Graduko ikasketen gestiorako 2019/20 ikasturteko arautegia

I. Kapitulua. Unibertsitatera sartzea

Ikasleak onartzeko prozedura

1. artikulua.

Aintzat hartuta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa, Hezkuntzari buruzkoa (abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak aldatua), ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretua, graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan ikasleak onartzeko prozeduren oinarrizko arautegia ezartzen duena, uztailaren 29ko 310/2016 Errege Dekretua, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko azken ebaluazioko proben ezaugarriak arautzen dituena, abenduaren 9ko 5/2016 Errege Lege Dekretua, 8/2013 Lege Organikoa ezartzeko zehaztutako egutegia zabaltzeko premiazko neurriei buruzkoa, eta urtarrilaren 14ko PCI/12/2019 agindua, unibertsitatearen gobernu kontseiluak onartu du 2019ko martxoaren 7ko bileran UPV/EHUn 2019-2020 ikasturtean graduko unibertsitate ikasketa ofizialetara sartu eta berorietan onartua izateko prozedura.

Plazen erreserba

2. artikulua

Ondoko kupoak ezarriko dira gordetako plazak dituzten taldeetarako:

  1. Ondoko kupoak ezarriko dira gordetako plazak dituzten taldeetarako.
  2. % 33ko ezintasun-maila edo handiagoa duten ikasleentzat: plazen %5
  3. Goi mailako edo errendimendu handiko kirolarientzat: plazen % 3 (% 5 gehiago Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduaren eta Fisioterapiako Graduaren kasuan).
  4. 25 urtetatik gorakoen sarbidea hartzen dutenentzat: plazen % 2.
  5. 45 urtetatik gorakoen sarbidea hartzen dutenentzat: plazen % 1.
  6. Lan-arloko esperientzia egiaztatuz sartzeko bidea hartzen dutenentzat: plazen % 1.

3. artikulua

1.- UPV/EHUn sartzeko eskaria egin nahi duten ikasleek bide hauetakoren bat erabili beharko dute:

  1. Batxilergoa, unibertsitatera sartzeko proba edo Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) UPV/EHUn. Modalitate honen barruan, UPV/EHUn egin ahal izango dute USEa, EAEn 2019/01/01ean erroldatutako ikasleek
  2. Unibertsitatera sartzeko proba edo USE UPV/EHUtik kanpo egin duten batxilergoko ikasleak.
  3. Lanbide hezkuntzako goi mailako teknikari titulua, arte plastiko edo diseinuko goi mailako teknikari titulua, edo goi mailako kirol teknikari titulua edo baliokidea duten ikasleak.
  4. Europako batxilergoko titulua edo nazioarteko batxilergoko titulua duten ikasleak.
  5. Europar Batasuneko estatuetako hezkuntza sistemetatik datozen ikasleak edo arlo honetan aplikagarriak diren nazioarteko elkarrekikotasun hitzarmenak dituzten beste estatu batzuetako hezkuntza sistemetatik datozenak, baldin eta betetzen badituzte kasuan kasuko estatuko unibertsitateetara sartzeko eskatzen zaizkien baldintza akademikoak.
  6. 25 urtetatik gorakoentzako sarrera proba. Proba UPV/EHUn egin dutenek izango dute lehentasuna, eta horien ondoren joango dira proba beste unibertsitate publiko batean egin dutenak. Probak publikoak ez diren unibertsitateetan gainditu dituzten ikasleen eskariak banan-banan aztertuko dira.
  7. 45 urtetatik gorakoentzako proba UPV/EHUn egin duten ikasleak.
  8. Lan esperientzia egiaztatzea.
  9. Unibertsitate titulazioa.
  10. Europar Batasuneko estatuetako hezkuntza sistemetatik datozen ikasleak, baldin eta ez badituzte betetzen beren hezkuntza sistemaren arabera unibertsitatetara sartzeko eskatzen zaizkien baldintza akademikoak, eta Europar Batasunekoak ez diren ikasleak izanik Espainiako sistemara homologatuta Batxilergoko titulua badute. Modalitate honen barruan, USEa egin ahal izango da UPV/EHUn.

