Graduko Ikasketen Gestiorako 2019/20 Ikasturteko Arautegia

V. Kapitulua. Egokitzapenak eta baliozkotzeak

EGOKITZAPENAK ETA BALIOZKOTZEAK

Egokitzapenak (plan zaharretik plan berrira aldatzea)

42. artikulua.

  1. Espedienteak ikasketa plan batetik bestera egokitzeko, taula batzuen bidez egingo da. Taulotan jasota egongo dira aurreko ikasketa-planean gainditutakoengatik ikasketa-plan berrian ikasleak egokiturik (gainditurik) izango dituen irakasgaiak. Taula hori automatikoki aplikatuko da ikaslea plan berrira sartzean.
  2. Egokitzapenak irakasgaika, irakasgai multzoka edo zikloka egin behar dira. Ezin izango dira inola ere irakasgaien zatiak egokitu.
  3. Desagertzeko bidean dagoen plan batetik plan berrira egokitzeak ez dio kosturik ekarriko ikasleari.
  4. Plan berrira sartzean ikaslea deialdi guztiekin hasiko da egokitu gabeko irakasgaietan, kontuan hartu gabe zenbat deialdi erabili zituen aurreko planean irakasgai horien baliokideetan. Edozelan ere, unibertsitatean jarraitzeko arauetan jasotakoari jarraituz ikasleak ezin badu aurreko planeko ikasketetan jarraitu, ezin izango ditu bere ikasketak plan berrira egokitu.
  5. Aurreko planetik plan berrirako egokitzapena ikasketa berdinen artean egingo da beti. Hala ere, gerta daiteke plan zahar batetik titulazio bat baino gehiago sortzea. Horrelakoetan, matrikula egitean erabaki beharko du ikasleak titulazio berri horietatik zeinetara nahi duen egin egokitzapena.
  6. Egokitzapenak prozedura honen arabera egingo dira:
  • Titulazioa irakasten duen ikastegiak zehaztuko du plan berria ezartzeko egutegia.
  • Egokitzapena prozesu nekeza da, ikaslearen espediente osoa egiaztatu behar baita; beraz, behin egokitzapena egitea eskatuz gero, ikasleak ezin izango du atzera egin.
  • Aurreko planean kredituak baliokidetzen bidez aitortuta dauzkaten ikasleek kreditu horiek berriro aitortzea eskatu beharko dute egokitzapena egiten dutenean. Aitorpen hori ikasketa plan berrian ezartzen denaren arabera eta ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak ebazten duenaren arabera egingo da.
  • Egokitzapena egin behar duten ikasleok matrikularako hitzordurik izango ez dutenez, ikastegiko idazkaritzara joan beharko dira 28. artikuluan adierazitako datetan eta ikasketa plan berrira egokitzeko eskaria egin.

Egokitzapena eskatu behar duten ikasleak

43. artikulua.

Oro har, ikasketa planak ikasturtez ikasturte desagertuko dira. Behin maila guztiak desagertuta, hurrengo bi ikasturteetan ebaluazio probarako lau deialdi egingo dira. Ikasleak deialdi horiek proba gainditu gabe agortu baditu (deialdirik izan badu UPV/EHUn Jarraitzeko Arauei jarraiki), eta ikasketekin jarraitu nahi badu, beste ikasketa planetan sartu beharko da, ikasketak egokituta edo kredituak aitortzeko prozedurari jarraituta.

Graduko ikasketan kredituak transferitzea eta aitortzea

44. artikulua.

Graduko ikasketa planetako kredituak transferitu eta aitortzeko, kontuan hartuko da Graduko Ikasketetan Kredituak Transferitzeko eta Aitortzeko Arautegian xedatutakoa (Gobernu Kontseiluak onartua 2012/05/16an), edo, halakorik egonez gero, arautegi hori ordezkatuko duenean xedatutakoa.

 

Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegiaren laburpena, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2019ko martxoaren 7an onartua eta 2019ko martxoaren 29an EHAAn argitarua