Baldintzak, eskaera eta esleipenerako prozedura

2020-21 Ikasturtea

Baldintzak

Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzak jarritako baldintzez gain, Ekonomia eta Enpresa Fakultateko arautegiak ezarritako baldintza hauek ere bete behar dira:

  • Graduko ikasleek 48 kreditu gaindituta eduki beharko dituzte mugikortasunerako eskaera egiteko unean.
  • Gradu bikoitzeko (EAZ+Zuzenbidea) ikasleek 75 kreditu gaindituta eduki beharko dituzte mugikortasunerako eskaera egiteko unean
  • Ikasleek oinarrizko edo nahitaezko 90 kreditu eduki beharko dituzte gaindituta atzerriko unibertsitatean hasi baino lehen, eta kreditu horietatik 54 lehenengo mailako oinarrizko kredituak izan beharko dira.
GARRANTZITSUA: Baldintza hori betetzen ez dutenek EZIN izango dute mugikortasunik egin, plaza bat esleituta izan arren.
  • Urteko destinoak. Bi lauhileko (urteko mugikortasuna) mugikortasun akordioak dituzten unibertsitateetara joateko aukera izango dute ikasle hauek: 120 kreditu edo gutxiago gaindituta izan eta batez besteko nota 6,0 baino txikiagoa ez bada, eskabidea aurkezteko unean.
  • Hizkuntzak
    • Eskaera egiterakoan ikasleek, gutxienez, B1 maila eduki beharko dute (ofizialki egiaztatuta) ikasketetarako behar duten hizkuntzan edo, bestela, fakultatean bi irakasgai ingelesez eginda eduki beharko dituzte.
    • Atzerriko unibertsitatearen hizkuntza eskakizuna B2 mailakoa edo goragokoa bada, maila hori ziurtagiri ofizial baten bidez egiaztatu beharko da eskaerak aurkezteko epearen barruan.

    • Italian (Bolzanon izan ezik) plaza bat lortzen duten ikasleek, destinoko unibertsitatean hasi aurretik, italierako ikastaro batera joan izanaren ziurtagiria edo gutxieneko A2 mailako ziurtagiria aurkeztu beharko dute (horretarako, baliozkoa izango da derrigorrezko OLS proban lortutako emaitza).

  • MUGIKORTASUNARI BURUZKO AKORDIO AKADEMIKOAK EDO LEARNING AGREEMENT
  • Akordio akademikoetan ezin izango dira fakultatean suspenditutako irakasgaiak sartu, ezta lehen mailako irakasgaiak ere.
  • Akordio akademikoetan nahitaezkoa izango da gutxienez 2 hautazko irakasgai sartzea lauhileko 1eko destinoetan, eta gutxienez 3 hautazko irakasgai urteko destinoetan. [OHARRA. Muga hori ezin zaio aplikatu ez Marketineko Graduari, ez EAZ+Zko Graduari].
  • Akordio akademikoan euskaraz matrikulatutako irakasgaiak sartzen badira, ez dira aitortuko euskararen C1 titulua lortzeko behar den zenbaketari begira.
  • Negozioen Kudeaketako Graduan, mugikortasuna hirugarren kurtsoan egiten duten ikasleentzat, Enpresarako Ingelesa I eta II eta/edo Enpresarako Frantsesa irakasgaiak hautazkotzat hartuko dira mugikortasunaren ondorioetarako.
 
Mugikortasuneko deialdi honetan (ERASMUS, LATINOAMERIKA eta BESTE NORAKOAK) plazaren bat lortzen duten ikasleek EZIN izango dute SICUE plazarik eskatu ikasturte berean, ezta esleitutako plazari uko egiten badiote ere.

Estekak:

Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetza

Nazioarteko mugikortasun programei buruzko arautegia

Eskaera

Azaroaren bukaeran edo abenduaren hasieran, Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzak (Leioa) GAUR aplikazioa prest jartzen du UPV/EHUko ikasleek nazioarteko mugikortasun programen barruan unibertsitate trukea eska dezaten.

Mugikortasun programetan parte hartzeko eskaera egiterakoan kontuan hartu behar dituzu zenbait kontu garrantzitsu:

  • ESKAERA BAKARRA egingo da GAUR aplikazioan atzerriko mugikortasun programetarako (Erasmus, Latinoamerika eta Beste Norakoak), eta, gehienez, atzerriko zortzi unibertsitate aukeratu ahal izango dira, ikaslearen lehentasunen arabera ordenatuta.
  • Lehentasunezko unibertsitateen antolamendua. Antolamendu hori garrantzitsua eta loteslea da; izan ere, behin plaza bat esleituta, ezin egingo baitzaio uko egin hurrenkera horretan beherago dagoen beste batekin ordezkatzeko.

  • GAUR aplikazioan eskatutako 8 destinoez gain, beste programa batzuetako destinoak ere eska daitezke, 3 gehienez (CONAHEC sarea). Deialdia urtarrilaren erdialdean izan ohi da.

