Saiakuntzak Diseinatzeko Tailerra egingo da, urriaren 3tik 5era

Matematikak eta Aplikazioak IPU11/52k antolatuta, 2012ko urriaren 3tik 5era egingo da, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultatean.

Lehenengo argitaratze data: 2012/09/03

Saiakuntzak Diseinatzeko Tailerra lanean estatistikako teknikak erabiltzen dituzten osasun- edo esperimentazio-zientzien arloko ikertzaileentzat antolatu da. Ikastaroaren helburu nagusia da parte-hartzaileei saiakuntzak diseinatzeari buruzko oinarrizko ezagutzak ematea, zientziaren arloan aplikatzeko gai izan daitezen. Horrela, haien ikerketak hobetu ahal izango dira, diseinuari dagokion hasierako fasetik hasita.

Tailerra Juan Manuel Rodríguez Díazek (Salamancako Unibertsitatea) Mercedes Fernández Guerrerok (Gaztela-Mantxako Unibertsitatea) eta Licesio J. Rodríguez Aragon ek (Gaztela-Mantxako Unibertsitatea) emango dute. Hiru irakasleak Bioestatistikako (BIOSTATNET) Estatu Sarearen Gaztela - Mantxako nodoko kideak dira.

Ikastaroak 18 orduko iraupena izango du, eta 3 egunetan emango dute, ordutegi honetan: goizez 9:00etatik 13:30era, eta arratsaldez 15:00etatik 19:30era. Honela dago antolatuta: 1. egunean arratsaldez, 2. egunean goizez eta arratsaldez, 3. egunean goizez. Bloke bakoitzak 4.5 orduko iraupena izango du.

  • I. blokea:
    Saiakuntzen Diseinurako sarrera.
    Kasu praktikoen aurkezpena.
  • II. blokea:
    Esperimentazio Tailerra (taldeka).
  • III. blokea:
    Jasotako datuen analisia.
    Ondorioak ateratzea.
  • IV. blokea:
    Ondorioak denon artean azaltzea.
    Etorkizuneko esperimentazio-lanetarako gida.

Izena emateko beharrezkoa da izen-emate orria Leire Carballés Garcíari bidaltzea (leire.carballes@ehu.es ), 2012ko irailaren 14tik 24ra. Gehienez 35 parte-hartzaile izango dira, eta horien hautaketa batzorde akademiko batek egingo du.

Gomendagarria da esperientzia apur bat izatea bariantzaren analisian (ANOVA).

Ikastaroaren Koordinatzailea: Inmaculada Arostegui Madariaga.