Historia

Aipamen historikoa

Bilbo izan zen merkataritzako ikasketak emateko eskola bat sortu zuen Espainiako lehen herria eta munduko lehenetariko bat.

Bilboko eskola baino lehen, hiri hauteko eskolak baino ez daudejasota: San Petersburgo, Hanburgo eta Trieste, XVIII. mendeko bigarren erdian ezarritakoak, eta Mosku, Odessa, Danzing eta Estrasburgo, 1804, 1810, 1814 eta 1817an sortutakoak, hurrenez hurren.

Merkataritzari buruzko prestakuntzaren beharra XVII. eta XVIII. mendeetan nabarmendu zen eta, 1800 ean, Bilboko Kontsulatuak ikasketa horiek hiriko merkatarientzat bultzatzea erabaki zuen.

Hori lortzeko egindako lehen eskaria atzera bota zuten eta, Napoleonen inbasioak igarota eta herrialdea indarberritu ondoren, Araudi baten proiektua idatzi zen eta 1818ko uztailaren 9ko Errege Xedapenaren bidez onartu zen. Lau katedra sortu ziren: matematika, frantsesa, ingelesa eta marrazketa; lehenengoan sartu ziren kontabilitate-ikasketak. 
 
Eskolako lehen etapa Kontsulatuak Udaletxeko goiko solairuetan zeuzkan lokaletan hasi zen, eta klaseak 1818ko azaroaren 18an hasi ziren.

Lehen zuzendaria Alberto Lista y Aragón jauna izan zen, elizgizon ospetsua, matematikaria eta poeta. Matematikako Katedra lortu zuen eta 1818ko abenduaren 28an izendatu zuten. Eskolako inaugurazio ofiziala 1819ko martxoaren 1ean egin zen, Espainiako errege Fernando VII.a zelarik eta kontsulatuko priore Manuel María de Aldecoa jauna zelarik.

Bigarren etapa Isabel II.aren sasoian hasi zen, 1850eko irailaren 8ko Errege Dekretuaren bidez Espainian merkataritza-ikasketak modu ofizialean antolatu zirenean. Bilboko Eskola 1851ko martxoaren 24ko Errege Aginduaren bidez onartu zen modu ofizialean. Klaseak Bigarren Hezkuntzako Institutuan ematen hasi ziren, Nautikako Eskolarekin batera, eta bertan geratu ziren 1887ra arte. Ematen ziren tituluak Merkataritzako Peritua eta Merkataritzako Irakaslea ziren.

Hirugarren etapan Bilboko Eskola Merkataritzako Goi Eskola bihurtu zen. Ikastegiaren bide ona ikusita 1888ko ekainaren 14an, Pablo de Alzola jaunak, Bizkaiko Foru Aldundiko buruak, aldaketa hori proposatzeko mozio bat aurkeztu zuen, eta horrek sortuko zituen gastuak probintziako fondoen kargura ordaintzeko konpromisoa hartu zuen.

Proposamena onartu egin zuten eta, 1888ko irailaren 18ko Dekretuaren bidez, Bilboko Eskolak Goi Eskolako kategoria lortu zuen. Bertan Merkataritzako Peritu eta Merkataritzako Irakasle tituluak eskura zitezkeen.

Bilboko eskola Goi Merkataritza Ikasketen eskola bihurtuta abiatzen da laugarren etapa, 1920ko abuztuaren 6ko dekretuari esker. Bertan ezarri ziren merkataritzako intendentziako (lizentziaturaren parekoa) eta aseguruen aktuariotzako graduak.

1927an inauguratu zen Elkano kaleko egungo eraikina, Bizkaiko diputazioak oso-osorik ordainduta.

1953ko uztailaren 17ko legeak ezarrita, unibertsitate graduko ikasketak politika, ekonomia eta merkataritza zientzien fakultateetan kokatu ziren, Bilboko eskolan merkataritzako peritu eta irakasle izateko graduak besterik irakasten ez zelarik.
1955eko urrian jarri zen martxan Bilbon eta eskolaren areto eta instalazioetan, Politika, Ekonomia Eta Merkataritza Zientzien Fakultatea, non irakatsiko baitira merkataritzako intendentziako graduko ikasketak, 1953ko uztailaren 23ko dekretuaren harira. Fakultateak 1964ko ekainera arte eman zuen irakaskuntza eskolaren aretoetan, orduantxe lekualdatu baitzen Sarrikoko eraikinera.

