Gradu bikoitza: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza + Informatika Ingeniaritza

Zer da unibertsitateko gradu bikoitza?
Ikasketa hauekin, aldi berean unibertsitateko bi gradu lortuko dituzu.
Zer gradu bikoitz eskaintzen ditu Gasteizko Ekonomia eta Enpresa Fakultateak?
- Gradu bikoitza: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza + Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritza (354 ECTS, 5 ikasturtean)
- Gradu bikoitza: Ingeniaritza Mekanikoa + Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (372 ECTS, 5 ikasturtean)
Gradu bikoitz hauetako ikasleek prestakuntza osatua, balioaniztuna eta berritzailea jasoko dute.
Bi gradu osoak egin behar dira?
Ez. Bi graduetako oinarrizko eta nahitaezko prestakuntza gainditu behar da, elkarren artean baliozkotzen diren irakasgaiak salbu. Hautazko irakasgaiak egitea ere ez da beharrezkoa. Horregatik, gradu bikoitz batek unibertsitateko gradu bati dagozkion kredituen (240 ECTS) % 150eko eskaera dauka.
Non ikasten dira?
UPV/EHUren Arabako Campusean: Ekonomia eta Enpresa Fakultatean eta Ingeniaritza Eskolan (elkarren artean 650 metroko distantzia dago, bizikletaz 3 minutu eta oinez 7 minutu). Bi astegunetan ikasgaiak ikastegi batean ematen dira, eta gainerakoetan, bestean.
GRADU BIKOITZA: ENPRESEN ADMINISTRAZIO ETA ZUZENDARITZA + KUDEAKETAREN ETA INFORMAZIO SISTEMEN INFORMATIKAREN INGENIARITZA

Enpresa Simulazioa Marketinean irakasgaiko ikasleak Ekonomia eta Enpresa Fakultateko informatika gela batean
Euskadiko eta Espainiako lan merkatuan gehien eskatzen diren titulazioak dira Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Informatika Ingeniaritza.
Titulazio bikoitz honen helburua IKTak enpresa prozesuetan txertatzea da eta horretarako uztartu egiten ditu:
- soluzio informatikoak sortzeko, diseinatzeko, garatzeko eta hedatzeko gaitasunak eta enpresen eta enpresa kudeaketaren gaineko jakintza egokia.

Horrez gain:
-
Hemen da 4.0 Industria, eta gero eta beharrezkoagoa izango da, IKTen aplikazioak ezagutzeaz eta enpresaren barruan kudeatzeaz gain, makina arteko komunikazio sistema berriak ezartzea erabakiak hartzen lagunduko digun informazio kantitate handiagoa eta azkarrago lortzeko.
-
4.0 Industriaren lehia abantailen artean dago, besteak beste, Big Data edo, Big Dataren analisia (Data Analytics), hau da, negozioetan erabakiak hartzeko baliotsua den informazio kantitate erraldoiak hautatzea, tratatzea eta eraldatzea.
-
Big Dataren arloko profesionalek enpresen beharrak ulertu behar dituzte benetan baliotsua den informazioa identifikatzen jakiteko (BusinessIntelligence).