Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegia 2019/20 Ikasturteko Arautegia

VII. Kapitulua. Sari bereziak

Sari bereziak
47. artikulua.- Graduko ikasketa ofizialetako sari bereziak

1. UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak (Graduko Batzordeak, eskumenak eskuordetuta), gehienez sari berezi bi eman ahal izango ditu ikasturte bakoitzean eta unibertsitateko ikastegietan ematen den titulazio bakoitzeko, espediente akademikorik onena daukaten ikasleentzat.

2. Karrera amaierako sari berezia jasotzeko hautagai izan daitezke sariak ematen diren ikasturtearen aurrekoan titulu ofiziala lortzeko ikasketak amaitu dituzten graduko ikasleak.

3. Sari berezirako proposamena ofizioz egingo du ikastegi bakoitzeko dekanoak edo zuzendariak, ikasturte bakoitzerako legez ezarritako azken deialdia amaitu eta gero.

4.Ikastegi bakoitzeko Batzarrak zehaztuko du sari berezia proposatzeko egoki deritzon prozedura. Prozedura espezifikorik ezean, ikastegi bakoitzak batzorde bat izendatuko du. Gutxienez unibertsitateko hiru irakaslek osatuko dute, ikastegi horretan ematen diren titulazioei lotutako sailetakoak. Batzordeak espediente akademikoa egiaztatu eta baloratuko du, hurrengo artikuluan zehazten den moduan.

5. Irizpide hauek erabiliko dira espediente onena zein den erabakitzeko:

  1. Titulazioko irakasgaietako kalifikazioak baino ez dira kontuan hartuko. Beraz, ez dira aintzat hartuko ikasleak egindako bestelako ikasketa edo lanak. Ikastegiko batzarrak egokitzat jotzen dituen irizpideak ezarri ahal izango ditu puntu hau garatzeko.
  2. Ikastegiak erabaki ahal izango du noiz ematen duen bukatutzat aurreko ikasturtea, baina bakarrik artikulu honetako 2. atalean esaten denari dagokionez.
  3. Espediente akademikoa baloratzeko, aplikatuko dira ekainaren 10eko 1267/94 Errege Dekretuko (ekainaren 11ko BOE) I. eranskineko irizpide eta baliokidetzak, irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretua (irailaren 18ko BOE) edo une horretan indarrean dauden arauak.
  4. Sari berezirako proposamena hutsik geratuko da titulazio batean baldin eta Ikastegiko Batzarrak ezarritako irizpideei jarraiki, horretarako merezimendurik daukan ikaslerik ez badago. Horrelakoetan, eman gabe geratzen diren sariak ezin izango dira eman ikastegiko beste titulazio batzuetan.

6. Saridunari ziurtagiria emango zaio, eta bere espediente akademikoan eta Tituluaren Gehigarri Europarrean (TGE) geratuko da jasota. 

 

bikaintasunez graduatua
48 artikulua. Ikasleei «bikaintasunez graduatua» aitorpena egitea

IIkasleei «bikaintasunez graduatua» aitorpena egiteko baldintzak unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onartu zituen 2017ko uztailaren 13an eta EHAAn argitaratu ziren 2017ko azaroaren 20an.

Azaroaren 2an aplikatuko dira aitorpen hori egiteko baldintzak, ikasturtea urriaren 31n itxiko baita erabat. Une horretatik aurrera GAUR aplikazio informatikoan kontsultatu ahal izango da informazioa. Data horretatik aurrera ez da aldaketarik egingo. Ikasleei aitorpen hori egin ahal izateko, ikasleek ezin dute espedientean «suspentso» edo «aurkezteke» kalifikaziorik eduki, ez eta «uko eginda» edo «aitortua» kalifikaziorik ere, eta gradua amaituta eduki behar dute haren iraupenari dagokion ikasturte kopuruan (lau, bost edo sei urte, graduaren arabera).  Gradua oso-osorik egin eta gaindituta behar da ikastegi eta atal berean.

Aitorpena egin zaien ikasleen zerrenda bat jarriko da ikastegien eskura, ikastegiak interesdunekin harremanetan jar daitezen eta aukera eskain diezaieten, dagoeneko ikaslearen ziurtagiri akademikoa eta/edo TGE eskuratu badute, horren ordez beste bat eskuratzeko –aitorpen hori txertatuta daukana–.

 

Graduko Ikasketen Gestiorako Arautegiaren laburpena, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2019ko martxoaren 7an onartua eta 2019ko martxoaren 29an EHAAn argitaratua