Graduko Ikasketen Gestiorako 2021-22 Ikasturteko Arautegia

II. Kapitulua. Ikasketa desberdinak aldi berean egitea

17. artikulua

  1. Titulazio bat baino gehiago aldi berean egiteko eskariak onartuko dira baldin eta ikasleek gaindituta badaukate hasita daukaten titulazioko lehenengo maila osoa edo 60 kreditu eta baldin eta, matrikula epeak behin amaitutakoan, bigarren titulazioan plazarik geratzen bada. Plaza baino eskari gehiago badago, hasitako ikasketetako kalifikazioen arabera ordenatuko dira.
  2. Ikasketa desberdinak aldi berean egiteko, ikasleak hasita dauzkan unibertsitateko ikasketen ziurtagiri akademikoa eta unibertsitatera sartzeko probako txartela aurkeztu beharko ditu (UPV/EHUko ikasleek ez dute dokumentazio hori aurkeztu behar izango) eskariarekin batera. Eskariak 2021eko irailaren 1etik 7ra bitartean (biak barne) bidali behar dira campuseko errektoreordetzara edo Sarbide Bulegora.
  3. Lehenengo mailatik gorako mailetarako, eskaria aurkeztu behar da ikasketak egin nahi diren ikastegiko idazkaritzan, 2021eko ekainaren 21etik uztailaren 2ra bitartean. Eskariok ikastegiko dekano edo zuzendariak ebatziko ditu, errektoreak eskumenak eskuordetuta.
  4. UPV/EHUko graduko ikasle bakoitzak espediente akademiko bakarra izango du irekita unibertsitatean. Salbuespen izango dira artikulu honetan zehaztutakoaren arabera titulazio bat baino gehiago aldi berean egiten ari diren ikasleak.

 

Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegiaren laburpena, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2021eko martxoaren 18an onartua eta 2021eko apirilaren 21ean EHAAn argitaratua