2022/06/16-2022/07/16
Fecha Celebracion: 14/07/2022
UPV/EHUko Udako Ikastaroa: ERTZILLATARRAK, GARAI BATEN PARADIGMA (14 - 15. Uzt.)

UPV/EHUko Udako Ikastaroa: Ertzillatarrak, garai baten paradigma (14. - 15. Uzt.)

Uztailaren 14an eta 15ean “Ertzillatarrak, garai baten paradigma" udako ikastaroa egingo da, aurrez aurre zein online. Bermeoko Arrantzalearen Museoa (Ertzilla dorrea) izango da lekua. Ikastaroan hainbat arlotako profesionalek parte hartuko dute (historia, etnografia, hizkuntzalaritza, arkitektura, etab.), diziplina arteko begirada emateko eta XV. eta XVI. mendeetako Bermeo testuinguruan kokatzeko.

Ikastaro honetan sendi honen garrantzia aztertuko dugu eta, aldi berean, ondare historikoaren hedapenari eta hezkuntzari buruzko gogoeta egingo da, ondareak, elementu bereizgarri gisa, gizartean duen balio eta iraunkortasunaz kontzientzia sortzeko. Testuinguru honetan, ondare historikoa funtsezko hezkuntza-baliabidetzat daukagu, hau osatzen duten ondasunak gure aurreko jardueren emaitza direla uste dugulako. Gainera, aberastasun emaleak dira, eta baliagarri zaizkigu ez bakarrik denboraren joana orainalditik berreraikitzeko eta egituratzeko, baita zientziarako eta ezagutza historikorako baliabide gisa ere. Bi mendetan zehar izandako harreman eta lotura sozial horiek guztiak Bermeoko familia batean daude islatuta: Ertzillatarrak. Ertzillatarrengan gure historiaren une bat marrazten duten funtsezko elementuak aurkitzen ditugu. Ercilla familia, nolabait, gure mundua eraldatu zuten gizarte-aldaketa batzuen eredu izan liteke. Martinek, Bermeo Bizkaiko Burua zuen Behe Erdi Aroko Bizkaia irudikatzen du. Arteagatarren sagaren seme, bandoen arteko borroketara, batzar-etxera edo foru zaharrera garamatza. Ertzillatarren oinordekoa armadorea, militarra eta merkataria zen. Bere seme zaharrenak jasoko ditu oinordetzan dorrea eta itsasontziak. Bestalde, seme gazteena, Fortun, eite eta nortasun guztiz errenazentistako legelari eta politikaria izan zen. Alonso, azkenik, iturri horien guztien oinordekoa, baina, aldi berean mundu berri bateko gizona. Era berean, emakumearen presentzia funtsezkoa da familia/saga horren bilakaera ulertzeko, gure hiru protagonisten profilak aholkatu, kudeatu eta bideratu baitzituzten. 

Ikastarorako esteka: https://www.uik.eus/eu/jarduera/ertzillatarrak-garai-baten-paradigma