OSO GARRANTZITSUA. “BESTE BATZUK ERE INTERESATZEN ZAIZKIT” aukera markatu
  • Lehenetsitako zortzi unibertsitate horietatik aparte, beste unibertsitate batzuetan interesik izanez gero, «BESTE BATZUK ERE INTERESATZEN ZAIZKIT» aukera markatu beharko da. Horrek esan nahi du aukera hori markatu duen ikasleak interesa daukala, esleipenaren lehenengo fasean plaza hutsik geratuz gero, bere ikastegiko koordinatzaileak eskain diezazkiokeen plazetan.
  • Aukera hori markatu ez duen ikasleari ez zaio unibertsitaterik eskainiko, plaza hutsak egon arren.
HIZKUNTZAK
  • Hizkuntza mailaren baldintza eskaerak aurkezteko epearen barruan BETE BEHAR DA.
  • GAURen eskaera egin eta gero, ziurtagiri ofizialen kopiak aurkeztu beharko ditu unibertsitate bakoitzean eskatzen den hizkuntza maila egiaztatzeko.
  • Fakultateko webgunean argitaratuta daude unibertsitate bakoitzean zein maila eskatzen den jakiteko taulak
Hizkuntza maila egiaztatzeko ziurtagiriak aurkezteko epea. Hamar egun baliodun, ikastegi bakoitzeko Idazkaritzan eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik.

Eskaerak egiteko prozesuan zehar ikasleek helbide elektronikoan (@ikasle.ehu.eus) jasoko dituzte errektoreordetzak bidalitako jakinarazpenak. Begiratu ondo zure posta elektronikoa, ez dezazun epe edo izapiderik pasatzen utzi.

Esleipenerako prozedura eta irizpideak

  • Plazak espediente akademikoaren batez besteko notaren arabera esleitzen dira. Horri Buddy eta/edo Cicerone programako lankidetza aktiboari dagokion balorazioa ere batuko zaio.

  • Horrez gain, atzerriko hizkuntza maila egiaztatzeko ziurtagiri ofiziala edukitzea derrigorrezkoa izango da halakorik eskatzen duten atzerriko unibertsitateetan.
  • Esleipen prozesu orokorra amaitutakoan, dagoeneko nazioarteko mugikortasun programaren batean parte hartu duten ikasleentzako esleipenak egingo dira.
  • Latinoamerika eta Beste Norakoak programako kupo orokorreko unibertsitateak Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzak (Leioa) esleituko ditu.

Kontuan hartu behar da hiru fase daudela mugikortasun programen esleipenean.

  • Lehenengo fasean, ikasleak eskabidean adierazitako 8 unibertsitateen artetik soilik esleituko dira plazak.
  • Bigarren fasea, funtsean, 1. fasean libre geratu diren plazak esleitzeko erabiliko da, eta, batez ere, "Beste batzuk ere interesatzen zaizkit" laukitxoa markatu duten ikasleen artean. Bigarren fase honetan "hobetzeko" aukera egongo da. Hau da, esleipendunek uko egin dieten plazarik balego, hobekuntza gisa eskaini ahal izango zaizkie eskaeran sartuta dituztenei.
  • Hirugarren fase bat egongo da; fase horretan, plazarik lortu ez duten eta hizkuntza eskakizunak eta eskakizun akademikoak betetzen dituzten ikasleei eskainiko zaizkie oraindik libre dauden plazak. Fase honetan ez dago hobetzeko aukerarik, hau da, ez zaie plazarik eskainiko 1. edo 2. fasean jada unibertsitatea lortu duten ikasleei.
Ikasleari atzerriko unibertsitatean plaza bat esleitzen zaionean ikasleak plaza hori GAURen onartu beharko du horretarako ezarritako epearen barruan; ezer egin ezean, plazari uko egiten diola ulertuko da eta plaza galduko du.

Esleipen prozesua amaitutakoan mugikortasun programen koordinatzaileak bilera bat egingo du (otsaileko bigarren hamabostaldian edo martxoko lehenengoan) atzerriko unibertsitatera joan orduko ikasleek eman behar dituzten pausoei buruzko informazioa emateko.

EAZko+Zuzenbideko Gradu Bikoitza

Kontuan hartuta EAZko+Zko gradu bikoitzeko ikasketetarako plazak kopuru mugatua dela, prozedura hau proposatu da:

  • Esleipena egiteko, ikasle kupo bat ezarri da mailako, 12tik 14ra. 36 ikasle, gehienez, fakultateak atzerriko mugikortasunerako eskainitako plazetarako. [Irakasgaiak maila batean baino gehiagotan dituzten ikasleen kasuan, kontuan hartuko da irakasgai matrikulatu gehiago dituen maila]
  • Maila bikoitzeko ikasleek lauhileko bakarreko nazioarteko mugikortasunetan parte hartu ahal izango dute ikasturte bakoitzean, eta ezin izango dute eskatu egonaldiaren iraupena luzatzeko.
  • Kontuan hartuta, funtsean, EAZko graduari dagozkion irakasgaiak atzerrian egingo dituztela, lehen aldiz sartu da EAZrako lauhileko bateko hitzarmena duten unibertsitate guztietan mugikortasuna egiteko aukera.
  • Torino, La Sapienza eta Rijekako unibertsitateetan EAZ+Zuzenbideko gradurako eskaintza bereizia mantentzen da, unibertsitate horietan Zuzenbideko irakasgaiak ikasteko aukera dagoelako.

Nazioarteko mugikortasun programen egutegia 2020-2021