2014/2015 ikasturteko Bidelanen kudeaketa txostenaren aurkezpena

Lehenengo argitaratze data: 2015/12/02

BIDELANek (Enpresa Harremanetarako Bulegoak) kokalekuz aldatu du 2015eko irailean. Behe solairuan gaude, ekitaldi aretoaren ondoan. Hemendik ahalegin berezia egingo dugu gure ikasleei borondatezko praktiketarako erabateko laguntza eskaintzeko. Era berean, gure ikasleen prestakuntzan modu aktiboan elkarlanean jardun nahi duten enpresekin harremanetan jarriko gara. Praktika horiek GAUR aplikazioan dagoen Praktiges programaren bidez gestionatzen dira.

Tutoreek urtero egiten duten bilera dela eta, 2015eko azaroaren 27an 2014/15 ikasturteko Bidelanen kudeaketa txostena aurkeztu da. Web gunean dago eskuragarri:

2014-2015 KUDEAKETA TXOSTENA

2014/15 ikasturtean 272 lankidetza hitzarmen egin dira 132 enpresarekin (gehienak Gipuzkoakoak), eta 31 irakasle aritu dira tutore lanetan. Praktikak, batez beste, 300 ordukoak izan dira. Ikasleek egindako praktikei emandako balorazio globala 4,55ekoa izan da (gehienez 5 puntu), eta enpresako begiraleek ikasleei egindako ebaluazio globala, aldiz, 4,46koa (gehienez 5 puntu).

Praktikaldia irailaren 1etik abuztuaren 31ra artekoa izan da, ikasturtearen barruan. Praktikak esleitzean, 3 une nabarmentzen dira aldi horretan: urria, otsaila eta ekaina. Hartara, lehen lauhilekoan, irailetik abendura bitartean, 66 hitzarmen formalizatu ziren, hau da, hitzarmenen % 24; urtarriletik maiatzera bitartean, 116 hitzarmen, % 43; eta, udan, 90 praktika osatu ziren, % 33.

Praktikak egin ondoren, batzuetan kontratua egiten zaie ikasleei, eta hori oso garrantzitsua da lan merkatuan sartzeko. Ditugun datuen arabera, 25 kontratu berri egin dira. Bestalde, elkarlanean aritzen gara Gipuzkoako Campuseko Enplegu Gunearekin eta guneko arduradunekin, betiere campusean enpleguaren arloan egiten diren zerbitzu bereziak ikastegiko ikasleei helarazteko.

Itziar AZKUE IRIGOYEN
Praktika eta Enpresekiko Harremanetarako zuzendariordea