2.- Honako hauek dira sarrera eskaria egiteko aurkeztu beharreko agiriak:

  1. UPV/EHUren web atariaren bidez eginiko aurretiko izen-ematearen gordekina.
  2. NAN.aren edo pasaportearen fotokopia.
  3. Honako agirion fotokopia konpultsatua: unibertsitatera sartzeko probako txartela; Lanbide Heziketako ikasketen ziurtagiria, deialdia eta azken nota zehaztuta; unibertsitatean egindako ikasketen ziurtagiria (titulazioa UPV/EHUn 1990aren ostean egin duten ikasleak izan ezik), UHUNek emandako egiaztagiria, edo unibertsitatean sartzeko aukera egiaztatzen duen beste edozein agiri.
  4. Desgaitasunak dituzten ikasleentzat eta goi mailako edo goi errendimenduko kirolarientzat gordetako plazak eskatu nahi dituzten ikasleek egoera hori egiaztatzen duen agiria aurkeztu behar dute, kasuan kasuko administrazioak emana.

Eskariak aurkezteko epeak, lekuak eta aukera kopurua

4. artikulua

UPV/EHUn sartzeko eskariak UPV/EHUren webgunearen bidez egingo dira eta epe bakarra egongo da, 2019ko ekainaren 17tik uztailaren 2ra arte, biak barne, sarbide mota guztietarako eta graduko ikasketak egiteko deialdi guztietarako.

Hirugarren artikuluko bigarren puntuan zehazten diren agiriak posta ziurtatuaren bidez igorri beharko dira Sarbide Bulegora (1.397 posta kutxa, 48080 Bilbo), izena emateko epearen barruan. Eskariak behin-behinekoak izango dira 3.2. artikuluan zehaztutako agiriak UPV/EHUn jaso arte. 

Sarrera probaren ezohiko deialdikoa edo Lanbide Hezkuntzakoa izateagatik ikasleak ez baditu betetzen baldintza akademikoak izena emateko epearen barruan, eskuratzen dituenean bidaliko ditu aipatutako agiriak unibertsitatera, eta hurrengo onartuen zerrendan sartuko da horrek ematen dizkion eskubideekin.

Unibertsitateko tituludunak ezin izango dira sartu graduko ikasketetan, baldin eta graduko ikasketa horiek ikasleak bukatuta dituen ikasketen ordezko badira eta graduko ikasketen parekoa edo maila handiagokoa bada titulua.

Unibertsitatera sartzeko probak 1892/2008 Errege Dekretuko 13. artikuluan jasotako baldintzetan gainditu ez dituzten j) ataleko ikasleek epe barruan aurkeztu beharko dute onarpen eskaria, baina ez dute onarpen prozesuan parte hartuko harik eta, proba gainditu eta epe barruan diren ikasleek onarpen prozesua amaituko duten arte.

5. artikulua

Eskariak ebazteko beharrezkoak iruditzen zaizkion agiri osagarriak eska ditzake unibertsitateak.

6. artikulua

Ikasleek matrikularako zortzi titulazio eskatu ahal izango dituzte gehienez izena emateko eskari bakoitzeko. Behin onarpen prozedura hasita, ez da onartuko, inolaz ere, plaza eskarian aldaketarik egitea edo beste titulaziorik gehitzea, eta interesatuak eskarian ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio.

Unibertsitateko ikasketak hasita dituzten ikasleak

7. artikulua

Unibertsitateko ikasketak hasita dituzten ikasleek prozedura honi jarraiki egin beharko dute eskaria:

a)  Unibertsitateko ikasketa ofizialak hasita izanik ikasketa horietan jarraitu edo unibertsitateko beste ikasketa ofizial batzuk hasi nahi dituzten ikasleak (lekualdaketak)

1. Ikasle horiek berriz eman ahalko dute izena prozedura orokorrerako ezarritako epe eta datetan, eta ikasle berritzat hartuko dira; hau da, sarrera proban lortutako kalifikazioa edo baliokidea hartuko da kontuan. Horretarako, onarpen eskaria aurkeztu beharko dute (izena eman beharko dute) 4. artikuluan zehaztutako epeei jarraituz.

