EKONOMIA ETA ENPRESA FAKULTATEA

GIPUZKOAKO ATALA

Ekonomia eta Enpresa Fakultatea sortu berria den zentro bat da. Gipuzkoa, Araba eta Elkanoko (Bilbo) atalak ditu eta bere egoitza Sarrikon (Bilbo) kokatuta dago. Donostiako atala lehen Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola zen eta Gipuzkoako Campusean dago kokaturik (Ibaetan). 2010-2011 ikasturtean  Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako (EAZ) Gradua eskaintzeari ekin dio eta 2019-2020 ikastutetik aurrera EAZ eta Zuzenbidean gradu bikoitza ere eskainiko du; Goi Mailako Hezkuntzaren Europar Esparrura (Boloniako Plana) egokitutako tituluak.

Albisteak

Irrisarri Land “Resort Rural & Adventure Park” enpresara bisita

Lehenengo argitaratze data: 2019/04/16

Apirilaren 12an “Merkataritza zuzendaritza: politikak” irakasgaiko hogeita hamar bat ikasle Irrisarri Land “Resort Rural & Adventure Park” bisitatzen izan ziren. EAZLko bigarren mailako ikasle hauek Jose Juan Beristain eta Lucía Mediano irakasleekin batera egin zuten bisita Igantzin (Nafarroa) dagoen enpresara.

Enpresa gazte eta berritzaile honek aisialdi-zerbitzu eta esperientzia aukera zabala eskaintzen du (tirolinak, arborismoa, bike park, zaldi-ibilaldiak, etab.). Gainera, ezkontzak antolatzeko zerbitzuak eta enpresei zuzendutako zerbitzuak ere baditu; azken hauek, besteak beste, kongresuen, jardunaldien edota motibazio-saioen antolaketari lotuta. Halaber, ostatu aukera desberdinak ere eskaintzen ditu Yrisarri hotelean, luxuzko hamabi bordatan eta aterpetxe batean. Hau guztia edertasun handiko 75 hektareako eremu zabal batean.

Bisita enpresaren gerente den Joxe Elgorriagaren gidaritzapean egin zen. Irrisarri Landen buruak marketinaren hainbat alorretan enpresak erabiltzen dituen estrategiak azaldu zituen ibilbidean zehar: hala nola, merkataritza ikerkuntza, branding-a, zerbitzuen kudeaketa, prezioen zehazpena eta komunikazioa.