Eskolaren historiako bosgarren etapa Hezkuntzari buruzko eta Hezkuntza Erreformaren Finantzaketari buruzko 1970eko abuztuaren 4ko lege orokorrak definitu zuen, merkataritzako ikasketak berriro ere egituratu zituelarik. Merkataritzako Irakasleen Ikasketetako gradua eskaintzen zuten merkataritzako eskolak, Bilbokoa horien artean egonik, Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola bihurtu ziren. Ikasketa hauen lehendabiziko plan esperimentala, Enpresa Zientzien diplomatura, 1971-72 ikasturtean hasi eta 1998-99 ikasturtera arte irakatsi izan da, bere hiru espezialitateetan: Kontabilitatea, Merkataritza eta Administrazioa.

1995-96 ikasturtean indarrean sartu zen kredituen bidezko ikasketa plan berri bat, espezialitateak (curriculum ildoak) hedatzen zituelarik, ikasleei titulua lortzeko aukera eskainiz, honako espezialitate hauetakoren baten bidez: enpresarako marketin eta nazioarteko harremanak, kontabilitatea eta kontuen auditoria, finantzak, enpresari aplikatutako teknika estatistikoak, giza baliabideak, berrikuntza eta gestioa.

2003-2004 ikasturtean plan berritua (2002) ezarri zen, lehengo planaren egokitzapen bat, ikasketa planen jarraibide berriak aintzat hartzeko. Espezialitate hauek ezarri ziren bertan: kontabilitatea eta kontuen auditoria, finantzak, berrikuntza eta gestioa, enpresa analisirako tresna baliabideak, enpresarako marketina eta nazioarteko harremanak eta giza baliabideak.

2010-2011 ikasturtean, Europako Unibertsitate Eremuari men eginez, diplomaturaren irakaskuntza bertan behera geratu zen eta abian jarri zen Negozioen Kudeaketako Gradua, eduki berri eta berritzaileekin, hain zuzen ere, errealitate ekonomikoa interpretatu ahal izateko eta enpresaren jarduera eremuetan aritu ahal izateko behar diren gaitasunak, trebetasunak eta jakintza garatuko badira. Lau ikastarotako gradua da eta, bere arloan bakarra, enpresetako praktikak nahitaezkoak dituena.

Egungo etapa honetako ezaugarri nabarmena da eskola fakultate berri baten barruan integratu dela, UPV/EHUren ikastegiak berrantolatzeko planak (2015eko uztailaren 9ko EHAA) hala ezarrita.
Honako hauek dira fakultate berria osatu duten lehengo ikastegiak:

  • Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea (Sarriko)
  • Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola
  • Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola
  • Gasteizko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola

Ekonomia eta Enpresa Fakultateak Sarrikon du egoitza, lehengo eskola guztiak orain fakultatearen atalak izanik.

Hortaz, desagertu da Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolaren izena, eskolaren sorreratik bertatik eta 2016ko urtarrilaren 5era arte izan duen autonomia ere galdu duelarik, data horretan sartu baitzen indarrean UPV/EHUren ikastegien oinarrizko arautegi berria.
Etapa honen barruan, Negozioen Kudeaketako Gradua fakultateak eskaintzen dituen titulazioetako bat da. Era berean, ikasle guztiak, administrazio eta zerbitzuetako langileak eta irakasleak ere UPV/EHUren Ekonomia eta Enpresa Fakultateko kide dira, nahiz eta irakaskuntza, ikerkuntza eta gestio jarduera guztiak Elkano kaleko eraikin historikoan egiten jarraitu.

 

Bilbotar ospetsuaren aipua

2012ko abenduaren 12an, bilbotar ospetsuaren aipua jaso zuen eskolak Iñaki Azkuna Bilboko alkate oroitu jaunaren eskutik, ia 200 urtetan egin baititu ekonomia eta merkataritza diziplinetan profesionalak hezten.

Harro gaude hiriko erakunderik nagusienak era horren nabari eta sentikorraz balioztatu izan duelako eskolan historikoki egin dugun lana, hiribilduaren garapen kultural, ekonomiko eta sozialari egin diogun ekarpen baliotsua aitortuz.