Gradu amaierako lana egin eta defendatzeari buruzko arautegia

#COVID19 Erabakia
ZIOEN AZALPENA

Urriaren 29ko 1393/2007 errege dekretuak, 861/2010 errege dekretuak eraldatuta, III. kapituluan, graduko ikasketa ofizialei buruzkoan, xedatzen du ikasketa horietan, gradu amaierako lan bat egin eta defendatu beharko dela eta beste atal baten gehitzen du gradu amaierako lanak 6 eta 30 kreditu bitartean izango dituela, ikasketa planaren bukaerako fasean egin beharko dela eta tituluari lotutako gaitasunen ebaluazioa egitera bideratuta egon beharko dela. Ez du lana egin eta ebaluatzeko beste xedapenik jasotzen eta hortaz, unibertsitate bakoitzak arautu behar zuen zein bere autonomiaz baliatuta.

Testuinguru honetan, gradu amaierako lanak (aurrerantzean GRAL) modu homogeneoan planifikatu eta ebaluatuko direla bermatuko duten irizpide eta prozedurak bateratzeko xedeaz eta titulazio bakoitzak berezitasunak berezitasun, ikastegian ikastegiko batzarrek behar bezala jaso eta arautu eta argitaratu beharrekoak, izaera orokorreko zenbait arau ezarri zen Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitaterako Gradu Amaierako Lana egin eta defendatzeko arautegian jasota, Gobernu Kontseiluak 2011ko martxoaren 10ean onartu eta, Akademi Antolakuntzako errektoreordearen 2011ko martxoaren 21eko erabakia bitarte, 2011ko apirilaren 19ko EHAAn argitaratutakoan. Ondoren, aldarazi egin zen UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2012ko maiatzaren 16an hartutako erabakiaren bidez (2012ko ekainaren 19ko EHAA) eta egun indarrean jarraitzen du.
Hala ere, arautegiak izan duen aplikazioaren esperientziaren argitara, zenbait aldaketa egin beharra ikusi da eta helburu honekin onetsi da honako arautegi hau.

1. artikulua.- Helburuaz eta aplikazio eremuaz.

  1. Arautegi honek UPV/EHUk ematen dituen graduko ikasketa planetan zehaztutako gradu amaierako lanak definitu, egin, defendatu, kalifikatu eta tramitatzeko irizpideak jasotzen ditu.
  2. Araututako jarduera profesionaletan aritzeko gaitasuna ematen duten tituluetako gradu amaierako lanak kasuan kasuko tituluak egiaztatzeko baldintzak zehazten dituen aginduan xedatutakoaren arabera arautuko dira; arautegi hau ere aplikatuko da, baina, betiere, aipatutako aginduaren menpe egongo da.
  3. Arautegi honen edukia, besteak beste, ebaluazio sistemaren, kredituen transferentzia eta onarpenaren eta ikasleen mugikortasunaren arloetan indarrean dauden UPV/EHUko gainerako arau eta prozedurekin osatuko da.
  4.  Fakultate edo eskoletako batzarrek arautegi hau garatu ahalko dute ikastegi bakoitzean ematen diren graduko titulu bakoitzaren ezaugarrietara moldatzeko. Edonola ere, ikastegi bakoitzak zehazten dituen arauak ikastegiko batzarrean onartu eta ikastegian bertan argitaratu beharko dira.


2. artikulua.- Gradu Amaierako Lanaren izaeraz.

  1. Gradu Amaierako Lana gauzatzeko, ikasle bakoitzak, banaka, proiektu, memoria edo azterlan orijinal bat egin behar du, zuzendari baten edo gehiagoren gidaritzapean, eta bertan graduko ikasketa aldian jasotako prestakuntza gaiak eta lortu dituzten ahalmen, gaitasun eta trebetasunak bildu eta garatuko dira.
  2. GRALa titulazioarekin lotutako gaitasun orokorrak aplikatzeari eta, oro har, ikaslearen ikasketa arlokoak izango diren datu garrantzitsuak bilatu, kudeatu, antolatu eta interpretatzeari begira egingo da, ikasleak gizarteari, zientziari, teknologiari edo etikari loturiko gai nabarmenei buruzko gogoeta egin eta iritzia eman dezan eta gogoeta eta iritzi horiek kritikoak, logikoak eta sortzaileak izan daitezen.
  3. Oro har, Gradu Amaierako Lana defendatu eta ebaluatu ahal izateko, egiaztatu egin beharko da ikasleak ikasketa planeko gainerako gai guztiak gaindituta dituela da eta, hortaz, Gradu Amaierako Lanari dagozkion kredituak izan ezik, graduko titulua lortzeko beharrezkoak diren gainerako kreditu guztiak dituela.
    Hala ere, ikastegiak aukera dauka bere arautegian jasotzeko Gradu Amaierako Lana graduko azken mailan defendatu eta ebaluatzeko aukera, ikasleak ikasketa planean geratzen zaizkion irakasgai guztietarako matrikula eginda badauka. Horrelakoetan, Gradu Amaierako Lana defendatzeko zehaztutako baldintzak berberak izan behar dira ikastegian ematen diren ikasketa plan guztietarako. Titulazioa ikastegi batean baino gehiagotan ematen bada, baldintzak berberak izan behar dira guztietan.
  4. Gradu Amaierako Lana jabetza intelektualari buruzko legeak babestutako lana da. Ondorioz, jabetza intelektualeko eskubideen titularra lana egin duena izango da, Gradu Amaierako Lana esleitzeko dokumentuan bestelakorik zehaztu ez bada, ikaslearen beraren onarpenarekin eta indarreko legerian xedatutako baldintzen arabera.

