Info_Suscríbete

Orainarte izandako erakusketak...

Udan bisita gidatuen kopurua handiagoa izango da Punta Begoña Galerietan

Noiz eta non

Noiztik: 2016/06/01 Noiz arte: 2016/09/15, 09:00 - 13:49

Irudia

Deskribapena

Gainera, taldeko pertsona kopurua ere areagotu egingo da: 20 pertsonako taldeak dira orain, baina ekainaren 1etik aurrera 25ekoak izango dira.

Joan den martxoaren 24tik, jende ugari izan da Getxo Punta Begoñako Galerietako bisita gidatuetan. Hori ikusirik, Getxoko Udalak hala bisita kopurua nola taldeko pertsona kopurua handitzea erabaki du. Horrela, bada, uztailaren 1etik aurrera hiru bisita gehiago izango dira asteburuetan, uztailean, abuztuan eta irailean. Gainera, taldeak 25 kidekoak izango dira ekainaren 1etik aurrera (orain arte 20koak ziren). Modu horretan, % 70 ugaritu dira udarako eskainitako plazak: orain, astean 160 eskaintzen dira, eta udan, berriz, 275 eskainiko dira. Bestalde, ikasleekin ibilaldia eta edukiak probatu eta pedagogoek oniritzia eman ondoren, bisitak egiteko gutxieneko adina ere murriztu egin dute 10 urtera (lehen, 12 urte eduki behar ziren gutxienez). 

Aurtengo bisita gidatuetan, proiektuan diharduten UPV/EHUko ikertaldeek galeriei balioa emateko 2015ean egin dituzten aurrerapausoak erakutsiko dira. Aurtengo edukien bidez, galeriak eraikitzeko erabili ziren materialen identifikazioa landuko da, eta erakutsiko da garrantzitsua dela materialok ezagutzea, etorkizunean galeriak zaharberritu behar direnerako; horrez gain, aztergai izango dira eraikinaren egonkortasuna eta kalteak, batetik, eta eraikina birgaitzeko hartuko diren neurriak, bestetik. Gainera, bisitaldian espazio berri bat ezagutu ahal izango da: labarraren eremua.

Iaz bezala, bisitetan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da Getxoko Udalaren webgunearen bidez (www.getxo.eus) edo Turismo Bulegoaren telefono zenbakira deituta (94 491 08 00). Bisitak doakoak dira eta 25 pertsonara arteko taldeetan egin ahalko dira, asteartetik igandera bitartean, euskaraz edo gaztelaniaz eta hainbat ordutegitan. Hil bakoitzerako aurreikusita dauden taldeak osatuz doazen heinean, talde gehiago gehituko dira hurrengo hilabeteetarako, urrira arte.

Punta Begoña Galeriak balioan jartzeko proiektua

Punta Begoña Galeriak (Getxo) XX. mende hasieran eraiki ziren. Haien erabileraren berezitasuna, kokaleku paregabea eta eraikuntzan erabilitako teknologia direla eta, garai hartako eraikuntza garrantzitsuenetako bat da, Bizkaian eta Euskadin.

Hori guztia kontuan hartuta eta gaur egungo degradazio egoera ikusita, Getxoko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, eraikina berreskuratzeko xedea duena, jendearentzat irekia izango den eta herritarren zerbitzura jartzeko sortu den ikerketa eta exekuzio prozesu baten bidez.

Hala, UPV/EHUko bost ikertalde diziplinarteko lana egiten ari dira galeriak berreskuratzeko, Getxoko Udalaren adituen talde batekin batera, eta Bizkaiko Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren kolaborazioarekin. UPV/EHU aholkulari eta zuzentzaile organoaren eginkizuna ari da betetzen, Punta Begoña Galeriak berreskuratzeko planteatutako ekintzen testuinguruan.