2.  Era berean, unibertsitateko ikasketak hasita baina amaitu gabe dituzten ikasleek UPV/EHUn sartu nahi badute, baldin eta Estatuko beste unibertsitate batetik edo unibertsitateko ikasketa ofizialetatik edo UPV/EHUko beste ikasketa batzuetatik badatoz, ikastegiko idazkaritzan zuzenean eskatu ahal izango dute leku-aldaketa, 2019ko ekainaren 24tik uztailaren 5era bitartean. Eskari horiek ikastegiko dekanoak/zuzendariak ebatziko ditu, errektoreak horretarako eskumenak eskuordetuta, irizpide hauei jarraiki:

2.1.- Lehenengo maila osoa edo 60 kreditu gaindituta izatea, baldin eta ikasketa horietarako plaza kopuru mugatua badago edo plaza guztiak ohiko prozeduraren bidez esleitu badira.
2.2.- UPV/EHUn Jarraitzeko Arauak betetzea.
2.3.- Ikastegiko zuzendaritzak lekualdaketa kopuru jakin bat onartu ahal izango du bateragarri izango dena titulazio horretako lehenengo mailan sartzeko ezarrita dagoen ikasle kopuruarekin eta irakats ahalmenarekin. Horretarako, ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak zehaztutako irizpide objektiboak erabiliko dira, eta irizpideok ikastegiaren web orrian egon beharko dira argitaratuta izena emateko epea hasi baino lehen.


3.- Ikasleak plaza lortuz gero, espediente akademikoa lekuz aldatu beharko da. Tramite hori jatorrizko ikastegiak edo unibertsitateak egin beharko du, interesatuak UPV/EHUn onartua izan dela egiaztatu ondoren.

Lekualdaketa UPV/EHUren ikastegi batetik beste batera egin bada ikasketa berberekin jarraitzeko, erabilitako deialdiak espediente berrian jasota agertuko dira, baina, edozelan ere, horrelakoetan, ikasleak bermatuta izango ditu bi deialdi.

b) Unibertsitateko ikasketak atzerrian hasita dituzten ikasleak

Ikasle horiek, betiere baliokidetu edo aitor daitezkeen lehenengo mailako 30 kreditu aitortuta badituzte, onarpen eskaria egin beharko dute matrikula egin nahi duten ikastegiko idazkaritzan 2019ko ekainaren 24tik uztailaren 5era bitartean, eskariarekin batera ikaslearen ziurtagiri akademikoa aurkeztuta; eskari horiek dekanoak edo zuzendariak ebatziko ditu, errektoreak eskumenak eskuordetuta. Ikastegiko zuzendaritzak, 412/2014 Errege Dekretuko 30. artikuluari jarraituz, lekualdaketa kopuru jakin bat onartu ahal izango du bateragarri izango dena titulazio horretako lehenengo mailan sartzeko ezarrita dagoen ikasle kopuruarekin, irakats ahalmenarekin eta titulazioa ezartzeko egutegiarekin. Horretarako, ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak zehaztutako irizpide objektiboak erabiliko dira, eta irizpideok ikastegiaren web orrian egon beharko dira argitaratuta izena emateko epea hasi baino lehen. Besteak beste, unibertsitateko espedientea hartu beharko da kontuan.

Ikasleek espedientea lekuz aldatzeko eskaria egingo dute, baina izena emateko prozesuan ere parte hartzeko aukera izango dute 3. artikuluan zehaztutako aukeretako bati jarraiki.

c)  Utzitako ikasketak berriro hartu nahi dituzten ikasleak

Ikasketak beste unibertsitate batera edo UPV/EHUko beste ikastegi batera joateko utzi eta berriro hartu nahi dituzten ikasleek ikastegiko idazkaritzan zuzenean aurkeztu beharko dute eskaria 2019ko ekainaren 24tik uztailaren 5era bitartean, eta dekano edo zuzendariak hartuko du eskariari buruzko erabakia.

d) Goi mailako eta errendimendu handiko kirolariak 

Kirol arrazoien ondorioz bizilekuz aldatu beharra izan duten goi mailako eta errendimendu handiko kirolariek bizileku berrian euren ikasketekin jarraitu nahi izanez gero, espedientea lekuz aldatzeko eskariak 2019ko ekainaren 24tik uztailaren 5era bitartean aurkeztu beharko dituzte matrikula egin nahi duten ikastegiko idazkaritzan. Eskari horiek lehentasuna izango dute kasuan kasuko ikasketetan lekualdaketetarako dauden plazak esleitzean, bat etorrita uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuak, goi mailako eta errendimendu handiko kirolariei buruzkoak, 9.10 artikuluan zehaztutakoarekin. Ezarritako epetik kanpo, esleitu gabeko plaza hutsak geratu direnean baino ez da era honetako lekualdaketarik onartuko

Aurreko a) eta b) ataletan jasotako baldintzen arabera ebatzitako eskarien kasuan, ikastegiak onartutako eskarien berri eman beharko dio Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzari.