3. artikulua.- Izena emateaz eta deialdiez.

  1. GRALerako matrikula unibertsitateak matrikula egiteko ezarriko duen epe orokorrean egingo da, edota kasuan kasuko ikasturtean zehar, esleituta dituen kredituetarako ezarritako prezio publikoak ordainduta. Matrikula hori egiteko, ikasleak bete egin beharko ditu Gradu Amaierako Lanaren defentsa egin ahal izateko 2.3 atalean ezarritako baldintza orokorrak, edo bere ikastegian zehaztutakoak.
    Edozelan ere, Gradu Amaierako Lanaren matrikula egin ahal izateko, ikasleak matrikulatuta izan beharko ditu ikasketa plana bukatzeko geratzen zaizkion irakasgai guztiak, betiere, ikasketa planean bestelako baldintzarik ezarri ezean.
  2. Matrikulak eskubidea emango dio ikasleari ikasturte bakoitzean bi deialdi ofizialetara aurkezteko, Gobernu Kontseiluak onartutako egutegian zehaztutakoarekin bat. Lana unean uneko ikasturtean ezarritako deialdietan defendatu ez duen edo gainditu ez duen ikasleak matrikula egin beharko du berriro hurrengo ikasturtean.
  3.  Ikasleek Gradu Amaierako Lana zein hizkuntzatan egin eta defendatu nahi duten zehaztuko dute.
  4. Ikastegiek, irakaskuntza antolatu eta programak egiteko irizpideak kontuan hartuta, gradu amaierako lanen defentsak ikasturte akademikoan zehar banatuta egin daitezela ezarri ahalko dute edo, bestela, multzokatuta egin ditzakete, azken kasu horretan ikasturte akademiko bakoitzean gutxienez bi aldi zehaztuta, eta kontuan hartuta Gradu Amaierako Lana graduko azken mailako bigarren lauhileko irakasgaia dela. Ikasleak karrera amaierako aparteko deialdia eskatu ahal izango du Graduko Ikasketen Gestiorako Araudian zehaztutako baldintzetan.
  5. Gradu Amaierako Lanaren ebaluazioaren akta unibertsitateko ebaluazio arautegiari jarraiki itxi beharko da eta epaimahaiko idazkariaren ardura izango da akta behar bezala bete eta ikastegiak zehaztutako prozedurari jarraiki administrazio zerbitzuei helaraztea. Horrez gain, ikastegiko zuzendariari dagokio artikulu honetan ezarritakoa betetzen dela zaintzea.

4. artikulua.- Zuzendariaz, hura esleitzeaz eta lanerako gaia aukeratzeaz.

  1. Graduan irakaskuntza duten sailen bateko kide diren irakasleek edo gradua irakasten duen ikastegiari atxikitakoek zuzenduko dute Gradu Amaierako Lana. Irakaslearen ardura izango da ikasleari lanaren ezaugarriak azaltzea, ikasleari lana egiteko orientazioa ematea eta zehaztutako helburuak betetzen direla zaintzea, bai eta lanaren jarraipena egitea eta ikasleari lana defendatu aurretik emango zaion txostena idaztea ere.
  2. Gradu Amaierako Lanak zuzendari bat baino gehiago izan ahalko ditu.
  3. Unibertsitateari lotutako doktoreek ere zuzendu ahalko dituzte gradu amaierako lanak, baldin eta graduan irakaskuntza duten sailen bateko kide den edo gradua irakasten duen ikastegiari atxikita dagoen zuzendarikiderik badago.
  4. Ikasleak Gradu Amaierako Lan osoa edo horren zati bat UPV/EHU ez den erakunde batean egiten badu, praktika hitzarmen baten barruan, Gradu Amaierako Lana unibertsitateaz kanpoko pertsonek zuzendu ahalko dute, baina kasu horretan 4.1 ataleko baldintzak betetzen dituen zuzendarikide-tutore bat egon beharko da.
  5. 4.5. Ikastegiko Batzarrak, edo, hala dagokionean, hark eskuordetutako batzordeak, prozedura bat zehaztu eta argitaratuko du matrikula aldi orokorra bukatu orduko, zuzendariak eta Gradu Amaierako Lana egiterakoan landu daitezkeen gaiak ikasleei esleitzeko eta Gradu Amaierako Lana egin eta defendatzeko erabil daitezkeen hizkuntzak zehazteko.

