USAC: University Studies Abroad Consortium

Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiet Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Elkano saileko estamentu guztiei, partaide sentitzen garen komunitate honetan lekua egin digutelako. Kokapena eta esperientziak partekatu dituzte urte hauetan eta mila ikasle iparramerikar baino gehiago igaro dira haren ikasgeletatik, ikastegiko beste ikasle askorekin espazioa eta denbora partekaturik. Eta hori posible izan da hemen etengabe arnasten den lankidetza eta integrazio espirituari esker. 

USAC irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta unibertsitate partzuergo gisa funtzionatzen du. 1982an sortu zenetik, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroan (Reno), USACek 12.000 ikasle baino gehiago bidali ditu Euskal Herrira (9.500 Estatu Batuetatik eta 2.500 34 naziotatik).

Bi erakundeen arteko harremana arautzen duen hitzarmenari esker, UPV/EHUko irakasle eta ikasle askok partzuergoa osatzen duten unibertsitate amerikarrak bisitatu ditzakete (Estatu Batuetako lurralde osoan banatutako 35 unibertsitate, eta 38 unibertsitate beste 25 herrialde batzuetakoak), eta, hala, gure herrialdeetako harreman akademikoa, ikertzailea eta giza harremana susta dezakete. 1982tik gaur egun arte, erakundearen tamaina eta presentzia biziki hazi da, baina haren misioa eta gauzak egiteko kultura bera ez dira aldatu, eta beti bilatu du unibertsitate testuinguru batean ezberdinen arteko elkar ezagutza sustatzea.

USAC Bilbaoren programak gaztelania ikasteko eta Enpresa Ikasketekin lotutako irakasgaiak ikasteko aukera eskaintzen die Ipar Amerikako ikasleei. Horregatik, gure egoitza zentro honetan izateak gure funtsezko helburuetako bat lortzen laguntzen du, honakoa, alegia: interes komunak dituzten eta elkarrengandik asko ikas dezaketen ikasleen arteko truke akademiko, kultural eta humanoa.  Helburu hori gogoan izanik, gure laguntza izan dezakezue Eskolako ikasleen eta USAC ikasleen artean ikaskuntza espiritu hori erraztu dezaketen jarduerak egiteko, eta, jakina, edozein kasutan, gu ezagutzera gonbidatzen zaituztegu.

Eskerrik asko berriro Elkanoko komunitateko kide guztiei.

Ibon Zamanillo
Resident Director for the Bilbao/Getxo program.

USAC: 94 601 4716; 94 601 4717; 946 462 230
Ibon Zamanillo: 94 601 4715