Irakasleen Ebaluazioa

IKASLEEN INKESTAK

Fakultateak Autopase sistema aukeratu du ikasleek irakasleen irakaslanari buruz duten iritzia biltzeko. Sistema horren arabera, galdetegiak irakasleak eta ordezkariak (edo haren ordezko ikasle batek) egin behar dituzte. Inkestak biltzeko gutun-azalean, inkesta egiteko jarraibide batzuk ageri dira (beheko aldean). Inkesta zenbat taldetan egin behar den, hainbeste gutun-azal erabili behar dira, taldeko bana. Gainera, bulego-eraikineko atezaindegitik galdeketa-orrien sorta bat hartu behar da, talde bakoitzeko ikasleen kopurua hainbatekoa, ikasleek inkestari erantzun diezaioten.

Talde bakoitzaren inkesta sartzeko gutun-azalean, galdetegi-eredua sartu behar da, lehenengo dokumentu gisa (inkesten aurretik); ikasleek betetako galdetegiak identifikatzeko datuen orria da, hain zuzen, eredu hori. Aldez aurretik, sailei bidali behar zaie irakasle bakoitzaren galdetegi-eredua. Talde bakoitzerako galdetegi-eredu bat dago; hortaz, irakasle bakoitzak eskolak zenbat taldetan ematen dituen, hainbeste galdetegi-eredu izan beharko ditu. Irakasleren batek galdetegi-eredurik ez badu, ikasleei inkesta egin, eta gutun-azalean eskatzen zaizkion datu guztiak bete beharko ditu. Halakoetan, arren eskatzen diegu Sailean galdetu ditzatela ikastegiaren, sailaren eta irakasgaiaren kodeak, inkestak errazago egiteko eta erregistratzeko.

Bestalde, galdetegia eta erantzun-orriak ingelesez eta frantsesez ditugu eskuragarri ikasleentzat. Hala, bi hizkuntza horietan eskolak ematen dituzten irakasleek bulego-eraikineko atezaindegian eska ditzakete hizkuntza horietako erantzun-orriak.

Irakaslana Ebaluatzeko Zerbitzuaren jarraibideen arabera, irakasleak gelatik atera beharko du inkesta egiteko unean, ikasleek inolako presiorik gabe iritzia eman ahal izan dezaten. Inkestak gelako ordezkariak jasoko ditu, galdetegi-ereduarekin batera; gero, gutun-azalean sartu, itxi, eta azal-hegala sinatuko du.

Erregistroa: Inkestak ematean, bulego-eraikineko atezaindegian erregistratuko da ematea. Irakaslana Ebaluatzeko Zerbitzuaren jarraibideen arabera, gutun-azala inkestak egin eta berehala entregatu eta erregistratu behar da. Erregistro egitera irakasleak eta gutun-azala sinatu duen ikasleak joan behar dute. Ikasleak identifikazio-agiria aurkeztu beharko du. Irakasleak gutun-azala eman izanaren egiaztagiria eskatu ahal izango dio erregistratzaileari, hala nahi izanez gero. Irakaslana Ebaluatzeko Zerbitzuak ez du egingo erregistroetan gorabeheraren bat duten gutun-azalen txostenik.

Seihileko bakoitzean, posta elektronikoko mezu bat bidaliko zaie irakasle eta ikertzaile guztiei, inkesta egiteko zer epe duten jakinarazteko. Ezingo da inkestarik egin epe horietatik kanpora, egoera berezietan izan ezik; egoera horien berri behar adinako aurrerapenaz eman beharko zaio Kalitateko Errektoreordetzari.

DOCENTIAZ

Kalitate eta Berrikuntzako Errektoreordetzaren DOCENTIAZ programaren xedea da irakaskuntza-jarduera ebaluatzeko oinarriak ezartzea, irakasleen garapen profesionalari begira, eta UPV/EHUren erakunde- eta lurralde-garapenak dakartzan premiak kontuan izanda. Programa horren bidez, irakaskuntza-funtzioaren balioa handitu nahi da, irakaskuntzaren ikuspegi oso baten bidez eta hainbat iturritatik abiatuta eraikitako (irakasleak, arduradun akademikoak, ikasleak eta sistema informatikoek emandako datuak). DOCENTIAZ programaren emaitzek irakaskuntza-jarduera egokiak aitortzeko bidea emango dute, eta UPV/EHUk diseinatutako irakaskuntza-prestakuntzarako eta irakaskuntza-berrikuntzarako programei loturik egongo dira. DOCENTIAZ programak ANECAren DOCENTIA programak ezarritako betebeharrak betetzen ditu; halaxe aitortzen dute agentzia horrek berak egindako egiaztatzeak eta UPV/EHUk eta UNIQUAL agentziak 2007ko maiatzean sinatutako hitzarmenak.

http://www.ikasketa-berrikuntza.ehu.es/p272-shevdoct/eu/contenidos/informacion/docentiaz/eu_docentia/indice_docentiaz.html

Irakasle bakoitzaren puntuazioa zein den zehazteko arduraduna Ebaluatzeko Unibertsitate Batzordea izango da, Errektoreordetzak izendatua eta haren mende diharduena. Horretarako, hiru informazio-iturri erabiliko ditu: irakasleak berak egindako txostena, ikasleek irakaslearen irakaslanari buruz betetako inkesten emaitzak eta Ikastegiko Kalitate Batzordeak egindako txostena.


Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Kalitate Batzordeak alderdi bakoitzaren ebaluazio-irizpideak a priori finkatzeko protokolo bat onartu zuen, txosten hori betetzeko (kontuan hartu behar da Errektoreordetzak puntuak emateko kontuan hartzen dituen hiru iturrietatik bat besterik ez dela). Jendeak eskuragarri izan dezan, atxikita dago protokoloa.