Jardueren historikoa

Indie Festival

Noiz eta non

Noiztik: 2018/03/16 Noiz arte: 2018/03/23, 20:00 - 00:00

Irudia

Deskribapena

Martxoak 16 eta 23
Mitxelena aretoa
20:00
Sarrera libre aretoa bete arte

 

Honaino iritsita, askotan galdetu izango genion geure buruari indie kalifikatiboak zer esan nahi duen zinematografia zein musika ekoizpen arlotik datozen eta, gehienetan, “independente” gisa autokalifikatzen diren produktuei lotuta. “Zertatik independente?” galde dezakegu. Erantzuna bistakoa da; “industriatik”, “mainstream-etik independente”. Hala ere, aspalditik dakigu baieztapen honek salbuespen asko, galdera asko eta, azken finean, zalantza asko sortzen dituela.

80ko hamarkadan zinema mota zehatz bat, batez ere Ipar Amerikakoa, “independente” izendatzen zen bezala, Hollywoodeko industriak ekoitzitakotik bereizteko, musika zigilu txiki batzuk ere laster hasi ziren egiten zutena etiketa berri horrekin sustatzen. Benetakotasun eta freskotasun dosi handiagoen bermea zirudien. Korporazio handietatik independenteak ziren, industriaren barruko outsider-ak. Horrek diru gutxiago zutela ere adierazten zuen, artisau lan handiagoa egin zela, “Do It Yourself” espresioaren ildotik, eta, azkenean, produktuak askoz ere sinpleagoak, latzagoak eta zuzenagoak zirela. Ez dago hemen azaldu beharrik “independente” eta indie kalifikatiboak gero marka bat gehiago bihurtu zirela, eta konpainia handiek, Hollywoodekoek zein diskoaren industriakoek, espiritu hori berenganatzeko ahalegina egin zuten, haien ordez beren zigilu eta estudio “txikiak” sortuz, artifizialki.

Ildo horretan, gaur egun indie kontzeptua nabarmentzeak keinu hutsala eta gatzgabea irudi lezake: alabaina, atzean, inplizituki, defendatu beharreko balio garrantzitsuak daudela uste dugu; IndieGuneaena bezalako unibertsitate kultura proiektu batek hartu ez ezik, sustatu eta bultzatu ere egin behar dituen jarrera estetikoak (eta, beraz, etikoak).

Izan ere, indie‑k esan nahi du, beste ezeren aurretik, Marc Rechak oraingoz azken filma duen horretan hain ongi marraztutako pertsonaia hezigaitz hori bezalakoa izatea: ohituraren arabera eta helduek hain gustuko dituzten menperatzean eta xantaia emozionalean oinarritutako botere harremanen arabera ibiltzeari uko ekiten dion petit indi nerabea; edo lehenengo edizio honetan aurkezten dugun jaialdiaren kartelak islatu nahi duen bezala, indi bat, beti garaile irteten den cowboy‑ari, maila berean aurrez aurre jarrita, aurka egin nahi dion “larrugorri” hezigaitz gisa ulertuta.

 

Matxoak 16


ATOM RHUMBA

Hiru manamenduk agintzen dute Atom Rhumba taldean:
1, Erraietatik ateratzen zaien musika egitea. Izan daiteke zikina, baina, zaborrontziko loreak bezala, eder baino ederragoa ere bai. Ez dago inolako loturarik: ez moralik, ez estilistikorik. Kontzertu bakoitzean, denak emanda aritzea.

2, Taldea da DENA. Norbanakoa, ez. Atom Rhumbak azaleko orban guztiak gorabehera bizirauten du. Sekula ez du besteren nahierara jokatu, ez arlo artistikoan, ezta musikaren negozio maltzurrean ere.

3, Agertokira ahalik eta ederren ateratzea beti. Bizarra ondo eginda, eta zapatak eta alkandora soinean.

Arau goren horrek ergelkeria petoa eman dezake, baina ez da hala zure herrixka madarikatua sarraskitzen dutenean.

Datu biografikoak? Benetan? 20 urte daramatzate musika egiten, eta hortxe dago Google… Nazkatu egin zaitezkete.

ATOM RHUMBA zingiratik itzuli da.

  • Rober!-Gitarra eta ahotsa
  • Joseba Irazoki- Gitarra eta koroak
  • Andoni Etxebeste- Bateria
  • Jaime Nieto-Baxua

 

RRUCCULLA

Izaskun izena du, baina denek RRUCCULLA izenez ezagutzen dute. 22 urte ditu. Musika elektroniko esperimentala egiten du eta halako zehaztasuna eta talentua du gitarra jotzean, ezen burua izenez eta oroitzapenez beteko baitizu:

Tortoisetik eta Battlesetik Four Tet eta Flying Lotusera, guztiak abangoardiako jazzaren itzalez, dubstepez eta hip hopaz estaliak Izaskunek lau album idatzi, grabatu, nahastu eta ekoiztu ditu 2015eko abuztutik 2016ko martxora bitartean eta behin bakarrik atera da argitara: azaroaren 10ean, artistak hiru sari irabazi zituelako Villa de Bilbao sarien XXXVIII edizioan (Elektronika eta beste joera batzuetako talderik onena; Tokiko bandarik onena; eta Bizkaiko gazte bandarik onena).

Orduz geroztik, RRUCCULLA bere Barakaldoko babeslekura itzuli da; han, material berria konposatzen dihardu, eta joko-arauak betiko aldatzen dituzten artisten eskura baino ez dauden gauza probatzen ditu.