Bide horietako batetik onartutako ikasleak (a, b, c edo d) matrikula egin beharko du ikasketak egingo dituen ikastegiko idazkaritzan, onarpen erabakian adierazitako epean. Ezer adierazi ezean, 28. artikuluan zehaztutako epeetan egin beharko du.

Behin betiko izena ematea, plazak esleitzea eta matrikula egitea

8. artikulua

Unibertsitatera sartzeko ebaluazioa (USE) euskal barrutian egin duten Batxilergoko ikasleek eskaria egina badute 2019-20 ikasturtean (behin behineko izenematea) UPV/EHUn sartzeko, eskari hori berretsi egin beharko dute eta, horretara behin betiko bihurtu, honako toki eta egunetan:

  1. Unibertsitatera sartzeko ebaluazioa (USE) euskal barrutian egin duten Batxilergoko ikasleek eskaria egina badute 2019-20 ikasturtean (behin behineko izenematea) UPV/EHUn sartzeko, eskari hori berretsi egin beharko dute eta, horretara behin betiko bihurtu, honako toki eta egunetan.
  2. USE ezohiko deialdian (2019ko uztailean) gainditu duten ikasleek 2019ko uztailaren 15etik 19ra, biak barne, zuzenean, unibertsitaterako sarbideko web orrian (http://www.ehu.eus/eu/web/sarrera-acceso/home), Sarbide Bulegoan edo campusetako errektoreordetzetann.

Ezinbestekoa da eskaria berrestea eta behin-behineko izenematea behin betiko bihurtzeko. Eskabidea baieztatu ezean, baliorik gabe geratuko da eta baztertu egingo da UPV/EHUra sartzeko prozeduratik.

9. artikulua

Plazen esleipena 412/2014 EDn zehaztutako lehentasunei jarraituz egingo da, ikasleak adierazitako hurrenkera errespetatuz eta irizpide hauek kontutan hartuta:

  1. Gordetako plazak dituzten taldeen kupoetako zenbait plaza, printzipioz, sarrera orokorreko ikasleei esleituko zaizkie (beraz, talde horrek plaza gehiago izango ditu), salbu eta, aurreko ikasturteetako datuen arabera, plaza horiek betetzen diren titulazioetan. Talde horien eskaririk balego, kasuan kasuko ehunekora arte onartuko dira.
  2. Baimendutako plaza muga igoko da aurreko ikasturteko urriaren 31 baino lehen baliogabetutako matrikulen kopuru berean. Igoera hori eragindako ikastegiekin erabakiko da, eta plazak sarrera orokorreko ikasleek beteko dituzte, lehentasun hurrenkera zehatz-mehatz gordez.

10. artikulua

1.- Graduko ikasketetara sartzeko eskariak ikaslearen batez besteko notaren hiru hamartar kontutan hartuta ordenatuko dira, dagokion balorazio irizpidea oinarri hartuta. 

2.- Unibertsitateko espedienteko batez besteko nota, ikasleak unibertsitateko tituluren bat duelako ziurtagiria aurkeztuta, 1125/2003 E.D.an ezarritakoarekin bat etorrita kalkulatuko da. Aurkeztutako ziurtagiri akademikoaren bidez ezinezkoa bada batez besteko nota zehaztea, honetara kalkulatuko da:

Sarbideko kalifikazioak homologatzearren, kalifikazio kuantitatiborik ez dagoenean, ondoko taulako irizpideen arabera zehaztuko da kalifikazio kualitatiboaren zenbatekoa:  baliozkotuta: 5,5 (kalifikaziorik gabeko irakasgaietan), nahikoa: 5,5, oso ongi: 7,5, bikain: 9, ohorezko matrikula: 10.

Kreditutan egituratuta ez dauden ikasketa planetan honela kalkulatuko da batez besteko nota: Gainditutako irakasgaien batuketa, horietako bakoitza aurreko taularen arabera dagokion kalifikazioaren zenbakiagatik biderkatuta.  Batura zati kasuan kasuko titulazioko irakasgaien kopuru osoa egingo da. Lauhileko edo seihileko irakasgaien kasuan, kalifikazioaren balioaren erdia hartuko da batuketarako eta irakasgaiaren erdia zatitzailean. Karrera amaierako proiektua urte osoko irakasgaitzat hartuko da.

Espedientea kreditutan egituratuta badago, honela kalkulatuko da batez besteko nota:  gainditutako kreditu kopuruaren batuketa egingo da, horietako bakoitza aurreko taulako kalifikazioaren balioagatik biderkatuta; batura hori zati gainditutako kreditu kopurua egingo da.

