Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola. Eibarko atala

Eibarrek klimarekiko konpromisoa berretsi du, 2019ko Eibarko Klimatoiaren bitartez

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/30

Eibarko 2019ko Klimatoiak 20 gazte inguru bildu zituen joan den asteburuan, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren Eibarko egoitzan. Aurtengoa bigarren edizioa izan da.

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak berak (Eibarko atalak) eta Eibar Clima Labek antolatu dute topaketa (Eibarko Klimatoiaren antolakuntza koordinatu eta sustatzen duen kolektiboa). Eibarko Udalaren laguntza jaso du, eta Eko-Rec, Teknimap eta Goiener enpresen babesa.

Bost erronka proposatu ziren astebururako, helburu nagusi batera bideratuak: klima aldaketaren aurkako borroka. Ekitaldian izena eman zuten pertsonez osatutako bost talde lanean aritu ziren aipatu erronkentzako konponbide bideragarri eta praktikoen bila.

Igande goizean, bost taldeok nork bere proposamena aurkeztu zuten epaimahaiaren aurrean, horretarako bost minutuko tartea zutela. Ekitaldia amaitzeko, epaia irakurri eta sariak banatu ziren.

GIE Eibarrek proposatutako erronka langai hartu zuen taldeari eman zioten lehen saria. Fatxadak isolamenduarekin eraikitzeko sistema efiziente eta jasangarri bat diseinatu behar zen. Isolamendua plastikozko ontzien ezkatetatik eratorritako zuntzezkoa izan behar zen.

Bi finalista ere saritu zituzten:

Eko-Rec enpresak proposatutako erronkari aurre egin zion taldeak jaso zuen lehen finalista saria. Negozio eredu berri bat diseinatu behar zen, enpresei zerbitzu pertsonalizatua eskainiko liekeena Ekomodo markako plastikozko ontzietatik eratorritako produktu birziklatuen diseinuaren gainean.

Bigarren finalista saria Goiener eta EkoOn entitateek proposatutako erronka onartu zuen taldeari eman zioten. Negozio eredua eta ekintza plana garatu behar zituzten, eraikin jakin batzuen estalkietan eguzki baratzeak ipinita energia trantsizioa bultzatzeko.

Eibarko Klimatoia dela medio, aurten ere, Eibar klima aldaketaren aurkako borrokan, energiaren efizientzian eta energia berriztagarrietan berritzaileak diren enpresa ekintzaileen alde apustu egiten duten hirien Europako mapan agertuko da. Industria eta hezkuntza azpiegitura esanguratsuak ditu eskualdeak arlo horietan, ikerketa eta ekintzailetza ekosistema bat gaitzeko. Hala, agerian geratu da Klimatoia bultzada ezin hobea dela horretarako behar diren konexioak aktibatzeko.

Sariak banatu ondoren, Oihana Aristondo, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren Eibarko ataleko koordinatzaileak eta Esther Velasco, Eibarko Udaleko sustapen ekonomikoko zinegotziak eman zioten amaiera ekitaldiari.