Aipamen historikoa

Garai bateko Eibarko Unibertsitate Laboraleko campusa Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) menpeko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibarko atalak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko Hezkuntza Esparruak osatzen dute. Aldi berean, Esparru horrek Uni Eibar-Ermua BHI erdi mailako ikasketen zentroa eta Egoitza Zentroa barne hartzen ditu.

Eibarko Zentro Tekniko Laborala unibertsitate laboralen sistemaren barnean sartzen zen; mota horretako zentroen zerrendako hamaikagarrena zen, eta Euskal Herriko bakarra. 1968ko azaroaren 14an hasi ziren zentroko eskolak eta jarduera akademikoak.

Inguruneko industria maila altua zela eta, beharrezkoa zen tekniko gaituak prestatzea, bereziki industria nagusienetan. Hori oinarritzat hartuta, zentro honetarako irakaskuntza hauek aukeratu ziren:

  • Industria Ingeniaritza Teknikoa, Industria Elektronikoa eta Makina Elektronikoak espezialitateekin.
  • Ingeniaritza teknikoko ikasketetarako prestakuntza ikastaroa
  • Goi Mailako Batxilergo Teknikoa (Elektronika espezialitatea)

Urteak igaro ahala, Batxilergoko ikasketak eta Lanbide Heziketako hainbat espezialitate gehitu zituzten.

1988an, Industria Ingeniaritza Tekniko Elektrikoa (Industria Elektronika espezialitatea) ematen zuen Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolak izaera propioa hartu zuen eta UPV/EHUn sartzeko prestatu zen. Sarrera hori 1994an gertatu zen, eskualdeko udalen, enpresarien eta beste erakunde batzuen babesarekin.

1996/97 ikasturtean, Mekanikako Industria Ingeniaritza Teknikoko ikasketak ematen hasi ziren, espezialitate horrek eskari handia baitzuen Debabarrena eskualdean.

2011ko irailean, Segurtasunaren eta Larrialdien Kudeaketa Gradua berezko unibertsitate titulua ematen hasi ziren, hiru urtekoa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiaren lankidetzarekin.

2010/11 ikasturtean Europako Unibertsitate Eremua martxan jarri zenean, eta, ondorioz, UPV/EHUko ingeniaritza titulazioak berregituratu zirenean, zentroak titulazio hauek galdu zituen:

  • Ingeniaritza Mekanikoko Gradua
  • Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradua

2009/10 ikasturtean, Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Graduaren memoria egin zen, eta 2011ko apirilaren 30ean, Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak (ANECA) azken ebaluazio txosten bat, aldekoa, bidali zuen.

2011ko irailaren 6tik arrakastaz ematen den titulazio horri esker, zentro txiki honen biziraupena bermatuta dago. Zentroa txikia izanagatik ere, esperientzia handia du unibertsitate irakaskuntzan, eta bere funtsezko ezaugarrietako bat Eibarren egotea da, izan ere, Euskal Herriko hiru hiriburuetatik distantzia berera kokatuta dagoen hiri honek industria tradizio handia eta ekintzailetzarako nahiz berrikuntzarako gaitasuna ditu bereizgarri.

2016ko urtarrilaren 5etik hogei fakultatez eta eskolaz osatutako Euskal Herriko Unibertsitatearen egitura berria errealitatea da jadanik. Aldaketa horren bidez, UPV/EHUk bere antolakuntza indartzen du ikasketen eskaintzan eragin gabe, bere horretan iraungo baitu bai ikasketen bai lurraldeen hedapenari dagokionez. Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola Donostiako Eskola Politeknikoarekin fusionatzen da eta, dagoeneko,  Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola deitzen da.