Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola. Eibarko atala

"Jakin eta Erein"en bigarren edizioa GIE Eibarren

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/29

Enrique Zuazua matematikariak eta Oihana Aristondo GIE-Eibarko koordinatzaileak zuzendutako ‘JAKIN ETA EREIN’en bigarren edizioa izango da urriak 30ean.

Udalak antolatuta, energia berriztagarrien etorkizuneko aukerei buruz hitz egingo dute hizlari entzutetsuek hainbat hitzaldietan, Eibarko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan (UPV/EHU) egingo den saioan.

Jardunaldia Ingeniaritza Eskolako ikasle eta irakasleei zuzenduta dago, eta hiriari lotutako adituek sektoreko enpresa-esperientzia berritzaileei eta erronkei buruz duten ikuspegia partekatuko dute.

‘Jakin eta Erein 2019’ programaren barruan, Eibarko Udalak "Energia Berriztagarriak. Etorkizuneko aukerak” izeneko jardunaldi bat antolatu du asteazken honetarako, urriak 30, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan (UPV/EHU); bertan, arlo horretako adituek hitzaldiak emango dituzte. Alberto Albístegui Eibarko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotzia da ekimenaren burua, eta Enrique Zuazua Eibarko matematikari ezagunak zuzentzen du.

Jardunaldiaren helburua zientziaren, artearen eta kulturaren balioak eta garrantzia arlo guztietan zabaltzea da, baita eskualdeko gazteen bokazioak sustatzea ere, ekintzailetza-prozesuetan, teknologia berrietan eta ekonomian lagunduz. Ildo horretan, jardunaldi hau Unibertsitateko Energia Berriztagarrien karrera-amaierako ikasleei zuzenduta dago (60 ikasle, gutxi gorabehera). Saioetan, Ingeniaritza Eskolako irakasleek eta hiriari lotutako beste aditu batzuek sektorean aurkezten diren enpresa-esperientzia berritzaileei eta erronkei buruzko ikuspegia partekatuko dute.

Jardunaldia hiru hizkuntzatan egingo da (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez), eta goizeko 11:15ean hasiko da, Alberto Albísteguiren eta Oihana Aristondo Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako koordinatzailearen eskutik. Enrique Zuazuak Jakin eta Erein zikloaren koordinatzaile gisa egingo duen aurkezpenaren ondoren, UPV/EHUko Alain Ulaziak ‘Klima-aldaketa eta Planetaren Energia’ izeneko hitzaldia emango du.

Ondoren, Eneko Erauzkinek, Kaixo Estonia elkarteko arduradunak, ‘Startups berriak: Estoniako esperientzia’ gaia jorratuko du. Hurrengo hizlaria Ingurubide-Berdeagoko Javier Sanchez izango da, ‘Bizitegi-sektoreko eraginkortasun energetikoa’ hitzaldiarekin. Jarraian, UPV/EHUko Arrate Hernandezek eta Ana Picallo Perezek 'Termoekonomiaren aplikazioa etxebizitzetako instalazio termikoen diagnostiko energetikorako” izeneko hitzaldia emango dute. Azken hizlaria UPV/EHUko Cristina Peña izango da, eta ‘Zientzia eta garapen iraunkorra’ izango du hizpide.

Bazkalostean, hausnarketarako eta eztabaidarako txanda izango da, eta ikasleek ondorioen azalpena egingo dute.

Jarduera, goian aipatutako ikasleentzat bada ere, publiko guztiari irekia izango da, eta hainbat aurkezpen konbinatuko ditu Energiaren sektorearen alderdi desberdinetan; alderdi zientifiko edo teknologikoak landuko ditu, bai eta ekonomia jasangarriarekin edo eragin sozialarekin eta ekintzailetzarekin lotutakoak ere; ondoren, ikasleek berek, eztabaida eta hausnarketaren bidez eta lan-mahaietan egituratuta, ekarpenak egingo dituzte, etorkizunean baliagarri izan daitezkeenak proiektuak garatzeko Unibertsitatean bertan edo ekintzailetzaren bidez. 

‘Jakin eta Erein’ zikloaren lehen edizioa iazko azaroaren lehen hamabostaldian egin zen, ‘Zientziaren Astea’ delakoaren barruan. Eibarren egin zen lehen aldiz, eta hainbat arlotako hizlari eibartarrek hitzaldiak eman zituzten, Coliseo Antzokian amaiera ekitaldia eginez. Orain, urriaren 30eko jardunaldi berri honetan, Ingeniaritza Eskolako ikasleek, irakasleek eta Eibarri lotutako beste aditu batzuek enpresa-esperientziei buruz duten ikuspegia partekatuko dute.