Ikasketak atzerrian

Egonaldi labur bat egiteko asmoa baduzu (adibidez, ikasturte akademiko batekoa), Socrates eta Erasmus programei buruzko informazioa interesatzen zaizu. Ondoren, zerbait desberdina planteatuko dugu: graduatu ondoko baten bidez zure prestakuntza atzerrian osatzea. 

Atzerrian ikasi

Zergatik? Zertarako?

Beharbada batzuek "snobismoagatik" egingo dute. Mota honetako eskaria asetzeko sasi-unibertsitateen eskaintza zabala dago. Batzuek doktoregoak ere eskaintzen dituzte, posta bidez. Gu ez gara horretaz ari. Denboraldi batez atzerrira joateaz ari gara,

  • Jende eta ohitura desberdinak ezagutzeko eta gauza asko erlatibizatzeko aukera izango duzu. Begiak irekita bidaiatzea ergelkeria tribalaren eta buru estutasunaren aurkako erremedio eraginkorra da.
  • Arlo batzuetan, hemen nekez aurkituko zenukeen espezializazioa lortuko duzu.
  • Pertsona gisa aberastuko zaitu.
  • Gainera, hizkuntza ikasten lagunduko dizu, bestelako bideetatik nekez lortuko zenukeen zabaltasunarekin.
  • Eta GAINERA, zure curriculumari gehi diezaiokezun lerro bat gehiago da.

Animo. Ez dugu joan den eta ondoren damutu den inor ezagutzen. Eta itzuli ez diren asko ezagutzen ditugu. 

Aberatsentzako bakarrik al da?

Ez. Ez dizkizute eskuak diruz betetzen, baina atzerrian hezkuntza finantzatzea posible da, bizitza osorako zorrak egin gabe eta familiartekoen ondasunak hipotekatu gabe. 

"Baina nik ez dakit ingelesez..."

Ba mugitu, badakizu eta zer dagoen. Ezin duzu bizitza osoan zure herrixkako kanpandorrearen itzalpean egon. Hizkuntza moderno bat ezagutzea, eta ahal bada bat baino gehiago ezagutzea, ezinbestekoa da gaur egun ekonomialari batentzat. Ingelesa ez jakitea ez da ez joateko arrazoi bat, joateko arrazoi bat gehiago baizik. Nahiko azkar ikas daiteke. 

Buru-argientzako al da?

Espediente dezente bat eduki behar da. Batik bat, beka bat lortu nahi/behar baduzu hemen. Xede-unibertsitateek, eta bereziki Estatu Batuetakoek, ez dute zure espedientea gehiegi begiratuko. Edozein izanda ere, eta kontrakoa frogatu arte, herrialde ezezagun batetik datorren zulu baten pare hartuko zaituzte. 

Nola egiten da?

Joan nahi duzun lekuaren arabera. Ondorengoak Estatu Batuei eta Erresuma Batuari egiten diote erreferentzia. Prozedura, oro har, honako hau izan ohi da:

  1. Interesatzen zaizkizun unibertsitateak aukeratu. Zerbitzari honek direktorio bat eskaintzen du. Irakasleren batekin hitz egin. Nahi duzunaz orienta ezin bazaitzake, ziur norbaitengana bidera zaitzakeela. 
  2. Informazioa eskatu. Liburuxkak bidaliko dizkizute unibertsitatearen deskribapen orokorrarekin eta aukeratutako ikasketekin. t urteko irailean joan nahi baduzu, bi pauso horiek t-1 urteko iraila eta azaroa artean eman behar dituzu. 
  3. Bidaltzen dizuten informazioa aztertu eta eskarian zein unibertsitatetara bidali pentsatu. Normalean hainbat unibertsitatetara bidaltzen da, eta komenigarria da "ezagunak" direnetara bakarrik ez mugatzea: horietan sartzea zailagoa izaten baita. Ez dago arazorik hainbat eskari egiteko (bakoitzagatik $30 edo $50 eska ditzakete). Hainbat onarpen jasotzen badituzu, guztiak bota ditzakezu atzera, komeni zaizuna izan ezik. Onarpen-eskariak egungo irakasleen gomendiozko gutunekin batera joan behar dute. Saia zaitez ongi ezagutzen zaituzten eta zutaz ongi hitz egin eta idatz dezaketen irakasleei eskatzen. Eta irakasleren bat zuk joan nahi duzun ikastetxeko ikasle ohia bada, are eta hobeto: zer idatzi behar duen eta nork irakurriko duen jakingo baitu.
  4. Hurrengo urteko otsaila-martxoa aldera, onarpenak jasotzen hasiko zinateke. Finantzaketa kudeatzeko unea da. Estatu Batuetako unibertsitate batek zu ezagutu gabe finantzaketa eskaintzea arraroa da. Aurrerago, ordea, zure errendimendua ona dela ikusita, normala litzateke eskaintzea. 
  5. Nora joan nahi duzun erabaki ostean, bota itzazu atzera ahal bezain laster onartzen ez dituzun eskaintzak.

Hemen duzu eman beharreko pausoen deskribapena, aurrekoa baino xehatuagoa, hain zuzen ere, AEBko doktorego-programei dagokiena. 

Non topa ditzaket Unibertsitateen helbideak?

Hainbat iturri daude, eta horietako batzuk on line daude eskuragarri.

  • Bilboko British Council -ek (Agirre Lehendakaria, 29, 2, Fakultatearen alboan) bere liburutegian Erresuma Batuko unibertsitateen gaineko informazio ugari bilatzeko aukera emango dizu. 
  • Erresuma Batuko eta Irlandako Estatistika Sailen zerrenda
  • Estatu Batuetako enbaxadan ere unibertsitateei, bekei eta abarri buruzko informazioa topatuko duzu. 
  • Ediciones Anayak AEBn ikasteko gida bat argitaratu du .
  • Estatistika ikasteko interesa baldin baduzu, Statlib begira dezakezu. 
  • Ekonomia ikasi nahi baduzu, informazio-iturrietako bat WebEc  duzu. Besteak beste, unibertsitateen eta bestelako erakundeen zerrenda bat eskaintzen du, gradu akademikoekin.
  • http://dmoz.org/Reference/Education/Colleges_and_Universities/ mundu osoko unibertsitateen gaineko informazio osotua duen webgunea da. Beste aurkidibde bat BrainTrack-en topa dezakezu.
  • Bila zabiltzana aurkitzen ez baduzu, bilaketa bat egin dezakezu Googlen edo zure gustuko bilatzailean. 
  • Hori bai, onena zuk joan nahi duzun lekuan egon den norbaitekin hitz egitea duzu, lehen eskuko informazioa eman diezazun.

Ba al dute hemen baliorik atzerrian eginiko ikasketek?

Joaten zaren lekuaren eta ikasten duzunaren arabera. Esaterako, Frantziako, Alemaniako, Erresuma Batuko edo Estatu Batuetako erakunde prestigiotsu batera joaten bazara, oro har, arazorik gabe baliozkotu ahal izango duzu doktorego bat; izapideak egiteko, ordea, denbora beharko da. Espezialitate batzuetan, herrialde horretako erakunde-errealitatearen ezagutza egiaztatzeko proba bat egitea eskatzen da (esaterako, Zuzenbidean).