Prestakuntza duala

CURRICULUM IBILBIDEA: "PRESTAKUNTZA DUALA: UNIBERTSITATEA-ENPRESA"

2017/04/27ko saioan, UPV/EHUko Gradu Batzordeak akordio bidez onartua.

Aurkezpena

Helburua

Txandakatzearen helburu nagusia da ikasleen gaitasunak garatzea, profil profesionalarekin bat etorrita eta inguruko enpresen premietara egokituta; hau da, profesionalizatzea eta ingurune sozioekonomiko batean sartzea.
Gure kasuan, enpresen eskaerei erantzunez, enpresan lortutako gaitasunak eta maila akademikoan (Unibertsitatea) lortutakoak uztartu nahi ditugu, prestakuntza sistema tradizionala berrituz. Hots, gai izatea ikaslearen irakaskuntza-ikaskuntza prozesua hobetzeko, enpresan banaka lagunduz eta tutore eskarmentudunekin jarraipenak eginez.
Eredu dualaren abantailen artean daude, besteak beste, enpresek parte hartuko dutela txandakatzean prestatuko diren ikasleen gaitasunen profilak garatzen, enpresen premiak asetzeko. Eta ezagutza eta egiten jakite hori gizartera helaraziko da, kasu honetan Gipuzkoara, garapen eta gizarte hazkunde iraunkorrarekin konprometitutako enpresa sarean sartuko baitira ikasleak, aitzindariak izanik honela prozesu berritzaile honetan.

Sarrerarako profila

EAZGko ikasleak (batik bat hirugarren mailakoak; dena dela, goragoko mailako ikasleen eskaerak ere onartuko dira):
• Eginez ikasi nahi dutenak eta gaitasun profesionalak lan ingurune batean garatu nahi dituztenak.
• Jarrera proaktibo nabarmena dutenak, baita lanerako gaitasun eta autonomia maila handiak ere.
• Erronka zorrotzak onartzeko prest daudenak, bai eta abian dagoen lantalde batean sartzeko eta emaitzak eskuratzera bideratuta dagoen lanean aritzeko ere.

Programa akademikoa (edo irakaskuntza plangintza)

"Prestakuntza duala: unibertsitatea-enpresa" Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduko ikasketa planean ibilbide berri gisa sartzen da, lehendik dauden lauekin batera: Kontabilitatea eta bestelako Informazio Sistemak, Finantzak, Merkataritza Zuzendaritza eta Pertsonak eta Berrikuntza. Espezialitate horietan bezala, ibilbide duala hirugarren mailako bigarren lauhilekoan egingo da, eta graduko laugarren mailako lehenengo eta bigarren lauhilekoetan.

Oro har, ibilbide duala honelakoa izango da ikaslearentzat:

a) Hautazko 48 ECTS, enpresari lotuta:
Enpresarako Orientazioa I (5 ECTS): 2. lauhilekoa, hirugarren maila
Enpresarako Orientazioa II. (5 ECTS): urtekoa, laugarren maila.
Egonaldia Enpresan I. (13 ECTS): 2. lauhilekoa, 16 h/aste, hirugarren maila.
Egonaldia Enpresan II. (10 ECTS): 1. lauhilekoa, 16 h/aste, laugarren maila
Egonaldia Enpresan III. (15 ECTS): 2. lauhilekoa, 32 h/aste ggb, laugarren maila

b) 12 ECTS enpresako egonaldiari lotutako Gradu Amaierako Lana egiteko eta aurkezteko.

Bi irakasgaien hizkuntza ofiziala euskara da, baina gaztelania eta ingelesa ere erabiliko dira, ahoz nahiz idatziz. Egonaldiak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez edo frantsesez egin daitezke.

Graduatu ahal izateko, atzerriko hizkuntza batean (lehentasunez, ingelesa, frantsesa edo alemana) komunikatzeko gaitasuna izatea egiaztatu beharko da, EAZGko gainerako ikasleen moduan.
Plazak: Ezarpeneko lehenengo urteetan 15-25 plaza eskainiko dira.

Ikasketa plana

Ikasleen kontratazioa eta hitzarmena

Ikaslea enpresari lotzeko, konpromiso formala behar da, hau da, lan kontratu bat edo, salbuespen gisa, praktika hitzarmen bat edo antzeko zerbait.

Ahal delarik, aldi baterako kontratua erabiliko da, horren helburua prestakuntza dual (enpresa-unibertsitatea) bateko prozesuan partea hartzea izango da. Hala, hainbat lan eginez, enpresaren benetako beharretara egokitutako esperientzia praktikoa bereganatuko du.

Edonola ere, ikastegiaren eta enpresaren arteko alternantzia hiru aldeko (unibertsitatea-entitatea-ikaslea) prestakuntza dualeko hitzarmen bidez formalizatuko da.

Oro har, eskatuko den ordainsaria ezin da izan, inolaz ere, dagokion urtean lanbide arteko gutxieneko urteko soldatarako ezarritako hileko balioa baino txikiagoa, betiere enpresan emandako denbora efektiboarekiko proportzioa kontuan hartuta (edo aplikatu beharreko araudiak ezarritakoa).