Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibar atalak “Iñaki Goenaga aintzatespena” jaso du bere 50. urtemuga dela eta Toribio Echevarria sarietan

Lehenengo argitaratze data: 2018/07/20

Toribio Echevarria sarien 28. edizioa. Argazkia: Toribio Echevarria sariak

Asteazkenean, uztailak 18, Eibarko Udaletxeak eta BIC Gipuzkoa Berrilanek antolaturiko Toribio Echevarria sariak banatu ziren. Sari horiek Euskadiko sorkuntza eta berrikuntza teknologikorako ekimenak bultzatu nahi dituzte. Halaber, ekitaldi honetan “Iñaki Goenaga aintzatespena” eman zitzaion Eibarko Unibertsitate Laboralari, bere 50. urteurrena dela eta.

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibar atala Euskal Herriko unibertsitate Laboralen sistemako zentro bat izan zen, 1994. urtean UPV/EHUn integratu zen arte. Eibarko Unibertsitate Laboralak 1968an hasi zuen bere lehenengo ikasturte akademikoa, duela 50 urte.

Eibarko Unibertsitate Laborala, Unibertsitate Laboralen sistema ezarri zuen Euskal Herriko lehen  zentroa izan zen eta orduan 1.100 ikasle hartzeko ahalmena izan zuen. Egun, Eibarko Unibertsitate Laborala, Eibarko egoitzak, IES UNI Eibar-Ermua Bigarren Hezkuntzako Institutuak eta Eibarko Ataleko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak osatzen dute. Azken horretan, Energia Berriztagarrietako Ingeniaritza Gradua irakasten da, Estatu osoan orain arte bakarra eta energia iraunkorraren formakuntza alorrean izen handia duena.