Graduko Ikasketen Gestiorako 2019/20 Ikasturteko Arautegia

IV. Kapitulua. Irakaskuntza-ikaskuntzaren plangintza

Irakaskuntza-ikaskuntzaren plangintza 

38. artikulua.- PRESTAKUNTZA PROGRAMA ETA IRAKASKUNTZA GIDAK

  1. Akademi ikasturterako matrikula epea ireki aurretik, ikastegiak argitaratuko du bere web gunean titulazioen plangintzari buruzko informazioa eta, honen barruan, ikasleak ikasketa eta ikaskuntzan egin beharreko arduraldiaz arituko da ECTS kredituetan, aurreikusitako irakasleak eta irakasgai bakoitzerako eskaini beharreko ordu banaketa zehaztuz. Epe horretan bertan bere web orrian ikasleen esku jarri beharko ditu ikastegian ematen diren titulazioetako irakasgaien irakaskuntza gidak, kasuan kasuko sailek onartuak, baita ebaluazio proben eta irakaskuntzako bestelako jardueren egutegia ere. 
  2. Irakaskuntza gida bakarra egongo da irakasgai bakoitzerako eta bertan jasoko dira, gutxien dela, prestakuntzaren helburuak, programa, programatutako jarduerak eta ebaluazio sistema, baita ebaluazio irizpide eta adierazle espezifikoak ere, proba bakoitzaren haztapena barne, horrelakorik egonez gero. Prestakuntzaren helburuek, programatutako jarduerek eta ebaluaziorako irizpideek elkarrekiko koherentzia agertu beharko dute, eta ikasketa planean onartutakoarekin bat etorri beharko dute. Irakasgaiaren oinarrizko programa taldeetako irakasle arduradunen artean adostu behar dute. Ados jartzen ez badira, saileko kontseiluak, irakasgaia ematen duten irakasle guztiei entzun ondoren, denek eman beharreko gaiei buruzko erabaki arrazoitua hartuko du, bai eta onartuko diren salbuespenei buruzkoa ere. Titulazio zehatz bateko irakasgairen bat sail ezberdinek irakatsia balitz (ikastegi edo atal ezberdinetan), sail ezberdinen artean adostu beharko da oinarrizko programa.

    Zuzen-zuzenean ikastegi baten menpe dauden gai edo irakasgaien kasuan, egin beharreko irakaskuntza gida bertako ikastegiko batzarrak onartu beharko du.

    Ezin izango da irakasgaiaren ebaluazioa egin irakasleek behar beste landu ez dituzten gaien inguruan, nahiz eta gaiok irakasgaiaren programan agertu.

  3. Ikastegiak horri buruzko informazioa eskatuko die sailei behar beste denboraz.
  4. Ikastegiak ikasgelako jardueren ordutegia argitaratu beharko du (eskola magistralak, mintegiak, ikasgelako praktikak edo ikasgelan egin beharreko beste edozein jarduera) eskola astetan antolaturik. Behar-beharrezkoa izango da, nolanahi ere, eskola magistralen ordutegia zehaztea. Beste irakaskuntza mota batzuen programazio zehatza aurreikusi ezin balitz, gutxienez, horien inguruko aurreikuspenak finkatu beharko dira.
    Ikastegiak ahaleginduko dira, ordutegiak zehazterakoan, gutxienez, ikasle guztiei batera astean bi orduko tartea uzten, beste jarduera batzuk egin ahal izateko.
  5. Ikastegiko dekanotzak edo zuzendaritzak, baliabideen arabera ahal den neurrian, talde bidaiak eta ikasketa bidaiak sustatuko ditu. Bidaiok aldez aurretik programatuko dira, denbora nahikoaz, behar bezala antolatzeko eta beharrezko baimen akademikoak eta balizko laguntzak eskuratzekoo.
  6. Argitaratutako programazioaren barruan, programatutako jarduera bakoitzaren ardura izanen duen irakaslearen izena agertuko da.
  7. Matrikulaturiko ikasleek talde jakin batean sartzeko eskaria egin ahal izango dute, ikastegi bakoitzak horretarako zehaztutako epean. Eskarien kopurua taldeko plazen kopurua baino handiagoa bada, ikasleak irizpide objektiboen arabera banatuko dira taldeetan. Irizpideok argitara emango dira taldez aldatzeko eskariak egiteko epea hasi baino lehen. Edozelan ere, lehentasuna izango dute 5. eta 6. deialdietako ikasleek.