    Graduan irakaskuntza daukaten sail guztiek eskaini eta zuzendu behar dituzte gradu amaierako lanak, ikastegiak Gradu Amaierako Lanen Arautegian zehaztutakoari jarraituz.

5. artikulua.- Balioespen epaimahaiaz.

  1. Epaimahaiak Ikastegiko Batzarrak, edo, hala dagokionean, eskuordetutako batzordeak ezarritako moduan eratuko dira, matrikulatutako ikasle kopurua eta egin diren gradu amaierako lanen gaiak kontuan hartuta. Edonola ere, bermatu egin beharko da epaimahaiak egongo direla bi hizkuntza ofizialetarako.
  2. Epaimahai bakoitza hiru kidek eta gutxienez, ordezko batek osatuko dute, eta guztiak izan beharko dira graduko titulua irakasten den ikastegiko irakasleak.
  3. Epaimahai bakoitzean epaimahaiburu bat eta idazkari bat egongo dira. Ikastegiak bestelako zehaztapenik eman ezean, epaimahaiburuak eta idazkariak horrela jardungo dute beti eta horiek izendatzeko irakasle kategoria eta antzinatasuna hartuko dira kontuan.


6. artikulua.- Gradu Amaierako Lanaren aurkezpenaz eta defentsaz.

  1. Ikasleek matrikula eginda daukaten ikastegiko idazkaritzan aurkeztu beharko dute Gradu Amaierako Lana paperean edo/eta euskarri informatikoan, lanaren izaerak bestelako biderik eskatzen ez badu behintzat, eta ikastegiak zehaztutako ale kopurua entregatu beharko dute, ikastegiak ezarritako epearen barruan. Idazkariak kopia elektroniko bat helarazi beharko dio epaimahaikide bakoitzari.
  2. 6.2. Ikasleak aurrez aurre defendatu beharko du Gradu Amaierako Lana.
    Ikaslea mugikortasun programa batean badago eta programa horretan dagoela egiten badu Gradu Amaierako Lana, defentsa beste unibertsitatean egin ahal izango du, betiere, bi unibertsitateek aldez aurretik horretako baldintzak zehaztuta badituzte.
  3. Titulua egiaztatzeko memorian ezarritakoaren arabera graduan eskolak emateko erabili diren hizkuntzetako edozeinetan egin, aurkeztu eta defendatu ahalko da lana, baldin eta hizkuntza horiek dakizkiten epaimahaiak osatu ahal badira. Edonola era, Gradu Amaierako Lana autonomia erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan egin eta defendatzeko eskubidea bermatuko da.
  4. Ikasle bakoitzak Gradu Amaierako Lanaren defentsa egiteko gehienezko denbora tarte bat edukiko du eta denbora tarte horretan bere lanaren helburuak, metodologia, edukia eta ondorioak azaldu beharko ditu; ondoren, epaimahaiko kideek egin diezazkioketen galdera, argibide, komentario edo iradokizunei erantzunez.


7. artikulua.- Ebaluazio eta kalifikazioaz.

  1. Ikaslearen aurkezpena bukatutakoan eta zuzendariaren txostena ikusitakoan, epaimahaiak ikasleari eman beharreko kalifikazioa eztabaidatuko du ikasketen gidaliburuan Gradu Amaierako Lanari buruz argitaratutako irizpideen arabera eta titulua egiaztatzeko memorian ezarritakoari jarraiki.
  2. Ikasleak lana gainditzen ez badu, epaimahaiak lana hobetzeko iradokizunak jasotzen dituen txosten bat helaraziko dio ikasleari, lana berriz ebaluatzen denerako. Zuzendariari ere txostenaren kopia bat bidaliko zaio.
  3. Kalifikazioa epaimahaiak zehaztuko du, eta 0tik 10era bitarteko zenbakizko eskalan emango da, hamartar bakarrarekin, eta kalifikazio hori letraz ere adieraziko da:

    Aurkezteke(AG)
    0 - 4,9: Suspentso (S)
    5,0 - 6,9: Nahiko (N)
    7,0 - 8,9: Oso ongi (OO).
    9,0 - 10: Bikain (B)
    Deialdiren batean defentsa eskubideari uko eginda, aurkezteke jarriko da.
    "Ikasturteko GRAL guztiak kalifikatu ondoren, ikastegiak "ohorezko matrikula" eman ahal izango die 9,0 kalifikazioa edo handiagoa lortu duten ikasleei, baina, betiere, gehienez ere Gradu Amaierako Lanaren defentsan kalifikaziorik onena lortu duten ikasleen %5ari.