Batez besteko nota kalkulatzean ez dira kontuan hartuko kalifikaziorik ez daukaten kreditu aitortuak.

11. artikulua

Matrikula egiteko onarpena unibertsitatearen webgunean (www.ehu.eus) argitaratuko da honako data hauetan:

1. onarpena: uztailak 13
2. onarpena: uztailak 20
3. onarpena: uztailak 24
4. onarpena: uztailak 27 (uztaileko azken onarpen honetan sartuko dira USEren ezohiko deialdiko ikasleak eta heziketa zikoetakoak).
5. onarpena:irailak 5
6. onarpena: irailak 12

Unibertsitateak, onarpen prozesuaren garapena ikusirik, onartuen zerrenda gehiago atera ahal izango ditu; horrela eginez gero, aldez aurretik jakinaraziko du denbora nahikoaz.

12. artikulua

Ikasleari UPV/EHUn matrikula egiteko onartuta dagoela jakinarazteko bide ofiziala UPV/EHUren webgunea izango da.

13. artikulua

  1. Ikaslea zein ikasketatan onartu duten, titulazio hori ematen den ikastegian egingo da matrikula, 26. artikuluan adierazitako egunetan eta 29. artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztuta.
  2. Ikaslea ez bada bertaratzen matrikula egiteko zehaztu zaion egun eta orduan, ikasleak matrikula egiteko eskubideari uko egin diola ulertuko da eta, hortaz, galdu egingo du ikasketak egiteko plaza. Gero, beranduago, ikasleak UPV/EHUn matrikula egiteko nahia adieraziko balu, eskariak berriro ordenatu ondoren plaza hutsak dauzkan titulazioren batean sartzeko aukera izanez gero baino ezingo luke egin matrikula.

Talde batetik baino gehiagotik sartzeko eskariak

14. artikulua

  1. Indarrean dauden arauei jarraituz, sarrera bide batetik baino gehiagotatik egiteko baldintzak betetzen dituzten ikasleek eskaria egitean gauzatu beharko dute aukera hori.
  2. Unibertsitatera sartzeko eskaria bide batetik baino gehiagotatik egin arren, eskaria bakarra izango da.

Onarpenari buruzko errekurtsoak ebazteko irizpideak

15. artikulua

Amaitutako onarpen prozesuen aurka jartzen diren errekurtsoak Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak ebatziko ditu, honako irizpide hauen araberaa:

  1. Ikasleek errekurtsoan eskatutako ikasketetan plazak geratzen direnean, onartu egingo zaie eskaria, izena emateko eskarian titulazio hori ipinita eduki zein ez.
  2. Errekurtsoa jartzen duen ikasleak onartutako azkenak baino nota hobea izanda ere, eskaria ez zaio onartuko baldin eta titulazio horretako plaza guztiak beteta badaude.
  3. Aparteko tratamendua emango zaie arrazoi bereziengatik egindako eskariei, agiri bidez egiaztatzen badira (gaixotasun luzeak, ezintasun fisikoak etab.). Eskariok ebazteko UPV/EHUren Graduko Batzordeari eskatuko zaio iritzia.

Proba bereziak Itzulpengintza eta Interpretazioko Graduan eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduan sartzeko

16. artikulua

  1. 412/2014 Errege Dekretuko 10. artikuluan zehaztutakoaren babesean, proba bereziak ezartzen dira ikasketa hauetan sartzeko: Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradua eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua.
  2. Proba horiek gainditzeak ez dakar graduan onartua izatea; izan ere, proba gaindituta izateaz gain, kontuan izango baitira eskaria egiteko eta ikasleak hautatu eta onartzeko xedez kapitulu honetan jasotako gainerako irizpideak.
  3. Proba gainditu arren ikasleak ez badu matrikularik egiten, hurrengo urtean matrikula egin nahi izanez gero, berriro egin beharko du proba. Era berean, proba hori beste unibertsitate batean gaindituta izan arren, titulazioa Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi nahi dutenek berriro egin beharko dute UPV/EHUn.
  4. Letren Fakultateko eta Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekanoek antolatuko dituzte probak eta epaimahaiak izendatu, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzarekin koordinazioan.
  5. Proba hauetarako izena emateko epeak hauek izango dira: 2019ko apirilaren 3tik 10era, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradurako eta 2019ko maiatzaren 13tik 20ra Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradurako.

 

Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegiaren laburpena, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2019ko martxoaren 7an onartua