Fakultateak beste gradu bikoitz bat eskainiko du 2020/2021ean, osorik ingelesez: Business & Economics

Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onartu du beste gradu bikoitz bat eskaintzea Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Sarriko) 2020/2021 ikasturtean. Gradu hori, gainera, unibertsitateak osorik ingelesez eskainiko duen lehenengoa izango da: Double Bachelor's Degree in Business and Economics.

Prestakuntza ibilbide bateratu bat da, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduko eta Ekonomiako Graduko irakasgaiak egiteko aukera eskaintzen duena. Ikasleak, irakasgai horiek gaindituta, titulu biak eskuratuko ditu.

Ikasketen iraupena bost ikasturtekoa izango da, eta gutxienez sei hilabete atzerriko unibertsitate batean egin beharko dira. Lehenengo mailan zehar ikasleek egiaztatu beharko dute gaindituta dutela ingeleseko B2 maila, edo gutxienez 8 puntuko kalifikazioa dutela Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioko ingeleseko proban.