Erasmus+ (Europa)

Programa honetan parte hartu nahi izanez gero, UPV/EHUren Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzaren web gunean dituzu eskura ERASMUS+ programaren ezaugarriak, eta argi eta garbi daude jasota programa honetan parte hartzeko baldintzak eta eskariak egiteko jarraibideak. Honez gain, Naziaorteko Harremanen arloko Errekoreordetzak eta Gipuzkoako Ataleko Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko zuzendariordetzak informazio hitzaldiak eskainiko dituzte mugikortasunerako eskariak egiteko epea ireki baino lehen (azaroa/abendua inguruan).

ERASMUS+ (EUROPA) programan parte hartu nahi baduzu, eskaria egin beharko duzu, on line, GAUR aplikazioaren bidez (azaroa/abendua inguruan). Programa guztietako 8 unibertsitate aukera ditzakezu eskari berean.

Eskariari gehitu nahi diozun dokumentazioa (hizkuntza ziurtagiriak eta beste) epe barruan aurkeztu beharko duzu Nazioarteko Harremanetako eta Mugikortasuneko Zuzendariordetzan (BIDELAN).

Atzerrian egin beharreko gutxieneko egonaldia lauhilekoa bat da (gutxi gorabehera lau hilabete izaten dira), eta ikasturte berean, gehienez ere 9 hilabete, nahiz eta beste 3 hilabete egiteko aukera dagoen borondatezko praktikak egiteko. Bestalde, aukera daukazu gradu bereko ikasturte desberdinetan egonaldi bat baino gehiago egiteko unibertsitate desberdinetan, baina, betiere, gehienez ere 12 hilabete egin ditzakezu, barne hartuta ERASMUS+ eta Erasmus praktikak programetan egindako egonaldiak.

Egonaldiaren iraupena UPV/EHUk erakunde horrekin egindako hitzarmenaren araberakoa da (ikusi helburuko unibertsitateen taula), baina ez da, inolaz ere, hiru hilabete baino laburragoa izango. Hitzarmenean jasota baldin badago egonaldia ikasturte osorako izango dela (9 hilabete gutxi gorabehera), eskaria aldi horretarako baino ezin izango duzu egin. Hau da: lauhileko bat baino ez baduzu egin nahi, taulan begiratu beharko duzu ikusteko zein unibertsitatetan egin dezakezun mota horretako egonaldia, eta eskaria egitean, zehaztu egin beharko duzu zein lauhilekotan joan nahi duzun (1.an edo 2.ean). Hirugarren mailako ikasleak bigarren lauhilekoan joan daitezke eta laugarren mailako ikasleak lehenengo lauhilekoan.

Gipuzkoako Atalak ondoko agirian adierazitako unibertsitateekin dauka sinatuta ERASMUS+ programarako hitzarmena, eta agiri horretan daude jasota, era berean, plaza kopurua, egonaldiak egiteko epeak, eta jakin beharreko hizkuntza (egiaztatua).

Erasmus+ programarako  irizpideak:    

Bete beharreko baldintzak:

• Eskaera aurkezterakoan 1. mailako 42  kreditu gaindituta eduki behar dira.
• Atzerriko unibertsitatean hasi orduko nahitaezko 90 kreditu (1. mailako 54) gaindituta eduki behar dira.

Esleipenerako irizpideak:

• Erasmus programaren barruan mugikortasuna lehen aldiz eskatzen duten ikasleek lehentasuna izango dute mugikortasuna bigarren aldiz eskatzen dutenen aurrean.

• Espediente akademikoa (batez besteko kalifikazioa) kontuan hartuko da.

• Atzerriko ikasleei laguntzeko programetan (Buddy edo Cicerone) parte hartu duten ikasleei puntuak emango zaizkie (gehienez, 0,5 puntu).

Mugikortasun programetan parte hartzea eta konpromiso akademikoa:

• Lauhileko bateko mugikortasuna egin nahi duten ikasleek, lauhileko eskaintza duten unibertsitateen eskaintzen artean aukeratu beharko dute (eta ez 9 edo 10 hilabeteko eskaintza dutenen artean).
• Ikasturte osoko mugikortasuna eskaintzen duten unibertsitateetara joan nahi duten ikasleek batazbeste 60 kreditu egin beharko dituzte.

Hizkuntza eskakizunak:

• Eskaerak aurkezteko epearen barruan unibertsitate bakoitzak eskatutako hizkuntza maila egiaztatzeko ziurtagiri ofizialak aurkeztu beharko dira abenduak 14 baino lehen. Hizkuntza maila hori fakultateko webgunean argitaratzen diren atzerriko unibertsitateen tauletan egongo da zehaztuta. EAZGn gutxienez 2 ikasgai ingelesez egin dituen ikasleak, Bidelanen ziurtagiri bat eskatu ahal izango du abenduak 12 baino lehen.
• Italiako eta Portugaleko zenbait unibertsitatek ez dute hizkuntza eskakizunik ezartzen, kasu hontan ez da ziurtagiririk aurkeztu behar, baina derrigorra da egonaldia hasi baino lehen kasuan kasuko hizkuntza ikastaroren bat egitea.