPV/EHUk programa horretan kide gisa parte hartzen du. Erasmus Mundus proposamenaren aurrekaria UPV/EHUren "Hizkuntzaren azterketa eta prozesamendua " masterra da; master hau euskaraz ematen da 2006/2007 ikasturteaz geroztik eta 60 kreditukoa da. Erasmus Mundus zigilua duen Europako master berri hau 2 urtekoa da (120 kreditu), Alemaniako Saarland Unibertsitateak koordinatuko du eta honako unibertsitateek parte hartuko dute: Free University of Bozen-Bolzano, University of Trento, University of Malta, University of Groningen eta Shangai Jiao Tong University.