39. artikulua.- IRAKASKUNTZA ANTOLATZEKO PLANA

  1. Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak hurrengo ikasturterako irakaskuntza antolatzeko plana jakinaraziko die zerikusia duten sail guztiei eta sailek, berriz, ikastegi bakoitzari jakinaraziko diote bertan eskolak ematen dituzten irakasle guztien irakaslanaren behin betiko esleipena, tutoretza orduak barne. Azken informazio hau lauhileko bakoitza hasi baino lehen argitaratuko da ikastegiaren web orrian.
  2. Ikastegiaren eta sailaren arteko harremanak errazteko, sailak ordezkari lanak egingo dituen irakasle bat izendatuko du irakaskuntza eskaintzen duen ikastegi bakoitzean, ahal bada arduraldi osokoa. Sailak pertsona horren izena jakinaraziko dio ikastegiko zuzendaritzari. Ikastegi bakarrean irakasten duten sailen kasuan, ordezkaria saileko zuzendaria bera izango da. Ikastegi batean baino gehiagotan irakasten duten sailen kasuan, berriz, ordezkari hori sailaren barne arauei jarraiki izendatuko da, baina, ahal dela, ikastegiari atxikita dagoen eta bertan eskolak ematen dituen irakasle bat izango da.
  3. Ikasleek eskubidea dute ikasketa prozesuan banakako laguntza eta orientazioa jasotzeko, ikasturtean zehar egingo diren tutoretzen bidez.Ezarritako tutoretza erregimena ikasturte osoan mantendu beharko da, azken deialdia egin arte. Tutoretza orduak lauhileko bakoitza hasi baino lehen argitaratuko dira. Aldaketarik eginez gero, irakasleak GAUR aplikazioan grabatu beharko du aldaketa, eta ikastegiko zuzendaritzak edo dekanotzak baimena eman beharko du. Horrez gain, argitaratu egin beharko da aldaketa, gutxien dela, aldaketa indarrean jarri baino hiru eskola egun lehenago.
  4. Talde bakoitzeko irakasleak GAUR aplikazioko irakats eskaintzaren moduluan sartuko dira, NAN zenbaki eta guzti, kalifikazio orrietan eta aktetan datu horiek ager daitezen, nahiz eta horrek ez duen eragotziko Graduko Titulazio Ofizialetako Ikasleen Ebaluaziorako Arautegia aplikatzeko beharrezkoak izan daitezkeen egokitzapenak egitea.

40. artikulua.- Koordinatzaileen araubidea

  1. Graduko tituluetan, titulazioaren koordinazioa eta jarraipena bermatu ahal izateko, ikastegiko batzarrak titulazioko koordinatzailea izendatuko du, bai eta maila edo moduluko koordinatzaileak ere. Mailako edo moduluko koordinatzaileak mailako edo moduluko gaitasunen garapenaz arduratuko dira, baita irakasle taldeen koordinazioaz, ikasleen lanaren banaketa orekatuaz eta prestakuntza prozesuaren etengabeko hobekuntzarako proposamenaz ere, maila edo moduluan zehar jasotako datu eta ebidentzietan oinarri hartuta.
  2. Gradu batean ikastegi edo atal bereko irakasle batek baino gehiagok irakatsitako irakasgai guztietarako nahitaezkoa izango da beroriek irakasten duten irakasle guztiak elkarrekin koordinatzea. Horretarako, irakasgaiko koordinatzaile bat egon beharko da.
    Irakasgaiko koordinatzailea irakasgaiaren ardura duen saileko kontseiluak izendatuko du ikasturte bakoitzerako irakasgaia ematen duten irakasleen artetik. Adostasunik ez badago, saileko kontseiluak irakasgaia ematen duten irakasleen artean kategoria eta antzinatasun handiena duen irakaslea izendatuko du koordinatzaile bi ikasturte jarraian aritzeko. Hurrengo ikasturtean, gainerako irakasleen artean, kategoria eta antzinatasun handiena duena izendatuko litzateke.
    Irakasle batek baino gehiagok ematen duten irakasgai baten jarduerak koordinatzeko, honako eginkizun hauek bete beharko dira:

 