 

KASKEZUR

AZPISUGEAK (Mukuru Records, 2017)

Riff suhar, bizi eta koloretsuekin datozkigu Baztango Kaskezur taldea laugarren diska honetan, non musikaren azal berrituarekin aitzineko “Ilgora” lanarekin euskarazko pop-rock musika eszenan lortutako merezimenduzko tokia berresteaz gain norabideko eta xehetasun berriak dakarzkiguten, azken urteetan landutako ikusmira zabalduz.

Kantak bata bertzearen gibelean zartatzen duten dezibelioen bizitasunarekin iragaiten dira entzulea atrapatuz, melodiaren eta kitarren distortsioaren arteko atmosferen arteko oreka Ion eta Iñigoren ahotsen melodikotasunari esker.

“Azpisugeak” power-pop, psikodelia eta rock proposamen dastagarria da, Sonic Youth eta Superchunk gisako taldeen herentziaren itzaletik edaten duena. Heldutasun musikal osoa dakar berarekin eta taldearen ibilbidean jauzi nagusi hirukoitza suposatzen du. Diskaren ekoizpen eta grabazio apartak melodien ehunduren esentziak bete-betean islatzen ditu.

 

Martxoak 23


ANARI

Kasualitatez hasi banintzen musika munduan, kausalitatez gertatu da ondorengo dena: diskak, kontzertuak, musikari lagunak… Bakarrik jaio eta bidean lagunak hartu; Mikel Abrego (BAP, Negu Gorriak, inoreneroni), Xabier Olazabal, Drake (BAP, inoreneroni) eta Borja Iglesias (Purr, Hotel, inoreneroni) ditut orain eskutik; bihotzetik hala ere, Xabi Strubell (Dut, ZURA), Jon Oiartzun (BAP) edo Maite Arroitajauregi. Denek egiten dute Anari gu. Bakardade ainitza.

 

NURIA GRAHAM

Zuk bozkatu ere ezin zenuenean, Núria Grahamek jada kalean zuen disko bat. Eta orain, zuk zure bizitzarekin oraindik zer egin ez dakizunean, berak bere diskorik helduena argitaratu du. Horixe du 16 urterekin debutatzeak: 21 urterekin nahikoa ibilia zara jada amestutako pausoa emateko. Hori da, hain zuzen ere, Does lt Ring A Bell?: lan barea eta ñabardura ugarikoa, eta hogei urteak hasterako premiaz atera behar zuen guztia aurreko diskoetan (First Tracks, 2013an, Bird Eyes, 2015ean, eta In The Cave EP, 2016an) atera duenaren lasaitasun ikuspuntuaren freskotasuna duena. Núria Graham, ezaguna egiten al zaizu? Egin beharko litzaizuke.

Kontenplaziozkoa eta oroitarazlea da Does lt Ring A Bell? "lt's time to grow up, girl!" esaldiarekin hasten da, autoafirmazio gisa, eta beste aitorpen batekin ixten da: "Sometimes I do get what I want". Tartean, hainbat gairi buruzko hausnarketak daude: maitasun desengainuak, gaztetako bekatuak, konplexurik gabeko dibertsioari oda, tabernako neskei buruzko istorioak eta ospitaleko ametsak. Puzzle bateko piezen modura kontatutako bizitza izpiak. Nuriaren piezak: zure sentimenduak leku seguru batean gordetzeko esaten dizun, bere bertsiorik okerrena deskubritu duela aitortzen dizun, baina, aldi berean, aurpegiratzen dizun zu gabe hobeto moldatzen dela eta baietz, batzuetan nahi duena lortzen duela. 

 

JOANA SERRAT

 2017ko martxoan, Joana Serrat Hook Managementeko artista gisa sartu zen bere azken lanarekin: Dripping Springs. Diskoa Austinen grabatu zuen (Texas, AEB), albumari izenburua ematen dion hirian. Israel Nashek ekoitzi du, eta Ted Youngek grabatu eta nahastu (Grammy bat irabazi zuen The Rolling Stones taldearekin). Dripping Springs Joana Serraten albumik onena dela esan daiteke, osoena eta biribilena. Serraten ibilbide osoaren erremate ikusgarri gisa koka daiteke diskoa, bai eta bere nortasunaren bitartez bere egin duen soinu baten abangoardian ere.

Ibilbidean zehar hainbat sari lortu ditu Joana Serratek, eta bigarren diskoarekin, sari hauek jaso ditu: Urteko Album Nazional Onenaren saria, Pop-Eye Sarietako epaimahai profesionalaren eskutik (epaimahai horretan daude Tomás Fernando Flores, Radio 3ko zuzendaria, eta Virginia Díaz, Cachitos de Hierro y Cromo programaren aurkezlea eta Ondas sarien azken irabazlea), eta Kritikaren Saria Beste Hizkuntza Batzuetan eginiko Urteko Album Katalanik Onenari, Enderrock aldizkariaren eskutik. Altaveu 2016 saria ere lortu du Nazioarteko Ibilbide Onena duen Artista Nazional gisa, eta ICAT.FM irratiko entzuleen saria Urteko Disko Nazional Onenari.

Gainera, abeslari katalana Americana Fest jaialdian aritu den Espainiako lehen artista izan da. Americana Music Association-ek antolatzen du jaialdia, eta irailean ospatu zen Nashvillen (Tennessee, AEB).