  4. Gradu Amaierako Lanen azken kalifikazioen berrikuspenak edo erreklamazioak unibertsitateko ebaluazio arautegiari jarraiki egingo dira baina epaimahaia tartean dagoenez, ebaluazioaren lehenengo berrikuspena epaimahaiak berak egingo du eta, ondoren, ikastegiko erreklamazio batzordeak emango du erabakia; erabaki horren kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio unibertsitateko errektoreari.
  5. Nolanahi ere, Gradu Amaierako Lanen kalifikazioak urriaren 31 baino lehen ageri behar da matrikulatutako ikaslearen espedientean, gai honi dagokion atalean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Unibertsitateko Akademia antolakuntzako batzordeari ahalmena ematen zaio arautegi hau garatzeko, bai eta arautegia aplikatzerakoan sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko ere.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean Gradu Amaierako Lana egin eta defendatzeari buruzko aurreko araudia, Gobernu Kontseiluak 2012ko maiatzaren 16an onartutakoa, eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Akademia Antolakuntzako errektoreordeak 2012ko maiatzaren 21ean emandako erabakiaren bidez 2012ko ekainaren 19an EHAAn argitaratua.

AZKEN XEDAPENA. ARAUTEGIA INDARREAN JARTZEA

Arautegi hau UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak behin onartuta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean, eta 861/2010 EDk aldatutako 1393/2007 EDk araututako tituluei aplikatuko zaie.

Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2015eko martxoaren 12an onartutako arautegia, 2015eko apirilaren 13an argitaratua EHAAn

ERABAKIA, 2020ko MARTXOAREN 13koa, UPV/EHUko GRADUKO BATZORDEARENA, COVID-19 KORONABIRUSAREN EPIDEMIA GELDIARAZTEKO INDARTZE NEURRIEN ERAGINPEAN DAUDEN GRADU AMAIERAKO LANEN DEFENTSARI BURUZKOA.

2020ko martxoaren 9an, Eusko Jaurlaritzak zenbait indartze neurri hartu zituen Covid-19 koronabirusaren epidemia geldiarazteko, eta horietako neurri bat da martxoaren 10etik 23ra bitartean UPV/EHUren Arabako Campuseko ikastegietan ikasgelako jarduerak etetea. 

Aparteko egoera honetan, unibertsitateak irakaskuntza beste modalitate batean antolatzera bideratuko ditu bere ahaleginak, ikasleei prestakuntza ematen jarraitzeko. Neurri horien eraginpean daude, besteak beste, gradu amaierako lanen defentsak, eta orain artean hartutako neurriak Arabako Campuseko ikastegietarako baino ez diren arren, kontuan izan behar dugu litekeena dela gainontzeko ikastegietan ere ezarri behar izatea neurriok.

UPV/EHUn gradu amaierako lanak egin eta defendatzeari buruzko arautegiak (Gobernu Kontseiluak 2015eko martxoaren 12an onartuak) hau dio 6. artikuluan: Ikasleak aurrez aurre defendatu beharko du Gradu Amaierako Lana.

Egoera eta epidemia saihesteko neurriak kontuan hartuta, beharrezkoa da premiazko irtenbideren bat zehaztea irakaskuntzaren arloko prozeduretarako, ahal den heinean aurrera egiteko eskola jarduerekin.

Bestalde, kontuan izan behar dugu UPV/EHUn gradu amaierako lanak egin eta defendatzeari buruzko arautegiak xedapen gehigarrian dioena: Unibertsitateko Akademia antolakuntzako batzordeari ahalmena ematen zaio arautegi hau garatzeko, bai eta arautegia aplikatzerakoan sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko ere.

Horrela, bada, kontuan izanda UPV/EHU aparteko egoeran dagoela eta COVID-19 koronabirusaren epidemiaren inguruan ezarritako neurri bereziek, eta oinarri hartuta UPV/EHUn gradu amaierako lanak egin eta defendatzeari buruzko arautegiak xedapen gehigarriaren bidez emandako ahalmenak, Graduko Batzordeak 

 ERABAKI DU:

 Aukera ematea neurri bereziak ezarrita dauden bitartean gradu amaierako lanak bideokonferentzia bidez edo online-ko beste bitarteko batzuen bidez defendatzeko, betiere, bitarteko horrek aukera ematen badu ikaslea eta gradu amaierako lanerako epaimahaia harremanetan egotea. Neurri hau apartekoa da eta COVID-19 koronabirusaren epidemiaren inguruko neurriek dirauten bitartean ezarriko da.

 Leioa, 2020ko martxoaren 13koa

 GRADUKO BATZORDEKO BURUA

  Araceli Garín Martín