Kalifikazio liburua eGelan

Oinarrizko ideiak

Kalifikazio liburua ikasleek ikastaroko jardueretan jasotako notak islatzen dituen taulak eta honekin lotura duten funtzionalitateek osatzen dute. Jarduera horiek ikastaroaren antolakuntzaren arabera kategoria eta azpi-kategorietan sailka daitezke. Gainera, kalifikatzaileak kategori bat osatzen duten elementuen guztizkoen arteko ponderazioak ezartzeko tresnak azaltzen ditu baita.

Kalifikazioak ikasleei jakinarazteko era asko dauden arren, kalifikazio liburuak ikuspegi zabala eta notaren nondik norakoa era azkar batean erakusteko balio duela uste dugu.

  • Zabala azken kalifikazioan garrantzia duten jarduerak automatikoki islatzen direlako kalifikazio liburuan. Azken kalifikazioan plataformatik at entregatutako jarduerak sartu behar izanez gero, “gehitu kalifikazio-elementua” aukera erabil daiteke.
  • Azkarra lortutako notak apurka-apurka kalifikazio liburuan gehituz doazelako, notak ezkutuan mantentzea aukeratu ezean, behintzat.

Kalkuluak kalkulu-orri batean egiten badira ere, Kalifikazio liburua abiapuntu egokia izan daiteke. Taulan azaltzen diren datuak formatu ezberdinetara esportatzeko aukera dago. Esportatutako fitxategiek ikasle guztiak lerrokaturik eta aukeratutako jarduerak zutabeka sailkaturik -aurrerantzean lan egiteko aukera eskainiz- izango dituzte.

Kalifikazio liburuaren erabilera onargarria izan daiteke bai irakaslearentzat, noten kalkulua konfiguratu eta kudeatzeko tresna bat eskura izateagatik, bai ikaslearentzat, irakasgai baten notak era argi eta antolatuan jaso ditzakeelako. Baina egia da baita, kalifikazio liburuak dituen konfigurazio aukera, atal kopuru eta gordetako datuak hain direla zabalak, non erabilera deserosoa eta intuitiboa ez izatea gerta daitekeen. Arrazoi nagusiak ondokoak izan daitezke:

  • Unibertsitate irakasgai baten baitan jarduera kopurua oso handia izaten da eta horrek zutabe kopurua gehitzea eta erabilera zail egitea dakar. Gauza bera esan daiteke ikasle kopuruari dagokionez.
  • Konfigurazioan berariaz azaltzen diren zenbait aukera baliteke azken nota kalkulatzeko egokienak ez izatea. Hau dela eta, irakasle askok erabil errazagoak diren kanpoko erremintak erabiltzen dituzte.

Dokumentu honen asmoa funtzionalitate erabilgarrienak aurkeztea eta kalifikazio liburuak izan ditzakeen ezaugarri konplexuenak azaltzea da. Ondorengo gaiak aztertuko ditugu:

  • Zeintzuk dira kalifikazio liburuan islatzen diren jarduerak
  • Nola kalifikazio liburuko zutabeak zabaldu eta ezkutatu
  • Kalifikazio taularen (laukitxoen) ezarpenak (balio baliogabetuak eta blokeatutako balioak)
  • Nola antolatu jarduerak kategoria eta azpi-kategorietan
  • Nola konfiguratu kategorien eta ikastaroaren guztizko kalkuluak