Alberto Lópezek, Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Arabako ataleko ikasleak, Ekin-up 2017 Enpresa Ideien III. Lehiaketako bigarren saria irabazi du

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/30

Azaroaren 17an, UPV/EHUko Gipuzkoako Ekonomia eta Enpresa Fakultateak antolaturiko ‘Ekin-up 2017’ Enpresa Ideien Lehiaketako sariak banatu ziren, Donostian.

Lehen saria Iker Zuñigak irabazi du, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduko (Gipuzkoa) laugarren mailako ikasleak, SMA APP izeneko proiektuarekin. Saria, baina, exaequo partekatu du Mikel Bohoyo lehen mailako ikaslearekin (Gipuzkoa), zeinak Minibuilder proiektua aurkeztu baitu.

Ikerrek jendea supermerkatuan erosten ari dela aztertzen eta laguntzen duen aplikazio batean txertaturiko software bat aurkeztu du. Mikelek, bestalde, oroigarrien salmenta hartu du oinarri bere proposamenerako; zehazki, eraikin esanguratsuen irudiak, turistei 3Dn inprimaturikoak.

Bigarren saria Fakultatearen Arabako ataleko Alberto López ikasleak eskuratu du; hiriko zenbait leku estrategikotan kafea eta mokadu bat saltzeko proiektua aurkeztu du.

Epaimahaiko kide izan dira Lorea Varona, Bic Gipuzkoa Berrilanekoa; Eduardo Malagón, ikastegiko irakaslea; eta Itziar Azkue, Praktiken, Enpresekiko Harremanen eta Euskararen arloko dekanordea.

Sariak banatzeko ekitaldian, halaber, gizartean ekintzailetza sustatzeko KOOPfabrika programa aurkeztu du Amaia Alvearrek, UPV/EHUren Gezki Institutuko kideak (Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua). KOOPfabrika programaren helburua da ekintzailetzari eduki soziala, kooperatiboa eta eraldatzailea gehitzea, prestakuntza teorikoaz, gizarteko ekintzailetzarako tresna espezifikoez eta proiektuen tutoretzaz baliatuta.

UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Gipuzkoako atalak Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduko ikasleen sormena, berrikuntza eta ekintzaile izaera sustatu asmo du, eta ‘Ekin-up’ Enpresa Ideien Lehiaketa, hain zuzen ere, xede horrekin abiatutako jardueren barruan dago. Lehiaketaren helburua da ekintzailetza sustatzea, hala ikasleak nola egresatuak euren ezagutzak, gaitasunak eta esperientzia aplika ditzaten enpresa proiektuak eta negozio berriak martxan jartzeko orduan.