Aurkezpena

Behar Berezietarako Pertsona-Konputagailu Elkarrekintza Laborategia UPV-EHUko Informatika Fakultateko Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia Sailean dago. 1985ean sortu zen, pertsona minusbaliatuen komunikazio-arazoei aurre egiteko informazioaren teknologia berrien aplikazioa lantzeko helburuarekin. Pertsona horien autonomia pertsonala eta komunikatzeko gaitasuna hobetzea da erronka nagusia, gizarteratzea eta lan munduan integratzea errazago egin daitezen. 

Sortu zenetik, BBPKEL taldeak batez ere mugitzeko eta hitz egiteko zailtasuna duten pertsonei zuzendutako zenbait gailu garatu ditu. Azken urteotan, aplikazio-eremua zabaldu egin du, eta mota guztietako behar bereziak dituzten pertsonentzako pertsona-konputagailu interfazeak diseinatu ditu. 

BBPKEL taldeak pertsonen arteko komunikazio zuzenari nahiz urruneko komunikazioari laguntzeko programak diseinatu ditu (telekomunikazio-sistemak erabilerraz eginez), baita ingurunea kontrolatzeko sistemak, sarrera/irteerako zenbait sistema simulatzeko eta ebaluatzeko softwareak, eta komunikazio-gailu eramangarriak ere, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak SPRI-aren IMI programaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sailak, IMSERSO-k eta CE-DGXIII-k finantzatu dituzte lan horiek.

Gainera, lan horien ondorioz, hainbat artikulu argitaratu dira aldizkari zientifikoetan eta hainbat hitzaldi eman dituzte nazioarteko biltzarretan. Zenbait sari ere jaso dira, egindako ikerkuntza-lanagatik. Lan horren guztiaren garrantziaren aitorpena jaso da, minusbaliatu eta adinekoentzako laguntza teknikoekin lotutako gaiei buruzko nazioarteko zenbait biltzarretan eta mintegietan parte hartzeko gonbidapenen bidez.