  1. Irakasgaiaren koordinatzaileak irakaskuntza gidaren proposamena gainbegiratu eta eguneratuko du, irakasgaia ematen duten gainerako irakasleekin ados jarrita, saileko kontseiluak onar dezan.
  2. Irakasgaia ematen duten irakasleek irakaskuntza gidaren arabera programatu beharko dute irakasgaia; irakasgaiaren koordinatzaileak gainbegiratu beharko du hori hala dela talde guztietan, hizkuntza eta irakasle kopurua edozein dela.
  3. Irakasgai bera ematen duten irakasleak gutxienez ikasturtean bitan bilduko dira beren irakaskuntza jarduerak koordinatzeko: behin irakasgaia ematen hasi baino lehenago eta behin irakasgaia ematean amaitu ondoren, emaitzen argitan. Irakasgaiaren koordinatzaileak egingo du deia bilera horietako, bai eta koordinazioa bermatzeko beharrezkoak iruditzen zaizkion gainerako guztietarako.
  4. Ikasturtea amaitzean irakasgaiaren koordinatzaileak txosten bat egingo du, programazioaren garapenari buruzko informazioarekin. Aipatuko ditu gorabehera nagusiak eta, halakorik dagoenean, hobekuntza proposamenak egingo ditu. Txostena saileko zuzendariari eta titulazioko koordinatzaileari aurkeztuko die.

41. artikulua.-  EBALUAZIO PROBEN EGUTEGIAK

  1. Ikasturte bakoitzean, matrikula epea ireki aurretik, ikastegietako batzarrek deialdi ofizialetako azterketen daten egutegia onartu eta argitaratuko dute.
  2. Ikastegiko zuzendaritzak edo dekanotzak deialdi ofizialetako ebaluazio probak zein ordutan eta zein ikasgelatan egingo diren jakinaraziko du, probak hasi baino, gutxienez, hilabete lehenago.
  3. Ebaluazio proben datak arrazoi justifikatuengatik aldatzeko proposamenak sailak egingo ditu, eta dekanoak/zuzendariak onartu ikastegiko Ikasleen Kontseiluari entzun ondoren. Aldaketak berehala argitaratuko dira ikastegiaren web orrian eta iragarki oholean, betiere aldatutako ebaluazio proba egin baino 15 egun lehenago, gutxien dela.
  4. Irakasgai desberdinetako ebaluazio proben datak batera suertatuz gero, irakasgairen bat errepikatzen ari diren ikasleei kalterik ez egiteko, ikasleak data aldatzeko eskatu beharko dio irakasleari ebaluazio proba eguna baino, gutxienez, 15 egun natural lehenago. Honako hauek hartuko dira kontuan:
                * Nahitaezko irakasgai biren ebaluazio proben datak batera suertatuz gero, goragoko mailakoa den irakasgaiko irakasleek jarriko dute beste data bat.
                * Nahitaezko irakasgai baten eta hautazko irakasgai baten ebaluazio proben datak batera suertatuz gero, hautazko irakasgaiaren eguna aldatu beharko da.
  5. Maila bereko irakasgaietan ebaluazio proba bi batera suertatzen direla ulertuko da proben hasiera ordua 24 orduren barruan dagoenean. Maila desberdinetako irakasgaien kasuan, proba bi batera suertatzen direla ulertuko da proba biak lau orduren barruan hasten direnean, edo bata bukatzen denetik bestea hasten denera arte bi ordu baino gutxiago igarotzen direnean.
  6. Ikasleak ezin badira aurkeztu programatutako ebaluazio probetara unibertsitateko kide anitzeko ordezkaritza organoen bileretan egon behar dutelako, edo unibertsitateko arautegian zein arautegi orokorrean jasotako beste arrazoi bategatik, eskubidea izango dute kasuan kasuko proba beste egun eta ordu batean egiteko.
    Unibertsitatea arduratuko da bilerarik ez jartzeaz azterketa garaian ez aurreko egunetan.
  7. Ikasleek, eskatuz gero, ebaluazio probara joan izanaren ziurtagiria jasoko dute.
  8.  Saileko zuzendariak, deialdi bakoitzaren hasieran, irakasle guztiei gogoraraziko die bete egin behar direla arautegian kalifikazio prozedurarako, kalifikazioen berrikuspenerako eta kalifikazioen erreklamazioetarako zehaztutako epeak.

 

Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegiaren laburpena, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2019ko martxoaren 7an onartua eta 2019ko martxiaren 29an EHAAn argitaratua